Fito Rodriguez
Fito Rodriguez
Idazlea

Aberatsek diru emateko nola, zaharrek aholku

Euskal iruditerian azaldu ohi zaigun zahartzaroaren ideia ez da inola ere negatiboa, alderantziz («Zaharrari ohore ekarri»). Hala ere, zahartzaroa bizitzaren etapa bat besterik ez izan arren, gure garaiko kulturak baztertu izan du zeharo.

Geure mundu hurbilean zahartzaroak jasaten duen desohorearen adibide diren gertakari ugarien artean, bi aipatzea gustatuko litzaidake, alde batetik, Eusko Jaurlaritzak pentsiodunen Herri Ekimen Legegileari egindako itsuskeria (ez entzutearena, alegia) eta, bestetik, hirugarren adinekoen egoitzetako langileen greba, zeinean, gure zaharrek bizi beharreko baldintza txarrak ere bistaratzen diren. 

Bi egoera horiek argi eta garbi islatzen dute gobernu erakundeek adinekoekiko duten mespretxu nabarmena, gure esaera zaharren kontrakoa, beraz («Adiskide eta ardoe zenbat eta zaharrago hobe»). 

Simone de Beauvoirrek (La vieillesse-1970) argitaratutako saiakera luze, sakon eta aldarrikatzailean, ordea,  gure bizitzaren etapa horren kritika oso interesgarri batera hurbiltzen gaitu eta, hona ekartzea merezi duelakoan nago. 

Laburbilduz, Beauvoirrek dio zahartzaroa ez dela norberaren bizitzan gaitzespen gisa bizi behar den ezer, baizik eta erronka etiko eta politiko modura pasa beharrekoa, gizarte batek zaharrak tratatzeko duen erak agerian uzten duelako haren benetako gizatasun maila.

Aipatu dudan bezala, Beauvoirrek agerian uzten du adinekoak babestuko dituen politikarik baita egiturarik eza ere, eta, halaber, azpimarratzen du zahartzaroa ez dela drama indibidual bat, porrot kolektiboa baizik, gobernu erakundeek talde hori gizarte-bizitzan integratu nahi ez duten neurrian behintzat. 

Testuan zehar, ikerketa soziologikoa, analisi filosofikoa (marxista eta existentzialista) eta, besteak beste, bere amaren zahartze-prozesuaren lekukotasunak konbinatzen ditu, zaharren baztertzeko erabaki historiko eta ekonomikoen ondorioa dela frogatzeko, eta ez, berezko edota halabeharrezko patua.

Egia esanda, lan aitzindaria eta argia izan zen adinekoen zapalkuntza salatzean, batzuetan tonu goibelean erortzen dena zahartze-esperientzia positibo gutxi ematen dituelako. Izan ere, liburua kaleratu zen garaiaren eta borroka-asmoaren isla ere gisa ikus daiteke. Dena den, oraindik indarrean dagoen mezua da, eta adinekoen esperientziaren, duintasunaren eta parte-hartze sozialaren balioa birpentsatzera gonbidatzen digu.

Berarentzat, zahartzaroa bazterkeriari lotutako eraikuntza soziala da, "Bigarren sexua" liburuan emakumeen zapalkuntza aztertu zuen moduaren antzekoa. Beauvoirrek dio gizarte modernoek, bereziki kapitalistek, pertsona zaharrak baztertzen dituztela, ez-emankorrak, alferrikakoak eta «bizien mundutik» kanpokoak direla uste dutelako.

Saiakeraren ekarpen nagusiak adinekoen deshumanizazioari egiten dion kritika. Bere aburuz zaharrak"besteak" bezala ikusten dira, objektu bihurturik, askotan gorputz hondatu besterik ez direnak, historia, desira eta pentsamenduaren subjektu oso bezala aitortu beharrean. 

Beauvoirrek erakusten du, gazteria ospatzen den bitartean, zahartzaroa ezkutatu eta ukatu egiten dela, lotsa eta beldurra sortuz, ez bere errealitate biologikoagatik, baizik eta gizarteak tratatzen duen moduagatik, hemengo gobernu erakundeek tratatzen duen bezala, hain zuzen ere.

«Zaharra da liburu, haren esana dagigun...senectus primum consulenda».

Bilatu