Fito Rodriguez
Fito Rodriguez
Idazlea

Adierazten dena eta esaten ez dena

Politikan garrantzitsuena izaten da esaten ez dena entzutea. Peter Druckerren esaera ezaguna da hauxe, ikasi ahal izateko desikastearen premia aldarrikatu zuen pentsalariak zabaldutakoa.

Eskuin politikoak eta pentsamendu neofaxistak gora egin duten mundu mailako egoera politiko honetan, jakin behar dugu, nahiz eta garai bateko oligarkiak nazismoa gizarte-krisi egoeran boterera igo zuen, ezkerreko nolabaiteko ikuspegi iraultzaile batek ere lagundu zuela horretan erregimen berri baten etorrera babestuz, garai hartan aurre egin behar zieten egiturazko erronkei erantzuteko gai ez zen politika zaharkituaren aurrean erabateko aldaketa ona izango zelakoan.

Donald Trumpek AEBetako Kongresuan eta Senatuan gehiengoa badauka, Melonik aise gobernatzen badu Italian, eta Mileik Argentinan hauteskundeak erraz irabazi bazituen, boto-emaileen zati handi batek beraiek esandakoa txalotu egiten duelako izan da. Halere, garrantzitsuena ez da esaten dutena, esateko horrekin ezkutatu ohi dutena baizik.

"The Guardian" egunkarian argitaratu berri duen artikulu batean, Bernie Sandersek honela dio: «Astelehenean izan nintzen Trumpen kargu-hartzean, eta ez dago esan beharrik ez nagoela ados hark esandakoarekin». «Hala eta guztiz ere, benetan hunkitu ninduena ez zen izan esan zuena (harrigarria ez dena, aldez aurretik ezaguna baita bere erretolika), esan ez zuena baizik. Egia esanda, Donald Trumpek hitzaldi garrantzitsua eman zuen, bere bigarren presidentetzako lehena, baina ez zituen aintzat hartu herrialde honetako familia langileek aurrez aurre dituzten ia gai garrantzitsu guztiak».

Eta hor dago gakoa, eskuinaren diskurtsoa nazismotik gaur arte benetako problematika politikoa ezkutatzeko mekanismoa izan delako.

Ildo beretik, Sandersek artikulu berean gehitzen du: «Datozen hilabete eta urteetan, gure lana ez da izango Trumpek egiten duen adierazpen zentzugabe bakoitzari erantzutea. Hori da Trumpen munduak guk egin dezagun nahi duena. Eztabaidaren parametroak definitu eta beren munduaren barruan biziarazi nahi gaituzte. Tranpa horretan ez genuke erori behar». «Gure lana gure herrialdeko familia langileek dituzten arazo garrantzitsuenetan zentratzea da, krisi horiei irtenbideak ematea eta Trumpek erantzun diezagula exijitzea». Horixe da ezkerreko politika batek egin behar duena, bai Estatu Batuetan, baita Euskal Herrian ere.

Gure ondoan eskuinekoak beren botoetan berriro batuta agertzen direnean, horren ondorioz erretiratuei pentsioen beharrezko igoerak igotzen ez zaizkienean eta garraio publikorako laguntzak arriskuan jartzen direnean, energia-industrien onura lotsagarriei zergak barkatzen zaizkien bitartean, ez dugu haien eztabaida faltsuen parametroen tranpan erori behar, eta «gure herrialdeko familia langileek dituzten arazo garrantzitsuenei begiratu behar diegu».

Bilatu