Joan den mendeko laurogeita hamarrekoetan, Luxenburgon, Europako Justizia Auzitegi Nagusiko egoitzetan eta Europako hizkuntza gutxituen inguruan egindako jardunaldi batzuen esparruan ezagutu nuen berriki zendutako Felix Marti laguna. Hantxe aurkeztu nituen nik, orduan, Gipuzkoako Aia herrian derrigorrezko irakaskuntza publikoan euskalduntzearen ondorioei buruz egindako ikerketa baten emaitzak.
Kontua da, garai hartan, ikastetxeko guraso batzuk kezkatuta zeudela, etxean euskaraz bakarrik hitz egitean eta seme-alabek D ereduko eskola-hezkuntza jasotzean, uste zutelako beren seme-alabek ez zutela behar adina gaztelania ikasten oinarrizko heziketan, eta, hura amaitzean, ustez, herritik kanpo bizi ahal izateko hizkuntza menderatzailean mintzaera-trebetasun nahikoa ez zutela izango.
Sasoi haietan zonaldeko Pedagogi Orientaziorako Zentroa (egungo Berritzeguneak) deitzen zenak eskatuta eta ikastetxeko guraso eta irakasleen laguntzarekin, argi geratu zen arazo gisa bizi zena euskararen normalizazio-prozesuaren emaitza positiboa baino ez zela.
Horretarako, modu berritzailean aztertu genituen eskolatutako subjektuen elebiduntasun-prozesuak bizi ziren elebitasunaren testuinguruan ("Hizkuntza, Hezkuntza eta Elebiduntasuna", 1993, UEU).
Euskarak bere normalizazio-eremuak (barnekoi zein eta soziala) berreskuratzen zituen heinean, hori arazotzat hartzea gure hizkuntza gatazka ulertzeko baliagarria da, hizkuntza-menderakuntzaren aldagaietatik kanpo ez baitago azalarazterik, hain zuzen ere.
Aipatu europear foro hartan Felix berehala ohartu zen horretaz. Beraren bidez, Austriako Graz hirian (Balkanetako atea deritzana) hizkuntzei eta bakeari buruz egindako mintegi batean parte hartu nuen orduan, hau da, kultura funtsezkoa den gatazka-eremuetan bake egonkorra lortzeko arazo soziolinguistikoak modu eraginkorrean lantzearen garrantziari buruzko jardunaldiak izan zirenak.
Fèlix Martí (1938-2025) filosofo, irakasle eta bakezale katalanaren funtsezkoa izan da, indarkeriarik gabe, giza eskubideen eta kulturen arteko elkarrizketa defendatzen, eta demokraziarekiko eta askatasunarekiko konpromisoak markatu du bere ibilbidea.
Diktadura frankistaren garaian kartzelatua, irten ondoren, Centre Unesco de Catalunyako (1984-2002) zuzendaria izan zen, eta Linguapax bezalako proiektuak bultzatu zituen. Era berean, Unescoko Hizkuntza Aniztasunari eta Hezkuntza Eleanitzari buruzko Aholku Batzordeko (1999-2003) lehendakari ere izan zen, hartan ezagutu nuen.
Buesa Legearen garaian (1993), agian komeniko da gogoratzea ez zela lege bat izan, bi baizik (bata ikastetxeen integrazioari buruzkoa eta bestea irakasleen funtzionarizazioari buruzkoa), eta, halaber, gogora dezagun jatorrian aipatu ekimen legegilea ez zela sozialistena bakarrik izan, Eusko Jaurlaritzarena baizik, eta, beraz, EAJren erantzukizuna ere hor ere egon zela, orduan, Felix Martiri lankidetza eskatu nion prozesu osoan aldarrikatu beharreko hizkuntza-bermeen garrantzia baliarazteko, eta, inolako zalantzarik gabe, LAB sindikatuak antolatutako jardunaldietan parte hartzera etorri zen Bilbora.
Euskal Autonomia Erkidegorako hezkuntzari buruzko lege berriarekin berriro errepikatu da EAJren arduragabekeria, hizkuntza-eredu zaharkituei eutsiz eta eskoletan lan egokia eragotziz gure hizkuntzaren normalizazioa behar bezala garatzeko ahalbidetuko lukeen plangintza aukeren aurrean.
Felixek argi izan zuen, bai Katalunian, bai Euskal Herrian eta baita munduan ere, Unescoko Hizkuntza Aniztasunari eta Hezkuntza Eleanitzari buruzko Aholku Batzordeko zuzendaritzan egindako lan nekaezinaren bidez, erakunde publikoek bermatutako hizkuntza gutxituaren gutxieneko ezagutzarik gabe bazterketako eta pribilegioko egoera sozialak trabarik gabe errepikatzen direla konponbide zaileko gatazka sozialak sortuz.
Agian hori da alderdi politiko instituzionalizatuek nahita elikatzen duten gizarte mota, eta ez, ordea beste balizko aukerarik. Izan ere, arrazoi beragatik, aipatu alderdiak ez dira orain arte gai izan arazo horri konponbide koherente bat emateko, horrek, berez, beren interes alderdikoien kontra egingo baitu.
Duela egun batzuk, Lluis Llachen txio baten bidez, Felix Martiren heriotzaren berri izan nuen.
Haren lagunok ez dugu bakean atseden hartuko bere irakaspenek merezi duten fruitua eman arte.
Gugan bego.
