Fito Rodriguez
Fito Rodriguez
Idazlea

Alfonso Sastreren azken egunak

Honi buruz datorkigu, bada, Alfonsoren proposamena da, hauxe: egungo mundua, zalantza izpirik gabe, ikuskizuna dugunez, Kanten garaian izan zitekeena baino ehun aldiz biderkaturik, ikuskizun horrek ikusleak behar ditu eta horretaz hausnartu beharra dago.

Alfonso Sastrek 1985ean idatzitako testu dramatikoak (Emmanuel Kanten azken egunak Artezblai argitaletxeak kaleratu zuen euskara ekarrita 2008an) baina Madrilgo Maria Guerrero Antzokian taularatu zen estreinakoz bere garaian eta, ondoren, Latinoameriketarako bide luzea hartu zuen. Euskal Herrian, eta euskaraz, birritan izan da antzezturik gure mendearen hastapenetan, Kant filosofoaren heriotzak eragindako efemeridea karira (2004an): Iruñeko Larraonan (Udako Euskal Unibertsitatearen Ikastaroetan) eta Donostiako Koldo Mitxelena Kulturenean. Bi emanaldiak Olatz Beobidek zuzenduta.

Alfonso Sastreren testuak, pentsalari alemanaren azken egunen bidez, mundua ulertzeko ohiko ikuspuntu modernoaren malda behera erakusten digu tragikomikoa den metafora zoragarri baten bidez.

Alfonso adiskidea, nire ustez, aski kantiarra zenez, bera joan zaigunean, pentsamolde honi buruz zertzelada batzuk azaltzea zilegi bekit. Hona hemen, izan ere, Kanten ekarpena oinarritzat harturik, Europako eraikuntzaz nahiz europar zibilizazioaren krisialdiaz hausnartzeko aukera badugu, eduki.

Zeren eta egungo Europako modernitateak oinarri kantiarrak ditu. Kanten filosofoak duen eragina, bada, filosofo garaikide gehienek aitortzen dute. Pentsamendu modernoaren nahiz posmodernoen erreferentzia diren Habermas, Vattimo edo Lyotard-en ideien jatorria Kantek duela berrehun urte proposatutakoan dute iturburua. Areago, egun hainbeste hitz egiten den «moderniaren hausturak», jatorriz, Kantek ilustrazioari buruz idatzitakoan oinarriturik dago.

Alfonsok izkiriaturik aipatu antzezlanean proposatzen dena, berriz, hauxe da: egungo gizartean Kanten irudiak duen gaurkotasuna aztertzea. Baina, zein da, ordea, Kanten pentsamenduaren gaurkotasuna eta, bide batez, Alfonso Sastreren proposamena?

Galdera honi erantzuterakoan beste galdera bat pausatu behara dago: ba al du egun Kanten filosofiak aspaldian izan zuen garrantzia bera?

Eskolan oraindik ere filosofia irakasten da, gutxiegi izan arren, eta Kant, filosofo nagusien zerrenda labur horretan agertu ohi zaigu. Ikasleek Kantek Ilustraziori buruz idatzitako testua irakurtzen dute. Baina kontua ez da Kantek Ilustrazioari buruz esan zituenak interes historikoa ote duen, Kanten filosofiak izugarrizko eragina izan duela ez baitago zalantzan, baizik eta kontua dela ea Kanten filosofia egun ere esanguratsua ote den, alegia, ea errealitatea ulertzen eta erabakiak hartzen laguntzen digun.

Horretan, etikaren oinarri irmo ezarri ondoren, politikaren arloan Filosofia horrek ere badu zer esanik: ordezkaritza sistema batean eta botere banaketan oin hartzen duen errepublikaren alde egiten zuelako berdintasuna eta askatasuna batzea horrela lortuko delakoan. Haren aburuz, hori dena zuzenbide pribatua, publikoa eta nazioartekoa kontuan hartzen dituen egitura batean gauzatu ahal izango da, gizarte hitzarmena izanik haren kontzeptu nagusia.

Halaber, gaurkotasun handia du nazioarteko egoerari buruz egindako gogoetan garatutako ideiak: kosmopolitismoa.

Esan daiteke horren bidez Kantek bakearen baldintzak bilatu nahi izan zituela, eta horregatik armada egonkorrak eta gastu militarra kritikatu zituela, baita kolonialismoa ere.

Azken honek balio lezake egungo modernitatearen krisialdia aztertzeko. Modernitatea aurrerakuntzarekin identifikatu ohi baita, hau da, hazkuntza ekonomikoa, arrazoiaren erabilera (politikan edo erlijioan)... edo beste modu batez adierazia: garraio berrien bidezko komunikabideen birmoldaketa, makinen erabilera produkzio prozesuan, merkatu eta moneta nazioaren baitan kudeatzea, derrigorrezko armada antolaketa etab...hortaz, gizaki berria sortzea eta horretarako hezkuntza birformulatzea izan zen modernitatea gauzatzen joateko ezinbesteko osagarriak eta egun, esan beharrik ez, krisialdian dauden gizarte jardunak.

Kanten utilitarismoa dugu haren nortasunaren adierazlerik nabarmenetariko bat. Eta, bere aburuz, jakiteak balio duenez, hark asmaturiko gizaki berria sortzeko irakaskuntzaren erabilera nahitaezkoa suertatu zitzaion. Izan ere, Kant lehenbizikoa izan zen moderniak gizaki berria funtsezko zuela esaten eta azpimarratzen.

Dena den. Egun, aurrerakuntzaren eredua bera bada kolokan dagoena eta, Alfonso Sastreren bidez, Kantek hori ulertzen lagundu dezake.

Mundua behar bezala ez dabilenez, nahiz eta munduan diren etika desberdinek dioten ongia dela abiapuntua gure portaera finkatzeko, errealitatea da gaizkia dugula munduan zehar barreiatuen dagoena, eta denok pairatzen dugun gaizkiari mugak jarri behar zaizkiola. Baina nola galgatu gaizkia?... eta honen guztiaren aurrean, zein jarrera hartu behar du intelektuak?

Honi buruz datorkigu, bada, Alfonsoren proposamena da, hauxe: egungo mundua, zalantza izpirik gabe, ikuskizuna dugunez, Kanten garaian izan zitekeena baino ehun aldiz biderkaturik, ikuskizun horrek ikusleak behar ditu eta horretaz hausnartu beharra dago.

Ikuslea izateari utzi gabe, Alfonsok eta Kantek proposamena eskaini zuten. Hau da, gizateriari dagokion onura ikusi zuten iraultzan, eta izaera morala, garaian garaiko protagonistentzat izateaz gain, gizateria osoaren progresiorako aurrerapausoa ere bazela uzten zuten.

Beraz, unean uneko arrakasta edo porrotaren gainetik, moral berriaren ekarpenak aurrera egin behar zuela aurreikusi zuten.

Kanten arima ilustratu baten azpian burgesia jaioberrian sortutako dikotomiak topatzen ditugu, Alfonsok kritikatu dituenak: pribatua eta publikoa, subjektua eta objektua, teoria eta praktika, metafisika eta zientzia, barruko lege morala eta kanpoko zeru naturala. Eta era beran, estatu guztiek oinarrizko eskubideak bermatuko dituen konstituzio errepublikanoa edukitzearen premia aldarrikatu zuten.

Alde honetatik, politika ororen helburuak askatasunaren, berdintasunaren eta herritargo-eskubidearen defentsa izan behar ditu, eta ez ongizate materialarena soilik. Kantek, hortaz, despotismo ilustratuaren aurka agertzeaz gain, ordezkapen sisteman eta botereen arteko bereizketan oinarritzen den erregimen errepublikazalea defendatu izan zuen. Haren iritziz, bi konstituzio eraman daitezke aurrera: despotikoa, borondate politikoa Gobernuaren borondateaz nahasten duena (dena herriarentzat, baina herririk gabe), eta konstituzio errepublikazalea, errotiko berdintasunaren aldeko jatorrizko kontratuarekin bat datorrena.

Azken hau da Kantentzat gobernu legitimoa eta Alfonsok defendatu duen Errepublikaren izpiritua, bertan botereen arteko banaketa ematen delako, eta herritarren askatasuneko eta herritarren arteko berdintasuneko printzipioetan oinarritzen delako.

Alfonsok plazaratu zuen proposamen honek suposatzen du Kanten irakurketa berria. Filosofia kantiarra betikotzeak, pentsalari alemaniarrak azalduriko planteamenduaren aurka, ez du ezer ematen. Frankfurteko Eskolako kideek eta postmodernitateko pentsalariek argi eta garbi erakutsi dituzte Historian zehar arrazoiak sorturiko munstroak. Ilustrazioaren egitasmoak, jaio zen une berean, porrot egin zuen baina egun horretaz aritzeak gure egungo abagunea birpentsatzeko balio du. Horregatik Alfonso Sastreren antzezlan honetan berreskuratu nahi izan genuen Emmanuel Kanten irudia bere azken egunetan, bera izandakoa eta berak esandakoa amildegiaren ertzean zegoenean. Gure gizartea ere amiltzear dagoenean eta orain Alfonso Sastreren azken egunak izan direnean.

Bilatu