Fito Rodriguez
Fito Rodriguez
Idazlea

Amerikaren beste Historia bat

Howard Zinnek bere idazkiak utzi zizkigun, eta bere jarrera pertsonala ere, zalantza izpirik gabe. Ez zuen omenaldirik onartzen eta ez zuen barkamenik eskatu beharrik.

Idazten ari naizen honetan Aita Santua Kanadatik ari da Erromara itzultzen. Kanadara egindako bidaian, hango herri indigenak ezagutu, ikusi, entzun, ikasi eta nola bizi diren jakin nahi izan duela dio. «Elizaren bihotzean daramagun mina adierazteko etorri naiz, katoliko askok politika zapaltzaile eta bidegabeak babestuz indigenei eragindako kalteagatik». Aita Santua hango barnetegietako ikasle batzuekin, jatorrizko nazioen integraziorako sortutako erakunde hartan ibilitakoekin, elkartu da eta esan du: «Eskerrik asko azaldu behar dizuet han gertatutakoa esateko ausardia izan zenutenei zuen sufrimendu handiak partekatuz. Horrek haserretu egin nau, noizbait, nola edo hala, kultura diskriminazioa lagundu izan dugula jakiteagatik».

Horren berri, ordea, aspaldi eman zuen Howard Zinn historialariak bere "A People's History of the United States" ospetsuan baina, erretiroa hartzea egokitu zitzaiolarik, ez zuen geratu nahi izan unibertsitatean prestatu zioten omenaldian eta, horren partez,  kultura diskriminazioaren aurkako manifestazio batera joan zen.

Ez da, noski, anekdota hutsa... areago orain, Aita Santuak ere erretiroa hartuko duela zabaldu denean. Howard Zinn, aldiz, idazle eredugarri eta historialariaren mezua horixe izan zen, bai orduko jarrera hartan baita haren bizitzaren gainerako erabakietan bezala ere, gizarte injustua borrokatzeko ez dagoela erretirorik.

Beraz, Chomsky edota Foucault ikertzaileak ezkorrak izan diren neurri berean izan dugu Howard Zinn intelektual borrokalari baikorra. Horrek ez du esan nahi, ordea, halako jarrera naifa izan duenik.

Aitzitik, inperialismoaren indarraz aski jabeturik, bazekien, jakin ere, hauteskundeetan oinarritutako Mendebaldeko demokraziaren bidez hutsaren hurrena eskura daitekeela soilik.

Hil aurreko bere azken artikuluan, adibidez, Obamaren erretolika eta haren gobernuak eragindako ustezko aldaketak salatzeko izan zen. Baina Zinnek, halaber, AEBetan dagoen herri erresistentzia ezezagunaren berri eman izan zigun beti. Haren hitzetan, bada, inperioaren indarra hark erabilitako amarruen parekoa da.

Inperialismoak dagoen egoera zilegiztatzeko balizko demokrazia erabili arren ezin ditu bere hutsuneak agerian utzi, ezta bere aurka agertu ohi diren salaketak zabaltzea onartu ere. Horregatik kontrolatu behar ditu kontakizuna, literatura eta historia, hedabideak eta heziketa, injustiziari aurre egitea posiblea izateaz gain, uste baino jarrera zabalagoa dela ezkutarazteko, hain zuzen. Egun badakigu pasatako injustizia batzuk behintzat Aita Santuak berak ere salatzen badakiela.

Kontatu dut jada pasadizoa, Howard Zinni erretiroa hartzea egokitu zitzaiolarik ezin izan zela geratu Unibertsitatean prestatu zioten omenaldian manifestazio batera joan behar izan zuelako, ez da anekdota soila... baina ez da haren jarrera pertsonala edota intelektuala bakarrik gogoratu beharko genukeena, haren biografia eta idazkerak ere merezi baitituzte arretarik.

Giro txiroetan hazia, liburutegi publikoetatik hartutako liburuen irakurketez hezi zen. Sacco eta Vanzettiri buruzko istorioak politikaren alde iluna erakutsi zion eta, testu ideologikoei ekiteaz bat, antzerkirako nahiz saiakera literariorako grina landu zuen. «Hezkuntza iraultzailea egiterik badagoela sinesten dut», esan zidan behin, «nire heziketa lekuko, etorkinaren sentimenduetatik hasi nintzen irakurtzen nahiz pentsatzen, eta horrek aldatu ninduen... baita nire mundua ere, beraz, historian, teorian edo informazio arloan lan egiteak mundua alda dezakeela uste dut».

Honakoak eta antzerakoak argitaratu nituen "Ezpala" izeneko aldizkarian, 1999an. Aldizkaria aspaldi itxi behar izan zen, 18/98 sumarioa zela-eta. Howard Zinnekin bildu ginen tokia poliziak miatu, eta bertan zegoenetik nahi zuen guztia eraman zuen.

Howard Zinnek bere idazkiak utzi zizkigun, eta bere jarrera pertsonala ere, zalantza izpirik gabe. Ez zuen omenaldirik onartzen eta ez zuen barkamenik eskatu beharrik.

Diotenez, Ipar Amerikako indiarrak, trenez bidaiatu ondoren, trenbidearen alboan geratzen omen ziren eserita haien arimen esperoan. Ez dut uste Aita Santuak superstizio etniko haietan sinetsiko duenik baina, ni bederen, Howard Zinnen izpirituaren zain nago.

Bilatu