Fito Rodriguez
Fito Rodriguez
Idazlea

Arma-hotsaren gramatika

AEBek eta Israelek Iranen aurka egindako erasoak egunsenti ilun bat ekarri du mundura. Alde batetik ekialde hurbileko sua piztu, eta haren ke beltzak planeta osoaren zerua lausotzeko arriskua dakar.

Bestalde (nola ez?) Ormuzeko itzal luzeak gure mundua gero eta ilunago bihurtuko du, izan ere,

Ormuzeko itsasartea ez da jada mapa batean marraztutako ur estu gezi bat bakarrik, baizik eta munduaren arnasa estutzen duen lepozuloa. Han gertatzen den edozein dardaraldi bihurtzen baita, berehala, gasolinaren prezioan kolpe, ogiaren prezioan igotze, eta herritarren eguneroko amorru isilean hazkurri.

Misil eta droneen hotsak ez dira Irango zerura mugatuko, bada, Libano, Siria, Irakeko lautadak eta Yemengo kostalde arriskugarria lotzen dituen hari ikusezinak dar-dar egingo du, eta hari horren bibrazioek kapitalen burtsak, zentral elektrikoak eta familia xumeen sukaldeak astinduko dituzte.

Dena den, munduaren mapan marraztutako muga hotzek baino eragin handiagoa dute bihotzetan zizelkatutako beste muga batzuek, hala nola, mendebaldearen eta ekialdearen arteko susmo zaharrek, umilazioen memoriak, eta justizia deitzen den baina mendeku itxuraz agertzen den egarrizko oihuak.

Eraso honek ez du soilik hildako eta zaurituen zerrenda luzatuko, hitzaren beraren agintea ere kolokan jarriko du berriz ere zeren eta diplomaziaren mahaiak hutsik geratzeko arriskuan daude, eta elkarrizketa ahularen tokia arma-hotsaren gramatikak eta beldurraren sintaxiak hartuko dute.

Bilatu