0 iruzkin

Ateak biraka

Kutxabank, Mario Fernandez eta Mikel Cabiecesenak izan direla eta, hala GARAk nola BERRIAk politikariek ( denon aferez arduradunak) , res-publica alboratu ondoren, beren gauza pribatuak kudeatzera igaro direnean zer-nolako  ate birakariak erabili ohi dituzten argitu ziguten duela gutxi adibide batzuk zirela medio. Horrela, hemengo politikari ohien artean,  Mario Fernandez bera, Josu Jon Imaz, Nicolas  Redondo Terreros eta abar izan genituen hizpide. Espainiarren artean, berriz, Felipe Gonzalez, Jose Maria Aznar eta enparauak ere azaldu ziren denen lotsarako. Auzoko lotsa esango genuke hemen bertan direnak eta ez direnak izango ez bagenitu…

Gaur badakigu, jakin ere, Kutxabankek Mario Fernandezen eta Mikel Cabiecesen kausa dela eta (aurretik agindutakoaren aurka) ez duela salaketa judizialik jarriko eta azken hauek ez dutela Eusko Legebiltzarrean inolako azalpenik emango.

Gipuzkoan, aldiz, BIDEGIren auziaz ikerketa irekitzea erabaki berri dute Batzar Nagusiek nahiz eta EAJren aldetik Eider Mendozak sekulakoak eta bi bota zituen aukera ekiditeko. Harrigarria da horretaz gehien dakiena, aurreko Ahaldun Nagusia (ahaldun nahasia?) izan zen Markel Olanok ez zuela tutik esan nahiz eta bera den EAJren bozeramailea Batzar Nagusietan baina, halere, Legebiltzarrean ez bezala, ikerketa egin egingo da.

Espainia aldean, berriz,iaz IBEX-en kotizatzen zituzten energia enpresa kontseiluetara joandako hamazazpi politikariek 3.163.000 euro irabazi zituzten denen artean, bataz besteak 189.666 euro bakoitzarentzat 2014 urtean. Ez dago gaizki noizean behin bileretara joateagatik.

Aristotelesek zioen zekenek dirua metatu egiten dutela betirako bizirik iraungo dutelakoan. Ene ustez, ordea, oraingo sistema politikoa hondatuta dago, lamonduta, eta eroskeriari gero eta denbora gutxiago geratzen zaio. Zikoitza, berez, beldurtia besterik ez baita eta, zinez, mota horietako politikariak beldur egoteko garaiak ari dira iristen…

Fito Rodriguez

 

/
azken post-ak
azken iruzkinak