0 iruzkin

Axenarioaren politika

 

Ez, ez naiz zigorraz eta azenarioaz aritzen den politikaz jardungo, horretarako aski baitugu egunoro Espainiako Barne ministroaren adierazpenei kasu egitea eta horrek, zinez, asko jaitsiko luke egin genezakeen edozein azalpenen literatur kalitatea...

Ez naiz, halaber, hemen ikusten den kolore nagusiaz ariko…

Ez, Jules Renard idazle, olerkari, dramagile eta kritikari literario ezkertiarrak utzi zigun Axenarioa liburuaz hitz egin nahi dizuet (Poil de carotte,1894).

Izan ere, aipatu Renard poetari, bere herriko alkate hautatu zutelarik, politika eta kultur langintzak nahasi behar ez zirela leporatu zioten orduko akademikoek. Hark, ordea, hau ihardetsi zien:

“Politikaz ez arduratzea bizitzari axola ez ematea litzateke”

Egun, politika, gizarte zereginen arteko beste baten moduan hartzen den arren, haren jatorrizko esanahia, ordea, juxtu alderantzizkoa zen. Beraz, jendartea politikaren barnean ulertu ohi da testu klasikoetan. Nolabait azalduta, idazle klasikoentzat, Aristoteles barne, politika egiterik ez zeukanak ezin esan ez eta gizakia zenik ere.

Politika kontzeptua sortu zenean, animaltasun izaera gainditu ahal izateko modu bakarra politikan aritzea zen… eta gaur egun ere halaxe dela uste dut. Hau da, politikan parte hartzerik ez daukana nekez har liteke gizakitzat.

Horregatik, politikan esku hartzeko debekuak pertsona jendarteaz kanporatzeko ahalegina ere bada, izan. Asmo baztertzaile bezain totalitarioa.

Horretaz konturatu zen Jules Renard XIX. mendean hala Axenarioa nola Historia Arruntak ( Histoires naturelles,1896) liburuak idatzi zituenean. Bere pertsonaiek, ironiaz idatzi zuenez, animaliak gizarteratu egiten zituzten eta gizakiak, berriz, ergeldu, paradoxen bidez duintasunik gabeko mundua zer izango litzatekeen azaldu nahian.

Jules Renard bakezaletasunaren eta antiklerikalismoaren aldekoa zen. Bere idazkera erraz eta zuzenak, baita bere zintzotasunak ere, testu multzo estimagarria eman diote literaturari, eta haietan, ikasgai gardena: “Politikaz ez arduratzea bizitzari axola ez ematea litzateke”

Donostiako aste nagusiaren atarian, hori dena aldarri dugula begi-bistakoa da.

Fito Rodriguez (Donostian 2015-08-08)

.

 

 

/
azken post-ak
azken iruzkinak