Fito Rodriguez
Fito Rodriguez
Idazlea

Blocus eta garaiz kanpoko demokraziak

Blocus inguruan gertatutakoak badu zerbait asaldatzen gaituena, eta ez da Parisen, Bilbon edo Bartzelonan izandako istiluengatik, edota azken egunetan zabaldu diren polizia oldarkeriagatik. Benetan adierazgarria dena da Blocus fenomenoarekin batera agertu den nahasmen-sentsazioa, zeren gizartean benetan zer gertatu den ez du ematen oso argi geratu denik eta, gainera, herritarrok jaso ohi ditugun informazioak hagitz kontraesankorrak izan dira. 

Paradoxikoa hauxe da, alde batetik botereak kontrolari eusteko zenbat eta gehiago hedatu, orduan eta argiago geratzen dela botereak berak gizartea ulertzeko duen zailtasuna. Ez da, beraz, agintekeriaren krisia, distantzia-krisia baizik. 

Blocus biralizazio digitaleko fenomeno bat izan zitekeen edo antolakuntza tradizionaletatik ihes egiten duten komunikazio-mekanismoek indartutako deialdia, baina dena Interneteko txantxa batera murriztea inozoa litzateke. Istiluak benetakoak izan dira, eta saltokietako kalteak ere bai. Galdera honakoa da, nola gerta daiteke teknologikoki hain aurreratua den gizarte batek halako zailtasunak izatea mobilizazioa, mehatxua, imitazioa eta alarma kolektiboa bereizteko? 

Urriaren 31ak, Gau Beltzak, irudi esanguratsua eman zigun hainbat hiritan Blocusen deialdiekin lotuta agertu zirenean. Saltokiek babesa bilatu zuten, poliziak indar ugariak erabili zituen eta milaka herritarrek ohiturak aldatu zituzten istilu berriak izango zirelakoan. Halere, aurretik iragarritako arpilatzeak ez ziren errepikatu. 

Arriskua gehiegizkotzat joa izan al zen? Prebentzioak funtzionatu al zuen? Baina galdera deserosoago bat dago haiekin batera, hauxe, zergatik dituzte gure erakundeek hainbeste zailtasun azkar aldatzen den gizarte garaikidea ulertzeko? 

Blocusen garrantzia ez datza mugimendu gisa duen indarrean, boterearen funtzionamendua behatzeko ematen duen aukeran baizik. Errealitateak abiadura berria hartu duen garaian bizi gara, baina errealitate hori interpretatu behar duten erakundeek beste garai bateko denbora ikusmoldearen arabera jarraitzen dute, garai analogikoaren arabera, alegia. 

Izan ere, demokrazia denborazkotasun analogiko baten barruan sortu eta garatu zen. Bilerak, eztabaidak, bitartekariak, negoziazioak, prozedurak eta adostasunak behar zituen. Bere moteltasuna ez zen akatsa, arbitrariotasunaren aurkako bermea ere bazen. Baina hamarkadetan elkarbizitza antolatzeko balio izan duenak eguneroko bizitzarekiko sinkronizazioa galdu du honezkero. Jada ez dugu gure galderen erantzun bakarrak itxaroten, arazoetarako emaitza berehalakoak espero ditugu. Itxaronaldia frustrazio bihurtu omen da eta negoziazioa, aldiz, oztopo. 

Gizarte digitalaren denbora bizkorraren eta erakunde demokratikoen denbora motelaren arteko kontraesana egiturazko bihurtzen ari da. Desinkronizazio politikoa dei dakioke, funtzionamendu politikoaren moduak berrikusi behar dira, herritarron eta erakundeen arteko distantzia gaindiezina bihurtu aurretik. Gizartea ulertzeko gehiegi atzeratzen den demokraziak herritarrok haren zain ez egoten ohitzen gaitu eta. 

Blocus eta nahasita dauden Estatuen paradoxak

Blocusek beste ahulgune bat ere erakutsi du, zera, segurtasun publikoa ezinbesteko erantzukizuna bada ere, neurriak zergatik hartzen diren, zein informazioak justifikatzen dituzten eta zer muga dauzkaten azaltzea beharrezkoa da. Informazio ofizialak ziurgabetasunari erantzuteko balio ez duenean, sare sozialek betetzen dute hutsunea, askotan egiaztapenik eta erantzukizunik gabe. 

Egungo forma politikoak ez dira naturalak edo betierekoak. Garai bateko behar, teknologia eta botere-harreman jakin batzuei erantzun zieten eraikuntza historikoak dira. Estatu garaikideek mendeetan zehar zilegitasuna bereganatu zituzten administrazio, lurralde eta ordezkaritza egiturak heredatu ditu. Baina zilegitasun historikoak ez du egokitasun iraunkorra bermatzen, ordea. 

Zergatik hartu beharko genituzke beste garai batzuetatik jasotako administrazio mugak, erabakiak hartzeko eskalak eta ordezkaritza mekanismoak egungo gizarteetarako egokienak balira bezala? Hurbiltasunak ez du berez justizia bermatzen, eta zentralizazioak ez du nahitaez eraginkortasuna ekartzen. Tokiko boterea ere arbitrarioa izan daitekeela jakin, badakigu. 

Arazoa ez da soilik herritarrok gure ordezkariekin pozik ez egotea, pixkanaka, gure bizitza zehazten duten erabakiak hartzeko mekanismoetan ez sinestea baizik. Orduan autodeterminazio-eskubideak garrantzia hartzen du. Sarritan lurralde-kontu huts gisa aurkezten bada ere, bere dimentsio demokratikoak hausnarketa zabalagoa merezi du. Autodeterminazioak, funtsezko esanahian, komunitate batek bere etorkizun politiko, ekonomiko, sozial eta kulturala zehazteko duen gaitasuna adierazten du. 

Politika herritarrengana hurbiltzeko demokrazia ez da aldizkako ordezkaritzara mugatu behar. Komunitate batek Estatuarekiko harreman politikoa aldatzea eskatzen duenean, eskaerak eztabaidatzeko eta erabakitzeko bide demokratikoak jorratzea merezi du. Antolakuntza politikoaren formak berrikusteko aukera aldez aurretik ukatzea, Espainiako eta Frantziako Estatuek egiten duten bezala, ez da erantzun egokia. 

Ez gaude ezintasunera kondenatuta

Krisi bakoitza erakundeen porrotaren behin betiko frogatzat hartzea tentagarria bada ere ez litzateke zuzena izango. Blocusek ez du erakusten soilik Estatua segurtasuna bermatzeko gauza ez denik, agerian uzten du antolakuntza- eta erantzun-modu tradizionalak nahikoak ez direla abiadura, zatiketa eta lurralde-dimentsio berriak dituzten fenomenoen aurrean. 

Erantzuna ezin da izan dena kontrolatzen duen Estatu baten eta bere inertzien esku utzitako gizarte baten artean aukeratzea, ezta moteltasun burokratikoaren eta erabaki autoritario azkarraren artean ere. Agian gure demokrazien benetako arazoa ez da herritarrok azkarregi erabaki nahi izatea, baizik eta denbora gehiegi daramagula erabakitzeko ahalmen txikiegia dugula sentitzea. Ezagutzeko, komunikatzeko eta jarduteko gaitasuna izugarri biderkatzen duten tresnak ditugu, baina elkarbizitzaren zati handi bat erabakitzeko gaitasuna urrun eta kontzentratuta duten egituren bidez antolatzen jarraitzen dugu. 

Demokraziak eraldatzeko gai izan behar du, bere printzipioei uko egin gabe. Boterea pertsonengana hurbildu behar du, komunitateen aniztasuna aitortu eta beren etorkizunaz erabakitzeko prozedura eraginkorrak eskaini. 

Blocus pasadizo iragankorra izan daiteke. Bere deialdiak desagertu, bere kontu digitalek existitzeari utzi eta arreta publikoa beste gertakari batera joan daiteke. Baina zabaltzen duen galderak iraun egingo du, honakoa, iraganeko gizartea antolatzeko eraikitako Estatu batek zilegitasunez goberna al dezake garatzen ari den gizarte garaikidea? 

Erantzuna ez dago boterea gehiago kontzentratzean, ezta erakunde zaharren nostalgian geratzean ere, herritarron borondate aktiboaren mende jartzeko gai den demokrazia gertuago batean bilatu behar baita. Demokraziaren etorkizuna ez baitago herritarrok erakundeen erritmora bizitzen ikastearen mende erakundeek herritarron denboran bizitzen ikastearen alde baizik.

Bilatu