Fito Rodriguez
Fito Rodriguez
Idazlea

Datorren mutazio politikoa

 

Hasi berri den urtean nik uste dut Rousseauk duela 300 urte idatzitakoa gogoratzea premia badago. Bukatu berri den urtea, berriz, Rousseauren urtea izan da eta, jakina denez, berak planteatu zuen lehen aldiz Herri Konstituzioaren beharra, eta aurten, hala gurean nola gure inguruan ere, nazio kontzientzia hartu duten herriek beren egituratze polikoari ekingo diotelakoan nago.

Rousseauk berak, enkarguz, Corsica-ko Konstituzioa idatzi zuen. Noski, Corsicak ez du independentzia lortu oraingoz, baina, gutxienez, Frantziako Konstituzioa bera baino lehenagokoa izan da Corsicako Konstituzioa nahiz eta, irla bat izanik, egun Frantziak bi departamentuetan banatuta eduki .

Ildo beretik, Espainiak, bistan denez, ez du bere Konstituzioan inondik-inora onartzen bide politikorik Euskal Herriak edota Kataluinak behar dituen garapenak gauzatu ditzaten[1], baina, aldiz, oso kuriosoa izan da Espainiak berak onartu behar izan dituela Europatik etorri zaiona nahiz eta bere soberaniaren kontra jo. Adibidez, krisi ekonomokoa dela-eta Greziarekin gertatu den gauza bera. Europatik etorri izan da agindua defizit neurriak hartzeko eta beraz, estatu guztiek onartu behar izan dute beren konstituzioetan zorra handiegirik ez izatearena..eta Europako estatu guztiek jarri dute hori bere konstituzioetan. Erresuma Batuak ez, besteak beste, Erresuma Batuan Konstituzioa ere ez baitago eta eurotik at dagoelako ( agian, Erresuma Batua bera Europar Erakundeetatik irtengo da aurki…). Baina, funtsean, Erresuma Batua sistema honekin edo planteatutako horrekin konforme ere ezin delako egon.

Halere, Espainiak esaten zuena, bere Konstituzioak ezin zuela aldatu edo ez duela aldatuko Trantsizioan erdietsitako ustezko kontsentsua apurtuko zuelakoan, ezeztatu egin du praktikan eta aldatu berri du Europak agindu diolako.

Beraz, nazioartetik datorren aginduena gauza berri bat da, elementu berri bat ere kontutan eduki beharrekoa herri askapenen bidean.

Orain, bi aukera bereizten dira independentziarako: bata da, eskaerak aintzakotzat hartuak izaten direnean, normalean hori gerta daiteke Belgikan, gerta daiteke Danimarkan, gerta daiteke Canada-n Quebec-ekin…hori aintzakotzat hartzen denean, hau da, aldaketa politikoak lotzen direnean malgutasun minimo batekin konstituzioak eta egitura politikoak berrantolatzen dira eta, ondorioz, independentziak ez ohi dira gauzatzen.

 Baina, aitzitik, estatuak ixten direnean erabat, edozein birmoldaketa politikoren aurrean, azkenean, hori da faktore gakoa independentzia gauzatzeko. Eta hori da hain zuzen ere, Espainiak egiten duena Kataluniarekin eta Euskal Herriarekin.

 

Orduan, nik uste dut gure eboluzioa horra doala, eta hori bai izango dela benetan datorren mutazio politikoa.

Badago ordea, horren kontrako gurutzada, idazluma eta guzti, historia idatzi egiten duela hura gerta ez dadin.

Eta orain Euskal Herrian suertatzen ari den ziklo aldaketan, hori gertatzen ari baita momentu honetan, hain zuzen ere, kontakizun berria behar dela nabarmendu da.  Gauza bera gertatu zen Franco hil ondoren, beren kontakizuna berritu behar izan zutenean. Orain, asmatu behar dute argumentua, narrazio guztiek bere argumentua baitute: historia eta  argudioak. Baina problema da ez daukatela ez argumenturik eta ez argudiorik kontakizun berria planteatzeko.

 



[1] “ La senda federal”, Editorial de el País 2012-09-20.

Bilatu