0 iruzkin

Déjà vu

 

 

Urriaren lehenaren aurrean CDRko partaide independentisten kontra aritu dira espainiar indar armatuak Katalunian, prentsaren laguntzaz, giro politikoa nahasi nahian. Euskal Herriko jendeak hori zer den jakin arren ez da berdin gertatzen Puigdemont eta bere inguruarekin eta, bertako independentistak babestu arren, Euskal Herriko askapenaren aldeko borrokaz espainiarrek zabaldu ohi dutena sinetsi dutela erakutsi dute hemen, Katalunian ez bezala, benetako terrorismoa zegoela azalduz.

Bere garaian R. Faugotek (1989- Guerre speciale en Europe. Textes Flammarion, Paris) adierazi zuenarekin, eta ildo beretik, Manual para fabricar un terrorista. Eguzkik kaleratutako DVDan ikusten denarekin alderatzerik besterik ez dago. Azken honetan, esaterako, poloniar batzuk agertzen dira, Euskal Herrira etorrita Erasmus bat egitera, eta beren buruei galdetzen diete: nola ote da posible Espainiak esatea euskaldunak terroristak direla? Baina, gaian sartzen direnean, eta espainolek terrorismoaren mamua nola sortzen duten ikusten dutenean, saldutako gezurraren atzean dagoena agertzen da. Istorio ezberdinak hartzen dituzte hori ikertzeko eta ondorioztatzen dutena hauxe da: kontakizun garaikide haien arabera, euskaldunak terroristak direla, den-dena ETA baita. Alta, nola eta noiztik gertatzen da gure artean identifikazio hori? Funtsean, 1984tik, zeinean ZEN plana egin zen, Zona Especial Norte deitua eta, nire ustez hor dago aipatutako gizarte-irudikapen horren hastapena.

Izan ere, ZEN planak bazuen kapitulu oso bat, Acción Psicológica deitu zena, alegia, ekintza psikologikoa. Hantxe, argi eta garbi planteatzen da hedabideak lotu behar direla eta orduan, ETAren ekintza bat suertatzen baldin bada, ekintzaileak terrorista modura azaldu behar direla, odolzale gisa eta, aldiz, preso bat baldin bada notizia, ez direla hedabideetan atera behar, bere ama, bere seme-alabak..., ez baitira humanoak, alderantziz, munstroak baitira balizko terroristak eta beren ingurukoak. Hori dela eta, 1987tik aurrera hasi zen lantzen eta zabaltzen ia hedabide guztietan jarrera hori. Bitartean 1988an Ajuria Eneko Paktua sortu zen non, haren barruan, aipa tutako ildotik hedabideak lantzeko “orientabideak” eman ziren. Zergatik orduan, ordea?, nire aburuz 1989an Arjeleko Elkarrizketak gauzatzen hasi zirelako, hain zuzen ere baina, gaur hori ere badakigu, aipatu ustezko elkarrizketak amua besterik ez zen izan, independentismoaren aurkako borrokan beste baliabide bat soilik.

Katalunian dagoen funtsezko indarra, berriz, duela bi urteko urriaren batean gauzatutako erreferenduma da. Herria kalean atzerriko estatuari aurre egiten, alegia. Baina, erne, eskenategi politiko berrian ustezko “elkarrizketak” etorriko badira ere, independentismoaren aurkako borrokan beste baliabide bat besterik ez dira izango. Horretaz ere Euskal Herrian  zerbait dakigulako ...

/
azken post-ak
azken iruzkinak