Fito Rodriguez
Fito Rodriguez
Idazlea

Demokraziaren izenean

 

Hautatu beharra dago urriaren 21ean EAEn. Baita Galizian ere. Eta Katalunian 25ean. Eta ondoren AEBetan. Eta Eskozian ere aukeratu ahal izango dute 2014ean Erresuma Batuaren alde ala Karduren Erresumaren alde. Kardua, zakar edo mukerra dena ulertu ohi da, edo oso itsusia izaten dena...baina ez Eskozian, ordea. Hantxe astalikardoa bertako ikurra baita eta, jakina, maite dute. Espaineraz ere “cardo mariano” bat badago guk astakardu deitzen duguna…eta ez genuke ezertarako erabiliko. Edozein modutara, eskoziarrek independentzia demokratikoki arazorik gabe hautatzerik badutela bistan da katalanei edota euskaldunoi arrazoirik gabe hura bera ukatzen diguten bitartean. 

AEBen itzala

 

Munduko estatuen estatu nagusiak estatuburu nagusia berritu behar du. Bere garaian buruzagitza hartu orduko oinarrizko hiru neurri hartuko zituela esan zuen demokraten hautagai denak: tortura debekatzea, presoen salbuespen egoerak ezabatzea eta “etsaiei ” gainerako hiritar arruntei dagozkien berme juridikoak ematea ( Guantanamo espetxea ixtea, alegia). Ez du egin, noski.

Halere,“etsaitzat ”joa izan denarentzat behar adinako justizia bermerik ez dagoela onartu zuen, bai eta AEBetan torturatzen zela onartu bide zuen argi eta garbi.

Orain, aurreko aginduak bete gabe, berriro doa Presidentziaren bila.

 

Zapateroren ahalegina

 

EAEko lehendakaria zen Ibarretxe kartzelaratzeko espainiarren buruzagia izan zen Aznarek (orain Espainian agintzen duen astakarduaren aurreko astakiloa) propio eginiko legea bertan behera utzi zuen J.L. Zapaterok. Baina bere demokrazian , “etsaiak ”ez zuen legearen babesik inoiz ere erdietsi, giltzapetuak salbuespen egoera politikoaren bahituak izaten segitu izan ziren eta, jakina, torturak iraun zuen. Euskal Herriko gatazka bideratzen ahalegindu bazen ere ez du ematen ezertxo ere lortuko zuenik. Haren politika, Obamaren antzera, eginkizuna bainoago ezinkizuna izan zen. 

 

Ibarretxe ez zuten kartzeleratu

 

Azkenean galdeketa bera ere ez baitzuen burutu. Baina Arnaldo bai, kartzelan inkomunikaturik dago euskal demokraziaren aldarria zabaltzeagatik ( euskal kalendak hor ere !)

Baina egun ezin da legalki, politikoki, Euskal Herria denik aldarrikatu demokraziaren oinarriak kolokan daudelako. Badakigu, jakin ere, erabakitzeko eskubidea non geratu den.

Eta ez bakarrik egin ez den galdera demokratikoagatik edo Espainiako legebiltzarrean 2006ko Ibarretxe Planari zer-nolako xera egin zitzaiolako…

Estrasburgoko ebazpenen gainetik ( zorionak Martxelo!!) eta Nazioarteko aholkuen azpitik ( Aieteko Adierazpena bultzatu zutenen bigarren bileraren zain) ,non dago hemen, bada, demokrazia?

Bistan da: Atxilotua, torturatua eta giltzapetua.

 

Fito Rdz.

 

 

Bilatu