Fito Rodriguez
Fito Rodriguez
Idazlea

Dontzeilen istorioak

Gaur torturaren aurkako eguna ospatzen omen da, gai horretaz hitz egiteko «ospatu» aditzak balio badu behintzat. Guk, horri buruzko kezka gizarteratzerakoan, Ordiziako gaztetxean, Ariel Dorfmanen  “Herioa eta Dontzeila”ren euskal bertsioa taularatuko dugu. Antzerkiaren muina honela da:

Shuberten “Herioa eta Dontzeila” musika aditzerakoan, Paulina gaixotu egin ohi da torturapean pasaturiko sufrikarioa gogora datorkiolako.

Behin, Gerardo, bere senarra, dakarren autotik aipatu doinua entzunez, bere torturatzaileetariko bat izan omen zenari (Roberto Miranda medikua) antzematen dio eta, ustez, aspaldiko zorra kitatzeko garaia iritsi dela uste du…
Testu horretan oinarriturik Roman Polanskik 1994an eginiko filmak (Sigourney Weaver; Ben Kingsley eta Stuart Wilson) “Death and the Maiden” izeneko  antzezlana famatu zuen eta, ordutik hona, mundu osoko oholtzetan ibili da 48 hizkuntzetara itzulita.

Orain, berriz, euskaraz ere gozatzeko aukera badugu, eduki.
Literaturak, Historiak helarazi ezin duena adierazten badu, balio digu.
Bizipen adiezinak ulergarri bihurtzea litzateke gertuko istorioen funtsa. Literaturako Nobel Saridun izan zen Boris Pasternakek «landareak hazten badira ere, inork ezin du belarra hazten ikusi» esaten zuenean, deskripzio zehatzen aldeko hautua ari zen defendatzen literaturan eta, bere “Zhivago Doktorea” idatzi zuelarik, gertaera xumeen bidez Sovieten Iraultza gertakizunaren berri dotore eman zigun, nahiz eta orduko estalinismoak ez zuen horrela ulertu nahi izan eta eleberriaren zabalkundea debekatu zuen.
Eskerrak argitaldaria zen beste komunista batek (Feltrinelli) zentsura horri muzin egin ziola eta testua kaleratzea erdietsi zuela. Horri zor diogu, besteak beste, egoera iraultzaile batek dakarrenaz behar bezala ohartzeko istorio haien ezaguera.

Horren gainean burutu zen Hollywooden moduko filma, aldiz, zeharo desberdina da, beste gauza bat da.  

Izan ere, adibideek hurbildu egiten dizkigute besteen bizierak iragana orainera erakartzeko gai diren heinean. Eta horretan, Historian zehar, antzerkia biziro egokia izan da. Hura dela bide, antzeztua irudikatzea eta, azkenik, ulertzea ere ahalbidetu ahal izan da mendeetan zehar.

Mendekuaz eta amodioaz, gorrotoaz edo liluraz jabetu gara oholtza gainean aurkezturik ikusi dugunari esker. “Herioa eta dontzeila” da horren guztiaren adibidea.

Muga-mugan sentitutako beste bizipen batzuk bezala, torturatuaren bizilegea helezina izaten da, gehienetan. Istorio xume batek, ordea, erakuts dezake hamaika datuk azaltzerik izan ez duena… Ariel Dorfmanek idatzitako honek egiten duen moduan.

Buenos Airesen jaio baina txiletar nazionaliatea duen idazle honek mota guztietako testuak eskaini dizkigu. Berdin poesian, antzerkigintzan, eleberriak sortuz edota saiakerak burutuz herri‑kulturaren ikerlari joria dela erakutsi du. Allenderen gobernuarekin bat egin zuen eta Estatu kolpearen ondorioz Frantziara hasieran eta AEBetara gero, erbesteratu zen. Egun Duke unibertsitatean irakasle dena Sorbonan (Paris IV), Amsterdamen, Kaliforniako Berkeleyn edo  HYPERLINK "http://es.wikipedia.org/wiki/Universidad_de_Maryland"Marylandeko unibertsitateetan ere irakasle ibilia da.
Giza eskubideen aldeko eragile nekaezinak ez du inoiz errazkerietara jo nahi izan.

Baina ia berrogeita hamar hizkuntzatan antzezturiko maisu-idazlan hau euskaraz argiratua izatera iristeko moduak ere, badu bere istorioa ( Txalaparta 2010)…

Dorfmanek kontatzen duena Txilen gertatzen da eta, gure semea hantxe ikasten ari zela, testua bere lagun alemaniar baten bidez (Nina Bust-Bartels) ezagutu ahal izan nuen.

Aspalditik Roman Polanskik zuzendutako filma ikusi arren idazkiak zuen berezko indarrak harrapatu ninduen eta euskarara ekartzea erabaki nuen.

Ariel Dorfmanekin jarri nintzen harremanetan eta hark, honela erantzun zidan: «Torturaren aurkako edozein ekimenen alde nago, beraz, antzezlana zuen hizkuntza ederrera eramatearekin bat natorkizu».

Ardura handiz segitzen ditu Dorfmanek bere literatur lanen itzulpenak zeren berak elebitan argitataratzen ohi ditu idazlanak (ingelesez eta espainieraz) nahiz eta, hitz egiteko behinik behin, beste hizkuntza askotan ere gai izan.

Beraz, lan horri ekiteko Martin Anso nahiz Jon Urruxulegiren laguntza paregabea izan nuen, baina, jakina denez, literatura dramatikoa antzeztu arte inoiz buruturik ez dagoenez, aktore batzuekin jarri nintzen harremanetan. Horrela, Ramon Agirre, Itziar Ituño eta Asier Sotarekin batera, itzulitako testua onduz joan ginen aurkezteko modura eramateraino.

Torturaren Aurkako Taldeak bideratu zuen lehen emanaldia Azpeitian, gero Donostia, Sara, Berriozar edota Hernani etorri ziren… eta, oraindik segitzen dugu…

Euskal Herrian, zoritxarrez, horren ohikoa izaten den torturaren esperientziaz aritu ahal izateko bada, idazki honek munduari itzulia eman behar izan dio euskarara itzulia izateko.

Gertukoei, gure seme-alabei kasu, torturatu izatearen eskarmentua behar bezala azaltzerik inoiz ezin izan diedana “Herioa eta dontzeila” antzezlana ikusita edo irakurrita, gerturatuko diedalakoan nago.
Horrela, beren antzera, beste euskaldun askok, urruti iruditu arren hain hurbil dauden mota honetako istorioetara heltzerik izango dutela uste dut... hau ere Euskal Herriko Historiaren zati baita eta ez, soilik, euskal dontzeilena, alajaina…

Kalenda hauetara ekartzeak badu, ordea, adierazitakoaz gain, bere funtsa.
Gure irakurketa dramatizatuak («gurea» diot ez Aitasantu bihurtu naizenez lan kolektiboa delako baizik…) urte t´erdia Euskal Herrian zehar korritu ondoren hara non eta GARAk berak Madrildik espainiar talde famatu bat hona etorri zenean gazteleraz antzezteko, «kultura» sailean, “La muerte y la Doncella” azkenean gure artean ikusi ahal izateko parada izango genuela argitaratu zuen…

Ongi azalduta ere zeren “Herioa eta Dontzeila” eta “La muerte y la Doncella”, jatorrizkoa azken hau izan arren, ez baitira berdinak antzezlana euskaraz entzun duenarentzat…

Bilatu