Fito Rodriguez
Fito Rodriguez
Idazlea

Errepublikaz

Duela urte betetik hona Donostiako Udalak espainiar errepublikaren bandera jarri ohi du bere balkoian. Aurreko alkate sozialistak ez zuen jartzen eta Espainian bertan ere usadio hori ez omen da asko zabaldu.

Donostiako alkateak bandera errepublikar hori elkartasunez jartzen duela adierazi du, balkoi berean Saharako Errepublikakoa, Kataluniakoa edota Tibeteko bandera ere zintzilikatu egin dituztela argituz.

Euskal Herriko bandera errepublikarra Ikurrina dela begi bistakoa da.

Halere, Espainiako bigarren errepublika ( 1931koa) lehenengoa (1873koa) baino askoz zentralistagoa izan arren Ikurrina bera legezko bihurtu zen gari hartan.

Eta ez hori bakarrik, espainiar bigarren errepublika indarrean jarri zen egun bertsuan katalandar errepublika ere aldarrikatua izan zen baita hego Euskal Herriko udaletxe batzuek, Getxoko alkate zen Jose Antonio Agirre buru, Euskal Errepublikarako bideari hasiera eman zioten. Horretan, Xahok, Aranak, Gallastegik edota Irujok berak teoria politikoan aldarrikatutako gobernu sistemaren aldeko jarrera berretsi besterik ez zuten egin baina, praktikan, horrek Euskal Estatutuaren lehenengo idazkuntza ekarri zuen (maiatzak 8 publikoki aurkeztua izan zena eta hegoaldeko lau herrialdetako 420 euskal alkatek onartu zutena nahiz eta Espainiako Legebiltzar Errepublikarrak bideratu ez…).

Madrilen Euskal Herriak zuzenean nazioarteko harremanak izatea eta euskal estatu bihurtzeko aukera edukitzea ez zituzten onartu nahi izan, noski, eta beste testu bat idaztera behartu zuten.

Ondorengo idazkian, ez da esan beharrik, Nafarroa balizko euskal estatututik at utzi zuten ( oraindik argitzeke dagoen bozketa faltsutu bat medio) eta espainiar eskuinak errepublikan agintzen zuelarik (1934) Zumarragan bildutako euskal alkateen aurkako errepresio bortitza erabili zuen aldarrikapen bidea ixteko.   

Ezkerreko Fronte Popularrak boterea hartu zuenean Espainiako Errepublikan  gauzak ez ziren hobeto joan euskal errepublikanoentzat eta gerrateak bakarrik ekarri zuen Euskal Errepublika gauzatze bidean jartzeko aukera.

Haren defentsan, hiru koloretako bandera errepublikarrak hemen berdea, gorria eta zuria  izan zen. Eta egun ere, halaxe izaten da. 

Bilatu