Fito Rodriguez
Fito Rodriguez
Idazlea

Etorkinen legeen ondorioak

 

Oraindik orain Donald Trumpek ezarri berri duen etorkinen lege berriak badu, eduki, aurrekaria. Izan ere, 1924an AEBk abian jarri zuen etorkinen legeak balizko etorkinen zenbakia jadanik bertan bizi ziren jatorrizko beste estatuen biztanleriaren %2an muga ezartzea agindu zuen. Honen arabera, AEBtako ia-ia denak etorkinak izan arren, Europako ipar aldetik joan zitezkeenak askoz gehiago ziren Europa erditik (Alemaniatik) edota hegoaldetik (Italiatik) baino zeren, zegoeneko bertako biztanle kopuru handiago zegoen anglosaxoiek osatuta beste edozein tokitik joandakoak baino eta aipatu kopuru berdinak, jakina, zenbaki ezberdinak ematen zituen bertan zeudenen alde.

Neurri arrazista honek, hala alemaniar nola italiar jatorrizko etorkinen sarrera zailtzeko pentsatuta zegoen eta, egia esanda, hasieran bere helburua bete zuen. Esaterako, horri buruz horrela mintzatu zen orduko Hego Karolinako senataria zen Ellison Durant Smith:

“Aski gara AEBtan eta atea itxi beharra dago amerikar herritargoa gehiegi ez nahasteko”

Halaber, “amerikar herritargoa”zer ote zen galdetuta, hona bere iritzia:

“Kanpora joaterakoan eta baten batek esango balu: -amerikar peto-petoa ezagutu dut…zertaz pentsatuko du horrek? italiar semeren bat dela hura, edota alemaniar jatorrizko etorkina etorriko zaio burura?...Jainkoari esker geure mundu osoan AEBtan dugu, inolako nahasketarik gabe, anglosaxoi hutsez osatutako biztanleria handiena”.

Beraz, aipatu legeak bilatutako ondorio arrazista ekarri zuen: anglosaxoien lehentasunari eustea, baina alboko ondorioak ere ekarri zituen: hamarkada bukatu aurretik Mussolini gobernura iritsi zen Italian eta Hitler, berriz, Alemanian…eta hurrengo hamarkadan Gerratea piztu zen.

Oraingo honetan, historia paradoxikoa baita, alemaniar etorkinen ondorengo batek orduko etorkinentzako lege arrazistaren antzeko beste agindua eman berri du. Ondorioak izango ditu, noski. Bilatu nahi dituzten berehalakoak eta, jakina, epe erdira nahiz luzerako alboko kalteak.

Fito Rodriguez

 

Bilatu