Fito Rodriguez
Fito Rodriguez
Idazlea

Euskal Herria, ezagutza, historiografia

Horixe da Eibarren UEUk hil honen 27rako antolatutako ikastaroaren izenburua. Bertan, Michel Foucault eta historiografiari buruz hitz egin dezala eskatu didatenez aipatu egilearen ekarpen nagusiaz zerbait aurreratu nahiko nuke orain eta hemen, izan ere Foucaulten mezua ez litzateke izango Euskal Herriaren historiari buruzko kontakizun berri bat eskaintzea, baizik eta ikerketa historikoan egiten diren galderak eta aztertzen diren objektuak errotik aldatzea, horrela Euskal Herriaren historiari aplikatuta, hainbat ikerketa-ildo berri irekiz. 

Hasteko, Euskal identitatearen genealogia dela eta «zer da Euskal Herria?» edo «zein da bere jatorria?» galdetu beharrean, ikuspegi foucaultiar batek honako galdera hauek pausatuko lituzke: 

Noiz eta nola bihurtu zen pentsagarri euskal nazioaren ideia? 

Zein diskurtsok (historikoek, linguistikoek, juridikoek, erlijiosoek edo zientifikoek) lagundu zuten identitate hori eraikitzen? 

Zein instituzioren bidez hedatu zen (eskola, prentsa, kultura-elkarteak, alderdi politikoak...)? 

Horrela, goian esan bezala, euskal identitatea ez litzateke betidaniko esentzia gisa ulertuko, baizik eta eraikuntza historiko eta aldakor gisa. 

Foucaultek ere euskarari buruzko egia-erregimenen historia sakonduko luke jakintzaren arkeologiaren ikuspegitik, aztertzeko, nola edo hala, nola definitu den euskara garai historiko desberdinetan, noiz izan den baserritarren hizkuntza, nazio-hizkuntza, ondare kulturala edo baliabide ekonomikoa baita zein adituk, erakundek eta hizkuntza-politikek sortu dituzten definizio horiek. 

Haren ustez objektua ez litzateke hizkuntzaren historia soilik izango, hizkuntzari buruzko diskurtsoen historia baizik. 

Ildo beretik, isilarazitako subjektuen kontra-historia ere landuko luke, zeren eta Foucaulten ekarpenak aukera ematen du honako gai hauek ikertzeko, esaterako, emakumeak, herri-klaseak, presoak, disidente politikoak, etorkin eta gutxiengoak baita kontakizun ofizialetatik kanpo geratu diren subjektuak ere. 

Galdera nagusia, bada, honako hau izango litzateke: nor geratu da Historiatik kanpo, hala estatuen historiografietan nola euskal kontakizun nazionaletan? 

Honek diziplina-instituzioen historiaz aritu beharra lekarkiguke, hauxe, Foucaultek arreta handia jarri zien eskolei, ospitaleei, espetxeei eta antzeko erakundeei buruzko ikerketei. 

Beraz, Euskal Herrian aztertzeke daukagu eskola eta hizkuntza-normalizazioaren prozesuak, eliza katolikoaren eta erakunde erlijiosoen eginkizunak sortutako subjektibitateak, espetxe-sistemaren bilakaera eta gatazka politikoarekin lotutako kartzela-politikak, polizia eta administrazio aparatuen kontrol teknikak. 

Honekin guztiarekin helburua ez litzateke instituzioak deskribatzea soilik, baizik eta haiek nola sortzen dituzten subjektu motak aztertzea. 

Ezin ahaztu, gainera, gatazka politikoaren genealogia zeinean gertaeren kronologia hutsa egin beharrean (karlistaldiak, frankismoa, ETA, trantsizioa...)..., nola sortu diren «terrorista», «abertzale», «independentista», «biktima» edo «erradikala» bezalako kategoriak edo zein botere-harremanek ahalbidetu duten definizio batzuk beste batzuen gainetik nagusitzea edota nola aldatu diren diskurtso horiek denboran zehar ere azter liteke. 

Eta aipatu horrekin batera, lurraldearen eraikuntza politikoaren historiari kasu egin beharko genioke ikuspegi foucaultiar batek aztertuko bailituzke nola eraiki diren Euskal Herriaren muga sinboliko eta administratiboak, nola gobernatu diren populazioak, zein jakintza geografiko, estatistiko eta juridikok definitu duten euskal lurraldea. 

Beraz, geografiaren historia eta gobernamentalitatearen azterketa egin beharko genituzke. 

Horretan, bada, modernizazioari buruzko diskurtsoen arkeologiaren bidetik joan beharra dago, hau da, industrializazioa, urbanizazioa edo turismoa ez lirateke prozesu ekonomiko huts gisa aztertuko, baizik eta egia-erregimen gisa, adibidez, nola justifikatu zen industrializazioa? Nola eraiki zen «aurrerapenaren» ideia? Zein jakintzak legitimatu zituzten hiri- edo ekonomiaren eraldaketak? Zein erresistentzia sortu ziren prozesu horien aurrean? 

Amaierako, baina ez azkena garrantziaren hurrenkeran, memorien eta isiltasunen historiaz aritzeko premia ere azpimarratu beharra dago Foucaultek artxiboetan isilarazitakoa bilatzera gonbidatzen gaituelako. 

Euskal Herrian, horrek ikerketa berriak ireki ditzake, hala nola frankismoaren memoria ezkutuak, ikusezin bihurtutako indarkeriak, kontakizun nazionaletan sartu ez diren tokiko historiak, memoria transmititzeko bide alternatiboak (literatura, ahozkotasuna, egunerokoak, lekukotasunak...)... 

Honetaz guztiaz mintzatuko gara Eibarren baina, honakoak horri buruzko solasaldia abiatzeko baliagarria izango delakoan, zure esku usten dut hemen, balizko irakurle hori... 

Bilatu