Fito Rodriguez
Fito Rodriguez
Idazlea

Euskal Wikipedia sentimentala

           

Gure oroimena lausotu ez dadin sekulako lana ari dira egiten wikilari euskaldunak auzolana dela medio. Hala eta guztiz ere, norberaren bizipenak nekez ordezka daitezkeenez, beste motako idazkerak baditugu, eduki, pasadizo pertsonalak besterik ez direnak partekatu ahal izateko, horietako bat estilo honetako blogak direlarik.

Beraz, nire barruko oroimen euskal wikipedian sartuta gertakizun eta pertsonaia hauek aurkitzen ditu martxoan zuekin konpartitzeko.

Gasteizarra izanik, ahaztu ezinezko  1976ko martxoaren hirukoa lehendabizi. Hantxe ibili ginen bilerak egiten Etxabe zumaiarrarekin eta, mobilizazioekin batera, gauzak okertzen hasi zirenen, Txuso Fernandez Navesekin Madrilera joan nintzen polizien kontrolei iskin eginez.

Urte bereko hilabetean atxilotu ninduen “Billy el niño” famatuak eta, egun desagerrarazita dagoen Caravanchel kartzelan (eskerrak Bartzelonako Modeloak eutsi diola denboraren tiraniari…),  Gasteizeko istiluengatik preso zegoen Imanol Olabarriarekin hasi ginen euskarazko eskolak ematen. Bertan zegoen, enfermerian hain zuzen, aurtengo martxoan zendutako Antonio Garcia Trevijano errepublikarra, orduko “Junta democratica” eta “Plataforma democratica”batu zituena “Platajunta” izeneko oposizioaren elkartea bideratuz, berriki hildako Francoren berrogei urteko erregimena pitzatzen segitzeko funtsezkoa izan zena, baita 1978an jaio eta oraindik pairatzen dugun berrogei urteko erregimen zahar berritu hau oinarritzeko ere.

Kartzelatik irten ondoren, gaizki deitutako Amnistiarekin ustez, Donostiako Egian atxilotu ninduten 1982an, martxoaren 8ko bezperan hain justu, eta, torturaz eta guztiz, hamar eguneko inkomunikazioa pasa ondoren, Caravanchelera berriro.

Epaitu nindutenean, berriz, UZEIko Filosofia hiztegia egiteko ezagutu nuen Piarres Xarriton etorri zen Entzutegi Nazionalera nire aldeko testigantza emateko. Madrilen zegoela dena lapurtu zioten. Ez dut uste berriro hara itzultzeko gogoa handiz etxeratu zenik…

Pasa den urteko martxoan, 17an, hil zitzaigun Piarres, laguna eta hizlari aparta, benetako euskal wikipedia zena, “avant la lettre”.

Xarriton, goikoa euskarara ekarri nahian, “gutunaren aurretiko datu basea” izan zela esango dit itzultzaile automatikoak baina nik, nire motzean, badakit, jakin ere, orain arte oroimen bizia izan dena, jadanik balio ez duen erretretan gauden aitona-amonon jakinduria eskasa, nekez ordezka daitekeen Euskal Wikipedia sentimentala izan bagarela.

 

Bilatu