Fito Rodriguez
Fito Rodriguez
Idazlea

Ez kanta beltza

Aurreko ostiralean aurkeztu genuen "Ez kanta beltza" izeneko belztasunaren poesia antologia txikia, Mendebaldeko Afrika frankofonora egindako bidaia batean sortua. Bidaia horretan, gaur egun ere beren literatur ekoizpenetan belztasunaren kontzeptu antikolonialista garatzen jarraitzen duten etnia eta kulturak ezagutu nituen.

Belztasunaren poesiari buruzko antologia argitaratzea komeni zela deliberatu nuen, bai arrazoi historiko eta politikoengatik, baita arrazoi literario eta pedagogikoengatik ere. Belztasunaren ideia erantzun poetiko eta politiko gisa sortu zen kolonialismoaren eta arrazismoaren aurrean, Afrika beltzeko herrien duintasuna eta haien kultura aldarrikatu nahian.

Gaur egun, kolonialismo ekonomiko, kultural eta epistemikoaren formek jarraitzen dutenean, testu horiek erresistentzia beltzen genealogia ulertzea ahalbidetzen dutelakoan nago, eta, era berean, erresistentzia horiek egungo borrokekin lotzea ere (migrazioak, arraza-indarkeria, estraktibismoa...) erdiesten dute, ene ustez.

Belztasunaren inguruko etnia eta kultura ezberdinen ekarpen literarioa ardatz afro-karibetar eta frankofono batean gertatu zen eta gertazen da. Etnia eta eskualde desberdinen ahotsak biltzen dituen antologia batek (Afrika mendebaldea, erdialdea, ekialdea, Magreb beltza, Karibe, Latinoamerika beltza) belztasunaren kontzeptuaren barne aniztasuna erakutsi arren "gizaki beltzak" bloke bakar gisa homogeneizatzea saihesten du.

Horren guztiaren gainean hutsune handia dago oraindik eremu euskaldunean. Belztasunen poesia oraindik ez da oso ezaguna, eta, garrantzi historikoa izan arren, ia ezezaguna da Iberoamerikako eta Europako testuinguru askotan.

Egia da itzulitako literatura beltz eta afrikarrari buruzko istorioak eta ikerketak badaudela, baina oraindik ere oso mugatuak dira eskura dauden antologia poetikoak, laburrak, testuinguruan kokatuak eta komentatuak.

Nire ustez, arreta handiz itzulitako antologia horrek aukera emango die irakurle euskaldunei zuzenean nortasuna, memoria, salaketa eta proiektu emantzipatzailea artikulatzen dituen poetika bat eskuratzeko. Izenburua, ordea, Benito Lertxundik eta Xabier Letek 1971ean sortutako “Ez kanta beltza” kantatik datorkio. Hartan, "beltza"-ren irudia herri eta pertsona zapaldu guztien sinbolo bihurtzen da. Estatu Batuetako eskubide zibilen aldeko borrokek, mugimendu antikolonialek eta hirurogeita hamarreko hamarkadaren hasierako giro iraultzaileak eragina dute testuan. Haren mezuak salaketa, nazioarteko elkartasuna eta ekintzarako deia uztartzen ditu.

Abestiak dio «Kaleak sutan jarri ziraden/eta zakurrak katerik gabe/beren bizitzen nagusi». Sutan dauden kaleen irudiak herriaren matxinada adierazten du. «Katerik gabeko txakurrek» sumisioa hautsi eta autonomia berreskuratu dutenak sinbolizatzen dituzte. Suak ez du suntsipena bakarrik adierazten, bidegabeko ordenaren amaiera baizik.

Eta jarraitzen du «Libertadeko gorritasuna zeñek ez du nai ikusi?». «Gorriak» irakurketa bikoitza du, alde batetik, iraultzaren kolorea da, eta, bestetik, iraultzagatik isuritako odolarena. Askatasuna borroka kolektiboari eta sakrifizioari lotuta agertzen da. Eta horrela segitzen du, «Ez kanta, beltza... indarren kontra jaso indarra» ahapaldiraino iristeko, non abestiaren muina agertzen den. Etsipena baztertzen da («ez abestu») eta etsipena ekintzarekin ordezkatzera gonbidatzen da. Kantuak kexa antzua sinbolizatzen du, antolakuntza eta erresistentziaren premia adierazten duten indarraz gain. 

«Gure bizitza gurea da ta,/ iñork ez beza lapurtu». Kantua amaitzean, duintasuna eta autodeterminazioa berresten dira. Askatasun politikoaz ez ezik, norberaren existentziaz erabakitzeko eskubideaz ere hitz eginez.

Hori guztia joan den ostiralean Egian aurkeztu genuen antologia poetikoan irudikatu nahi izan dut. Leteren poema ospetsuak horretarako bidea ematen zidan, baina, aizu irakurle, ez dut iruzkin hauek amaitu nahi Nemesio Etxanizek gai berari buruz idatzitako poema zaharrago eta askoz ezezagunago bat berreskuratu gabe (1959). Hona hemen.

MISSISSIPI IBAIKO LEGEA

Mississipi, zuk gordetzen dezu

langile beltzen izerdia;

zure ur nastu oriek dariote

Aprikako kutsu ta usaia.

Jo ta jo, etengabe,

bururikan jasotzeke,

langile beltza ari da

nagusi zurien mende.

 

Mississipi, Ameriketako

beltzen neke gorri astuna;

au da zure urak daramaten

negarrezko doinu iluna.

 

Euri ta aterri, beti neketan;

langile beltza izerdi-patsetan,

lanean urkatzen ibai-ertzetan.

Nagusi zuriak,

zorrotz begiak,

aien gain daude,

gau t’egun erne,

zigorra astinduz

errukirik gabe.

 

Langile errukarri,

lanean zintzo asi adi.

Ai! bestela, or dek

zurien zigor

minbera ori.

Au da langile beltzen aidea:

bizkarra makur, beti nekea,

Mississipiko zurien legea.

Bilatu