Fito Rodriguez
Fito Rodriguez
Idazlea

Fedearen indarra

Modernitateak erakutsi zigun Sakratua dena arrazionalizatzea bezain modernoa zela Arrazionalitatearen sakralizazioa.

Irani buruz mespretxuz hitz egiten da, eta Afganistanez hitz egiterakoan edota bertan egin ohi diren fedegabeen aurkako gurutzadei buruz zerbait aditzen denean ere, asaldatzen gara mendebaldean, baina edozein estatu, estatu modernoa barne, presuntzioak direla medio eta fedea dela bide eusten da.

Billeteen paperagatik modu simetrikoan balio duen zerbait emango dizuten fedea dugu, gobernariek gugan pentsatzen dutela eta ez soilik beren onuran presuntzioa daukagu, edo delitu guztiak berdin zigortuko diren itxaropenean oinarritzen gara. Hori guztia sinetsiko ez balitz, gure gizartea denbora laburrean eroriko litzateke. Esperientzia modernoaren ezaugarria da gure bizitza antolatzen duten erakundeak funtsean arrazionalak direla sinestea. Hau da, haien funtzionamendua egiaren ezagutza sistematikoaren kontrol arrazionalaren pean dagoela ustea.

Modernitatearen esperientzia, beraz, arrazoiarenganako fede moduko bat da. Itxuraz, fedea eta arrazoia kontrajarriak dira. Hala ere, modernitatearen ahalegina, gizartea arrazionalizatzeko bidean, bizitza modernoa sekularizazioaren arabera prozesu gisa ulertzen dutenen kontra, lehen aipatu fedearen eta arrazoiaren osagarritasuna erakustea izan da.

Frantziako Iraultzaren ondoren, ilustratu frantsesek ez zieten elizei su eman, baizik eta elizetan Arrazoiaren jainkosarentzako aldareak egin zituztela eta santuen irudiak ordezkatu zituzten errepublikaren banderez eta filosofoen bustoez erakusketak antolatuz. Gero eta industrialagoa zen zientzia baten inguruan erlijio-kultua egitera iritsi ziren, mistizismo hura «arrazionalista» izan arren.

Horrela, modernitateak erakutsi zigun Sakratua dena arrazionalizatzea bezain modernoa zela Arrazionalitatearen sakralizazioa.

Honetaz ere ohartzen ez garen bitartean kanpokoari kritikatzen segituko dugu bizitzeko egokitu zaigun gizarteari zilegitasuna ematen diogun bitartean eta, jakina, gure mundua eraldatzeko behar adinako argitasunik eta indarrik ezin izango ditugu eskuratu.

Kritikatu dezagun, beraz, baina gure gertuko mundutik abiaturik betiere.

Bilatu