Fito Rodriguez
Fito Rodriguez
Idazlea

«Frankfurter Nationalversammlung»

«Frantsesak masa ahalguztidunak baino ez dira» zioten ordukoek, baina alemanek, berriz, autodeterminazioa eta librepentsamendua landu zituzten politikan. Frantziak Alemaniatik ikasi beharko luke haiek uztartzen.

Askotan aipatu ohi da autodeterminazioak sezesionismoa edo, areago, separatismoa ere badakarrela eta, aldiz, ahaztu egiten da autodeterminazioaren muin historikoan ez dugula lurraldeen arteko etenik aurkitzen, herrien arteko batura baizik. Horrela suertatu da, esaterako, Alemanian edota Suitzan. Biak ala biak dira egun errepublika federala edo konfederala, hurrenez hurren, eta bietan autodeterminazioa erabili da eskualde ezberdinen borondate politikoen arabera egungo estatuak sortzeko.

Alemaniako Batzar Nazionala, Nationalversammlung deitutakoa, 1848ko martxoko iraultzaren ondoren gauzatu zen Alemaniaren batasuna modu demokratikoan eraikitzeko. Bertako estatu gehienetan «martxoko gobernuak» (Märzregierungen) sortu ziren eta Reichstagek (Konfederazio Germaniarraren Parlamentua) Siebzehnerausschuss («hamazazpien batzordea») izendatu zituen konstituzio-testu bat prestatzeko. Azkenik, martxoaren 20an, Bundestagek konfederazioko estatuak behartu zituen batzar konstituziogile baterako hauteskundeetarako deia egitera. Konfederazioaren lurralde osoan Parlamenturako hautatutako diputatuak elkartu ziren eta Batzarrak Alemaniako lehen konstituzioa onartu zuen, 1849ko Frankfurteko Konstituzioa deritzana, nahiz eta ez zen indarrean sartu.

Askatasuna eta autodeterminazioa Alemaniako filosofiaren oinarri bihurtu ziren. Bai Kantek eta bai Fichtek ez zuten mundu kaotiko bat iragartzen, askatasunaren arabera antolatutako bat baizik. Enpirista britainiarrek behin eta berriz adierazi zuten pertsonak sentsazio eta desirengatik mugitzen zirela, Kantek borondate arrazionala bizitzaren erdian kokatu zuen. Animaliek ez bezala, gizakiok ekintzak erabakitzeko gaitasuna dugu, aske gara, nola jokatu eta nola erabaki egin dezakegun heinean. Bai Schiller eta bai Humboldt liluratuta zeuden autodeterminazioaren kontzeptuarekin. Schillerrek zioen, Kantek bizitza «barrutik» osatzeko, erabakitzearen gainean alegia, egindako deiak bere pentsamendu osoa laburtzen zuela.

Iraultza garaian, frantsesak borondate orokorrari jarraitzera mugatu ziren. Herria matxinatu egin zen eta itsu-itsuan egin zituzten egin beharrekoak. «Frantsesak masa ahalguztidunak baino ez dira» zioten ordukoek, baina alemanek, berriz, autodeterminazioa eta librepentsamendua landu zituzten politikan. Frantziak Alemaniatik ikasi beharko luke haiek uztartzen.

Frankfurter Nationalversammlungek proposatutako Konstituzio Federala ez zen indarrean jarri bere sasoian, baina 1989an, aldiz, aipatu hura oinarrian, Alemaniak erabili zuen autodeterminazio eskubidea egungo Alemania osatzeko, Bigarren Mundu Gerratik iraun zuten bi estatuekin bakarra eraikitzeko.

Euskaldunok, bada, munduan iraun ahal izateko behar dugun aterpe politikoaren bidean, gure lurralde zatituak batu behar ditugu autodeterminazioa dela medio.

Izan ere, gu ez baikara separatistak, nahiz eta eskualdez separatu gaituzten; guk Euskal Herri batua demokratikoki eraiki nahi dugu soilik.

Bilatu