Fito Rodriguez
Fito Rodriguez
Idazlea

Gazatarren gorazarre

Gazako inbasioak, bere disimulurik gabeko anexio-ahaleginak eta Israelen politika genozidak dakartzaten sarraski guztiekin batera, maila guztietako erantzuna behar du, kaleetan eta komunikabideetan, baina baita elkartasunetik eta kulturaren mundutik ere.

Judu sionistek asmatu zuten holokausto hitza, beraiek sortu aurretik inoiz erabili izan ez dena, juduen akaberaren kontakizuna beste tragedia etnozidetatik bereizteko ahaleginean, batez ere gaur egun Turkiak ukatzen jarraitzen duen armeniarren genozidiotik deslotzeko. Gazako genozidioa, aldiz, ez da bereizi behar gure inguruan garatu eta gauzatutako apartheidetik eratorritako beste egoeretatik; izan ere, gaur egun eraikitzen ari den munduari begiratu behar dugun ispilua da, non ultraeskuineko politiken gorakada gauzatuta baitagoen.

Kultur mundutik Jakintza askatu behar dugu botereen aurrean eta arazoen funtsera joan. Halaber, gaurkokeriatik at pentsamendua landu eta mundu nazkagarri hau sustengatzeko saldu ohi dizkiguten egiak deuseztatu egia eraldatzaileen eraikitzen joan ahal izateko. Honek, jakina, bestelako testuak eta gogamenak eskatzen ditu.

Yasser Arafat, Palestinako okupazio sionistaren aurkako oposizio politiko ez-erlijiosoaren lider historikoa, 2004ko azaroan hil zen. Hurrengo urtean Gazako Zonaldearen aurkako bonbardaketa handien bezperan, 2014ko eta gaur egungo erasoen aitzindariak izan zirenak, bisitatu nuen Palestina.

2006an egin ziren Hamas oposizio islamistak irabazi zituen hauteskundeak, erlijioz kanpo eratu zen proposamen historikoaren gainetik. Horren ondoren, benetako gerra izan zen bi alderdi politikoen artean, Hamasek Palestinako Askapenerako Erakundearen gainean irabazi zuena, eta ordutik hona ez da hauteskunde berririk izan.

2023. urtea amaitzearekin batera, zonalderen egoera geopolitikoan funtsezko aldaketa bat hasi berri da, duela 75 urte okupazio sionistak eragindako gaitz guztiak sakondu besterik egiten ez duen tragedia berpiztu da.

Aipatu hondamendiaren salaketa politikoa edo etikoa izan daiteke, erakundeetan edo kaleetan, baina kulturaren esparrutik ere ezin gara alde batera geratu.

Tragedia eta drama ere hizkuntzaren forma literarioak dira, bizitza eta heriotza bere sakontasun osoan irudikatu eta birpentsatzeko sortutakoak.

Horretarako sortu dugu tragedia testu bat (https://www.booktegi.eus/liburuak/xalimen-hiria/) dohainik deskarga daitekeena eta haren irakurketa dramatizatuari ekingo diogu Egiako Teila Fabrikan ostiral honetako arratsaldeko zazpitan.

Jerusalem leku fisikoa da, baina sinbolo bat ere bada, eta, haren bikoiztasunean, desadostasuna azalerazteko eta zentzu partekatua aurkitzeko aukera ere izan daiteke.

Testu honek hitza eman nahi dio literatura-proposamen bati, non arrazoiaren eta sentimenduaren bidez, Palestinaren eta Israelen inguruko istorio txikiak dramatikoki kontatzeko bidexkak egon, badauden. Arkeologiatik gerrara, moralaren mugetatik gure portaera kolektiboen zentzugabekeriaraino doan kontakizuna da hauxe, beraz.

Politikaz harago, literatura ere «askapenerako» tresna eraginkorra izan daitekeelakoan.

Bilatu