Fito Rodriguez
Fito Rodriguez
Idazlea

Giza ergeltasunaren pentsamenduaren aurka

 

Aski frogatuta dago hedabideetan jendeak ez duela ezer berririk jakin nahi, aldez aurretik sinisten zuena elikatu eta azpimarratu baizik.

Guzti hau behar bezala ulertzeko adibide polita izan daiteke egun hauetan ETA burutzen ari den desarmatzeaz prentsan agerturiko iritziei eta berriei erreparatzea. Izan ere, espainiar barne ministeritzak emandako kontsignen arabera, ia denak ari baitira  errepikatzen lelo berbera, Espainiak ETA  garaitu duela, alegia. Berdin eskuinetik (Zarzalejos “El  confidencial”ean) edo ezkerretik (Perez Rubalcaba “El País”en; Calleja “El diario.es”n), ETAren ustezko porrotaz ari dira etengabe.

ETA burutzen ari den desarmatzeak, aldiz, kontrakoa frogatzen du, hau da, estrategiaren aldaketa dela medio ETAk berak bakarrik erabakitakoaren bidez, bere borondatea gauzatzen duela bere arerioek nahi dutenaren aurka. Arerioak dira, beraz, gaindituak bezain garaituak geratzen ari direnak ETA bere erabakimena bideratzeko gai izan den bitartean.

Horren argia den gertakizunari etengabeko desitxuratzearekin erantzuten zaio espainiar eta frantziar hedabideetatik (BBC beste gauza bat da) ETA azpiratua dagoela esanez, haren ustezko porrota errepikatuz eta, bide beretik, desegigoaren pairamena zabalduz.

Antzekoa suertatu zen Madrilen 2004ko martxoaren 11an gertatuko atentatuekin, non espainiar hedabide ia denak, orduko Gobernuaren kontsignak (egindako triskantzaren erantzulea ETA izan zela) zabaltzen aritu ziren. 

Garai hartan Madrilgo Complutense Unibertsitateko Jorge Lozano semiologoak aztertu zuen “giza ergeltasunaren gogamen” hura Umberto Ecok, Paolo Fabbrik eta Pier Paolo Gigliolik 1957an plazaratu zuten “gerrilla semiologikoak”emandako parametroen arabera.

Hau da, informazio eta berrien orekari eutsi beharrean, hedabideak haien jabeak erabil ditzaten ezin da ekidin, jakina, baina beste bertsioak, bestelako berriak eta kontra-iritziak plazaratzea eta zabaltzea, berriz, denon esku dago eta hura da bidea.

Madrilgo martxoaren 11an jendea hasi zen oldartzen bertsio ofizialaren aurka eta, azkenean, Gobernuaren gezurra agerian geratu zen nahiz eta, bidean, munduko beste hamaika gobernu baita nazioarteko erakunde (NBE barne) zipriztinduta geratu.

Oraingo honetan ere espainiar nahiz frantziar iritzi ofizialari (ETAren balizko porrota) erantzun behar zaio. Alegia, ETA bere erabakimena ari dela betetzen inguruko estatuek nahi dutenaren kontra…nor da, beraz,  garaile prozesu honetan?

Begi bistakoa izan arren hori esatea ere ez da politikoki zuzena baina, iritzien eta esanahien arloan borroka ere egon beharra dagoela badakigu. Betiko gerrilla semiologikoa, hain zuzen.

Fito Rodriguez

Bilatu