Fito Rodriguez
Fito Rodriguez
Idazlea

Gladys del Estalen hilketa dela eta agintarien bertsio fake

 

 

Gladys egiatarra Jose Martinez Salas guardia zibilak hil zuen, lekuko askoren aurrean, nire besotan odolustu zen baina aipatu guardia zibilak ez zuen kartzela zapaldu, areago hori gertatu ondoren domina eman zitzaion eta, bertsio ofizialaren arabera, Gladys terrorista venezolarra omen zen.

 40 urte bete dira Guardia Zibilak Gladys del Estal gazte ekologista donostiarra hil zuenetik.

Eguzkik deituta, Ekainaren 1ean eguerdian omenaldia egingo diogu Donostiako Egia auzoko Gladys Enea parkean. Euskal Herriko mugimendu ekologistaren historiako gertaerarik tristeenetakoa izan zen haren hilketa, Tuteran. Euskal Herrian proiektu ziren eta eraikitzen ari ziren zentral nuklearren kontra protesta egiteko eta Bardeetako tiro poligonoa gaitzesteko, festa erreibindikatiboak antolatu genituen Batzorde Antinuklearrek eta Erriberaren Ingurugiroaren Defentsarako Asanbladak.

Goizean goiztik Euskal Herri osotik iritsitako jendeak Tuterako kaleak bete zituen, bidean Guardia Zibilak kontrol eta oztopo ugari jarri zituen arren. Goizeko ekitaldi politikoaren ondoren, festa hasi zen: kalejirak, jotak, antzerkia... Giro alai eta lasaia nagusitu zen Nafarroako Erriberako hiriburuan.

Bazkaldu ondoren, bat- batean Espainiako Polizia agertu zen: ekitaldi guztiak bertan behera uzteko agindu zuen, eta gogor oldartu zitzaion jendeari. Istiluen ondoren, protesta ekitaldia egin zuten Erriberako kaleetatik, eta une horretan Jose Martinez Salas guardia zibilak tiroa bota zion bekokian Gladys del Estal 23 urteko egiatarrari. Batzorde Antinuklearretako gaztea bertan hil zen.

Gladys del Estal Donostiako Egia auzoko lagunekin joan zen Tuterara, horretarako propio antolatutako autobusean. Harekin batera joan zen Karlos Trenor abokatua ere. «Polizia oldartu zenean, jende guztia sakabanatu zen, eta gu zubitik barrena Ebro ibaiaren bestaldera joan ginen, eta han izan ginen, etxe aldera itzuli zain», azaldu zuen lekuko gisa. Baita honakoa ere: «Pixkanaka zurrumurruak zabaltzen hasi ziren, zaurituren bat ote zegoen. Eta laster Gladysen izena barreiatu zen. Orduan erotu egin nintzen. Bakarrik joan nintzen, Poliziak jarrita zituen kontrol guztiak gainditzen, eta ospitalez ospitale, azkenik Gladys topatu nuen. Gorpuaren aurrean, medikuak esan zidan basakeria bat izan zela, hiltzeko tiroa eman ziotela».

Karlos Trenor, Sabino Ormazabalekin eta ni neroni, kanposantuaren ondoan, Gladysen gurasoen zain. Gauez iritsi ziren gurasoak. eta, haren aitak, berriz, bakarrik hauxe esan zuen: ‘Eguzkia eta askatasuna maitatzeagatik akabatu dute».

 

Gero, zain geratu ginenontzat oso latza izan zen. Haren ama jota zegoen, Enrike, aita, amorruz beterik. Oraindik ere, 40 urte pasa ondoren, Gladys ez da bortizkeriaren biktamatzat hartua izan.

Agintarien bertsioa:

Denok bereziki gogoan daukagu agintarien bertsioak Gladysen heriotza ekarri zuten gertaerak justifikatzeko: «Gladys eta beste gazte bat guardia zibilari fusila kentzera joan zela hasi ziren esaten, aktibista venezolar komunista bat zela... Izugarrizko gezurrak».

Izan ere, Gladys del Estalek Venezuelako herritartasuna zuen, haren aitak Hego Amerikara erbesteratu behar izan zuelako Espainiako gerrate ondoren. Hau da, Gladysen gurasoak Egiakoak ziren, gerra galdu zuten horietakoak. Aita kontzentrazio-esparru frankista batean sartu zuten, eta irten zenean, familiak Venezuelara egin zuen ihes. Alaba han jaio zitzaien, eta urte gutxira, auzora bueltatu ziren. Bueno, ba kontua da polizak zioela Gladys terrorista venezuelar bat zela, aipatu dudan testuinguru hori guztiz alde batera utziz.

Agintarien bertsioa fake izaten da askotan.

 

Bilatu