Fito Rodriguez
Fito Rodriguez
Idazlea

Gladysen seme-alabak

Hil egin zuten antinuklearra izan zen ekitaldian bere lurraren defentsagatik eta, nahiz Lemoiz gaur egun erabat gelditurik egon, bera eta bere balizko ondorengoak ere lapurtu zizkiguten betiko.

Gaur bezalako egun batean, ekainaren 3an, hil zuen Guardia Zibilak Gladys Tuteran zentral nuklearren aurkako ekitaldi batean. Lekuko pilo bat geunden, denok ikusi genuen hotz-hotzean asasinatua izan zela, argazkiak atera genituen eta "Egin"-ek bere azalean argitaratu zituen.

Halere, propaganda ofizialak zioen Venezuelatik etorritako «aztoratzaile» profesionala zela eta Guardia Zibilaren erantzukizuna zuritzen ahaleginak eta bost egin zuen, ohi bezala.

Guk bagenekien, ordea, familia egiatarra zela berea eta, Errepublika defendatzeagatik, errepresioa eta erbestea pairatu ondoren, haien sorlekura itzuli zirela Venezuelan jaiotako alabarekin.

Iritzi publikoaren aurrean Gladysen irudia saiatu ziren desitxuratzen eta ez dute inoiz «biktimatzat» hartu nahi izan Estatuaren manipulazioak indar handia duelako eta ezin duelako agerian utzi bere oinarrian bortxa besterik ez dagoela. Horixe ikusi genuen Guardia Zibilaren kontra epaiketa gauzatu ahal izateko eraman zen prozesuan (balizko epaileen etengabeko aldaketak eta guzti...), epaiketa gauzatu zenean (ematen zuen epaituak lekukoak ginela...) baita barregarrizko ebazpenean ere.

Baina Estatuak bere propaganda zabaltzeko aukera handiak eduki arren ezin du errealitatea guztiz moldatu eta gertuko jendearen testigantzak berezko indarra eduki, badu. Alferrik da Gladysen asasinatua izan zela ez onartu izana. Lekukook jakin, badakigu. Venezuelatik propio etorritako ustezko aztoratzailea zela barreiatu arren auzoko hurbilekook bagenekien bere historia eta, Instituzioek onartu nahi izan ez badute ere, herriak maite izan du eta segitzen du bere oroimenean biltzen.

Duela bi urte, asasinatu zutenaren berrogeigarren urteurrena gogoratzeko Gladys-enean elkartu ginenean, gertaera tamalgarri hura suertatu zenean, orduan, auzoko haurrak besterik ez zirenen gogoeta hauxe irakurri zen eta, ene ustez, bere osotasunean hona ekartzeak merezi du:

Gladys del Estal ezagutu genuenean oso gazteak ginen. Orain, berriz, urteak pasa ondoren, batzuk guraso bihurtu gara eta beste batzuk aitona-amonak gara honezkero. Gladysek, jakina, ezin izan zituen seme-alabarik ezta bilobarik ere, baina, orduan hil egin ez bazuten, nola izango lirateke egun bere haur izandakoak?

Ezin da hori jakin, noski. Agian galderak berak ez du zentzurik gaur egun berari, biziarekin batera, beste aukera askoren artean hura bera lapurtu ziotelako baina, lagun gisa, horretaz pentsatu dugu inoiz eta, ziur gaude, izango zituen seme-alabak edota bilobak ere hemen, gurekin batera, egongo liratekeela. Ez bere hilketa gogoratzen, bistan da, baizik eta naturaren defentsan antolatutako edozein ekitalditan eta, hori egiteagatik, errepresaliatutakoen alde egongo zirela ez dugu dudarik gu bezalako jende mota baitzen Gladys bera.

Aurreko asteburuan errauskailuaren aurkako giza katean egongo ziren moduan, astean zehar Gipuzkoako Plazan akanpaturik egon direnekin bat egingo lukete eta, pentsatu nahiko genuke, estilo horietako mobilizazioetan bateginik egongo ginateke urteetan zehar gure lurraren aldeko defentsa ez baita militantzia, txertatuta daramagun bizitzeko modua baizik.

Baina ez, Gladysi ez zioten eman ez seme-alabarik ezta bilobarik izateko aukerarik eman. Hil egin zuten antinuklearra izan zen ekitaldian bere lurraren defentsagatik eta, nahiz Lemoiz gaur egun erabat gelditurik egon, bera eta bere balizko ondorengoak ere lapurtu zizkiguten betiko.

Hala eta guztiz ere, hemen gaude. Urteek segitzen dute eta berriro ere elkartuko gara. Lemoiz geratuta ere, Lurraren defentsan, bizitzaren defentsan, borrokak jarraitzen du eta, nola edo hala, Gladysen adiskideak izan ginenak gara gaur bere seme-alabak eta ondorengoak, eta horregatik bere ondarea zabaltzen segituko dugu.

Gora Gladys

Gora Lurra

Gora Bizitza

Bilatu