Joan den mendeko hirurogeiko hamarkadaren hasieratik laurogeiko hamarkada amaitu arte eta, horrekin batera, Berlingo harresiaren erorketa gauzatu bitartean, Euskal Herrian bazen benetako demokrazia baten alde borrokan ari zen herritartasun multzo handi bat, estatu espainiarretik eta alderdietatik haratago, zeinean, ideia asanblearioen itzalean, iraultzaren literaturatzat har zitezkeen testuak sortu baitziren.
Kontrakulturan, politikak eta kulturak bat egiten zuten, eta aldaketarako irrika sentiberatasun berri batekin zetorren, gizartearen alde guztiari eragiten ziona: borrokari, maitasunari, lanari, gorputzei eta espazio publiko eta pribatuari. Sormen hura pragmatismoak zapaldu eta gainditu zuen. Horregatik, politika eta kultura banatu eta instituzionalizatu egin ziren Konstituzioaren, Autonomia Estatutuaren eta inoiz bozkatu gabeko Foru Hobekuntzaren Legearen bidez. Eguneroko bizitzaren eremuan ordea, frankismoarekiko haustura garbiagoa izan zen. Gazte iraultzaileek pairatutako suizidioak, kartzelak, hiesak nahiz heroinak borroka kontrakultural haiek baztertzea eragin zuten haien kostu pertsonal eta sozial handiak ahantzaraziz. Oraindik ere memoria-zorra dugu orduko ametsekin.
Aipatu zorra kitatzeko asmoz kaleratu berri du Joxe Iriartek, Bikila ezizenez ezagunagoa den burkidea, "Hau mundu petrala gurea! (hankaz gora jartzeko ahaleginean)" liburua non bere 60 urteko militantziatik eta esperientzia politikotik gizarte justuago baten aldeko konpromisora baikaramatza haren jakinduria eta hitzen bidez.
Lan horretan hainbat gairi heldu zaie: injustiziaren aurkako borrokari, klima aldaketa antropozenikoaren erronkari, sozialismoaren eta berdintasunaren aldeko ametsei edota zahartzaroaz eta bizitzaren azken zikloari buruzko hausnarketei ere. Bertan aurkitzen diren hitzak, bada, ez dira bestelakoen borroken gaineko iruzkinak, aitzitik, lehen pertsonan metatutako bizipenetatik eta norberak egindako ekintzetatik eratorriak direla erabat.
Liburua, beraz, irakurleari amore ez emateko gonbidapena dugu, beste mundu bat posible denaren aldarrikapenari atxikitzeko eta eguneroko ekintzen bidez historia eraldatzen segitzeko. Izkribu honen orrialdeetan sartuz gero aurkituko dituzue borrokaren istorioak, hausnarketa sakonak eta, batez ere, mundu petral honen aurka norabide argia eraikitzen laguntzeko tresnak.
Esan beharra dago liburuaren edukia sakontasun handiz landua izan dela, eta egileak hainbat ideia eta gai lotzen dituela modu iradokitzaile eta kritikoan. Adibidez, borroka belaunaldi desberdinetan nola ematen den gaiari helduz, Bikilak gaztei dei egiten die borrokan jarraitzeko, baina belaunaldien arteko hutsunea aztertzen duelarik, ohiturak, teknologia berriak eta garaian garaiko ideien garapena ulertzen saiatzen da.
Hala eta guztiz ere liburuan ez duzue aurkituko goian aipatutako garai hartako erreferentzia literariorik eta, nago, horri ere kasu egin beharko geniokeela orduko paisaia emozionala behar bezala ulertu ahal izateko. Gontzal Mendibilek "Kapitalismoak dakarren katai ta zapalketa izan dadila guretzat indar askatzailea" abesten zuen sasoietan modu epiko baita liriko batez borroka eta haustura kultural askoren berri ematen zuen literatura garatu zen euskaraz.
Uste dut istorio bikoitza falta zaigula kontatzeko: alde batetik ezagutu ez dugun demokrazia baten bila emandako urratsena eta, bestetik, demokrazia hori irudikatzeko egindako orduko lan giroarena.
Izan ere, esperientzia kolektiboa, definizioz, bateratua ez den arren, bere idazketa hala izaten saia daiteke, bere bakartasunaren ametsez eta guzti, bakarra izateko nahimena mehatxatzen duen oro ezabatuz. Edo bestela, anizkoitzaren errepresentaziorantz irekitzera jolastu daiteke. Azken finean erabakia da, zeren eta, estilo orok, lortu nahi den helburua izanik ere, literatura-hautu jakin batzuei erantzuten die, hau da, ondoz ondoko ordezkaritza-praktikei kasu egiten diela. Eta guk, hori egitekotan, nola egin beharko genuke?
Txillardegik garai horretaz esaten zuenez frankismoaren aurkako giro apurtzailea hain hedatua zegoelarik, denok bi esku omen genituen: «ezkerra eta ezker muturra...»
Eta hori, logikoki, garai hartan sortzen zen idazkeran islatzen zen, zoritxarrez, gaur egun bidegabeki ezezaguna dela uste arren.
Hara, adibidetzat, Gorka Trintxerperen poema hau:
Auskalo non dauden
auskalo non dabiltzen
auskalo zertan ari diren
auskalo auskalo nor diren..
gizadi maitale
aurrerapen zale
iraultzaile...
txalupak amorrain dira
eta ontziak arrain...
ur tanto anonimo
orma harri ezkutu
eta inoiz ikusi ez dudan
ene herri bularreko
bihotz langile...
Nor zen Gorka Trintxerpe?
