Fito Rodriguez
Fito Rodriguez
Idazlea

Gurpil zoroa

 

Unibertsitate lege berrian “3+2” ezarriko dutelakoan kexu dabil jendea. Baina, Bolognaren aurretik “3+2” delakoa ere bazegoen, alegia hiru urteko ikasketa ziklo bat eta bi urteko beste bat ondoren…non dago, orduan tranpa?

Berez, Bolognaren aurretiko “3+2” hartan hiru urteekin diplomatura eskuratzen zen eta hurrengo bi urteekin, berriz, lizentzia ( bost urtekoa, beraz). Bolognarekin batera, aldiz, aipatu bost urteko lizentzia gradu bihurtu zuten (lau urtekoa) eta orain egin nahi dutena da lau urteko hura hiruko bilakatu. Jokaldi honekin, denbora gutxian, ordainketa publikoaz arindutako bost urteko ikasketako lizentzia zena hirukoa besterik ez da izango aurrerantzean ( gradu izenarekin) eta gainerakoa ( beste bi urteko masterra deitutakoa) erabat geratuko da bakoitzaren ordainketapean. Ez da gurpil zoroa, trileroaren trikimailua baizik.

Hastapenetatik, Bolognaren aurretik demagun, prozesu osoa boluntarioa zela zioen Madrilgo Ministeritzak:

"Zure Unibertsitateak ez du ANECAren ebaluazioa onartuko? Ez da ezer gertatzen,

ez du lizentzia gradu bihurtu nahi? Ez da ezer gertatzen…

baina honezkero ebaluazioak ari dira egiten eta gainerako unibertsitateak, pribatuak batik bat, horretan ari dira. Beraz, hala Fakultateak nola Sailak ere, kentzeko garaian badakigu nondik hasi…"

Trileroen txantaia ez da hor bukatzen. Izan ere, finantziazio publikoa eskuratu ahal izateko gero eta garrantzitsuagoa izango baita aldez aurretik finantziazio pribatua edukitzea eta zikloen ANECAren ebaluazioa ere gaindituta izatea.

Ikasle mugimenduak, honetaz guztiaz ohartua, mobilizazioak egin izan ditu Bolognaren aurka, ANECAren ebaluazioen kontra eta, oraingo honetako “3+2” proposamen zahar-berritua salatzeko baina, nire ustez, gizartean iruzurraren munta ez da gehiegi zabaldu.

Hau izan da egoera Bologna ezarri ondorren: Bost urteko graduko prezio publikoa amaitu zen betiko; behin-behinean  lau maila finkatzea proposatu zuten  bosgarren eta seigarrena diru zutenek  bakarrik ordaintzeko. Hori izan zen guztia, eta kitto..

Baina orain okerragoa da eta aurreikuspenak motz geratu ziren. Urte bakoitzak batez beste 600 euroko kostua zeukan eta bat-batean urtean 1.500 eurotan jarri zen (1.800 euro bigarren eta hirugarren deialdien gorakada bortitza barne kalkulatuz gero). Ordainketa, bada, bider hirutan handitu zen.

Bestalde, 5. goi-mailako hezkuntza, lehen horrek 600 euroko kostua zuela urtean, masterra bihurturik, 3.500 eurokoa izatera pasa zen edo 4.500 bigarren deialdietan. Hura zen, beraz, helburua: gizarteak gehiago ordaindu behar izatea, alegia.

Orain berriro nahastu nahi gaituzte aipatu fustezko xedea ikus ez dezagun. Zeren eta “ 3+2” delako hori ez da arazoa, Bolognaren aurretik “3+2” deitutakoa ere bazegoen BAINA Berlinen seihileko bakoitzak 200 euro balio du soilik (eta garraioa dohain), Parisen, 180 euro balio du. Danimarka, Bulgaria, Txekiar Errepublika, Belgika, Suedia, Norvegia, Eslovakia, Islandia, Finlandia eta Austriaren prezioak 400 euro baino txikiagoak ohi dira.

Ez al dugu Europarekin lotu behar? Has gaitezen  prezioarekin eta gero hitz egingo dugu hori "hiru gehi bi" edo dena delakoaren bidez egin ote daitekeen. Ez engaina gizartea. Bolognak prezio publikoak apurtu zituen eta azken Wert legeak horretan sakondu nahi du eta honek, esan bezala, ez dagokio unibertsitateari bakarrik gizarte ereduari baizik.

Iruzur fiskalak irauten duen bitartean eta zerga politika egokia behar bezala hedatu gabe ezinezkoa izango da unibertsitate duinik edukitzea…eta, jakina,  hori ez da ikasle edota irakasleen auzia soilik…

 

Bilatu