Fito Rodriguez
Fito Rodriguez
Idazlea

Har menia, har

 

Armeniak menia behar du, Siriak ere bai, eta Afganistanek, Palestinak edota Irakek zer esanik ez…

Bala urrearen truk eskaintzen zieten turkiarrek armeniarrei heriotza luze izan beharrean bat-batekoa emateko eta, horrelako dilema ankerrarekin bat, miloi t´erdiko armeniar hil zituzten holokausto hitza plazaratu aurretik. Modu sistematikoan ekin zioten ustezko beharrari: idazle, buruzagi  eta intelektualak aurretik, gizon arruntak gero baita emakumezkoak zein haurrak hurrenez-hurren…

Horrela jokatu zuten sultanek eta politiko laikoek, diktadurak nahiz errepublikak…baina oraingoz gaur da eguna Turkian genozidio hitza ere onartu nahi ez dutena. Espainiak, jakina, horrekin bat egiten du eta ez du armeniar genozidio esapidea onirizten…

Halere Armeniak oraindik hor dago, Ararat mendira begira eta munduko armeniar guztien bihotzetan, erne bezain bizirik…

Armeniarrak munduan zehar barreiatu arren denek daukate gogoan egun bat: apirilaren 24a, alta, armeniar genozidioaren hasierako egun malapartsu hura, zeinean herri eta kultura jakin baten kontrako jazarpena hasi zen eguna, orain arte iraun duena (ikus duela gutxi berpiztutako Karabakh Garaiko gatazka).

Baina Karabakh Garaian, Sirian, Afganistanen, Palestinan edota Kurdistanen eta Iraken gerrek eta lipitsek, Armenian bezala, jende andana behartzen dute beste nonbaiten aterpe bilatzera eta, horrela, egun armeniar diaspora dagoen moduan, dagoeneko siriarrak, palestinarrak edo kurduak munduan zehar ari dira sakabanatzen…

Hala eta guztiz ere, giza eskubideen defentsan eraiki omen den Europar Batasunak zeini eman dio herritar haien ardura? Turkiari, alajaina!, ba aldago tamaina handiago iruzurrik?

Aipatu herri denak menean eduki zituen turkiar inperio Otomanoak eta, orain ere, menperatu nahi ditu egungo Turkiak… Europar Batasunaren laguntzaz, noski.

Europako estatuek, aldiz, duela berrogei urte luze sinatu zituzten Eskubide ekonomiko, sozial eta kulturalen Ituna, baita Eskubide Zibil eta Politikoena ere, zeintzuk euren 1. artikuluan honela dioten:

1. Herrialde guztiek dute determinazio askerako eskubidea. Eskubide horren ondorioz askatasunez zehazten dute euren izaera politikoa eta askatasunez bultzatzen dute euren ekonomia-, gizarte- eta kultura-garapena.

2. Herrialde guztiek, euren helburuak lortzeko, askatasunez xeda ditzakete euren aberastasun eta baliabide naturalak, kalterik egin gabe nazioarteko lankidetza ekonomikoak, elkarrekiko onuraren printzipioan oinarriturik, zein nazioarteko zuzenbideak eratorritako betebeharrei. Inola ere ezin izango da herri bat bere bizibideez gabetu.

Herrien arteko arazo politikoak ebasteko ez dago autodeterminazio eskubidea bezalakorik, Turkiak nahiz Espainiak inoiz onartu nahi izan ez dutena…

Haientzat asilo eskubidea atxilo zuzenbidea baita.

 

 

Bilatu