0 iruzkin

Hezkuntza EZ da eskola soilik

 

EHU publikoa izateagatik UEU pribatua da, berez?, Bai zera!.

Alderantziz esango nuke nik. EHU unibertsitate espainiarra baita eta UEU euskal herritarra, ezbairik gabe.

Udako Euskal Unibertsiateak, adibidez, sekulako bideak ireki ditu eta somatzen dut, bide horietako bati jarraituz, Euskal Herrian, Katalunian daukaten Universitat Opertaren antzeko ekimen bat sortu beharko litzatekeela, etxetik bertatik ikasi ahal izateko. Oraingo UNED espainiar hau, desfasatuta eta garaituta baitago eta, gainera, Euskal Herriko Unibertsitateak ez die inongo aukerarik ematen helduen urrutiko ikasketei. Jendeak, bere formazio akademikorako, modu arautuan antolatutako egitura bat behar du, orain ez dagoena. Jendeak aukerak izan dezan, lana utzi gabe, behar adinako formazioa lortzeko, baina ez formazio praktikoa, zehatza eta konkretua soilik, baizik eta formazio akademiko osoa. Hori ez dugu Euskal Herrian, eta horren faltan gaude.

Udako Euskal Unibertsitateak gidatu beharko luke soluzio hori, bera sortu baitzen esparru hori guztia, eta euskaraz, lantzeko. Formazioa ematen du, garai ezberdinetan urtean zehar, ikastaro mota ezberdinak eskaintzen ditu leku askotan, Eibarren, Iparraldean, baita Iruñean ere. Baina, ez da nahikoa.

Parisen aritu nintzen irakasle, eta Georges Lapassade ezagutu nuen bertan. Berarekin instituzionalismo deitutako eskola pedagogikoa ezagutu nuen, gero eta gehiago autogestioruntz joan behar zela, aldarrikatzen zuena. Orain daukaguna, alderantzizkoa da, oso burokratikoa.

Gero ezagutu nuen Suitzako Geneva Unibertsitatea. Han, Hezkuntza Zientzietako fakultatean, Psikologiaren eta Hezkuntza Zientzia Fakultatearen artean lotura zuzena zegoen. Berdin unibertsitatea eta udaletxearen artean; batera ibiltzen dira egoera aztertzen, ikertzen eta erantzunak eman eta proposamenak bideratzen inguruko eskola guztiekin batera. Han, bertako eskoletan azterketak egiten ibili nintzen, grabatzen, adibidez, umeek eduki ditzaketen arazoak, gelan bertan jasoaz, edo psikologia aldetik azterketa klinikoak eginaz. Baita ere ahozkotasuna pedagogia ikuspegi batetik ikertzen, nire kasuan bezala.

Euskal Herrian ere lotura gehiago beharko litzateke unibertsitatea eta udalen artean. Baina han, eskolak, udalaren babesean daude, eta ez han bakarrik, gauza bera gertatzen dela Finlandian edo Herbeherean, edo Estonian... irakaskuntza ondoen dabilen herrialdeetan horrela egiten dira gauzak, ez hizkuntza ikasteko orduan soilik, hezkuntzaren ikuspegi orokor batetik, baizik1. Udaletxeen eta unibertsitateen arteko lotura, nik uste, inportantea dela. Adibidez, gure Donostia honetan ez da inoiz horrelakorik gauzatu eta, gauzatu bada, izan da soilik halako hitzaldi batzuk emateko, edo argitalpen zehatz batzuk sustatzeko, baina ez plangintza jarraitu eta orokor batean pentsatuta. Baina hori egitea posible da. Horrela ikusi nuen Genevan 2010ean, han egon nintzenean lanean.

Hezkuntza arloko alternatiba bilatzeak, beraz, orain dauden ereduak zabaltzea eskatzen digu, ezinbestean.

1 Rodriguez, F, Euskal Herriaren hezkuntza-eskubideak. europako zenbait hezkuntza-eredu aztergai, http://iparhegoa.eus/materiala/Argitalpenak/euskalEstatua/02_Herritartasuna.pdf , 131/151. orr.

/
azken post-ak
azken iruzkinak