0 iruzkin

Intxaurrak bildu

 

Bai horixe!, kalentura dakar kalendarioak Donibane garaian!...Patziku Perurenak “Saski bete intxaur” gogoeta liburua plazaratu du oraindik orain, bere ustez “Bildukoentzat bereziki gomendagarria izan daitekeena”, nonbait, ( BERRIA 2012-06-14; 33 or.).

Asko izan dira azken bolada honetan euskal literaturan argitaraturiko mota honetako ekarpenak egin dituzten idazleak ( ez denak, bide batez esanda, Bildukoei gomendioak emateko bereziki…). Erregistro horretan, “esan gabe doa”, ia klasiko bat bihurtu zaigun Karlos Linazasoroz aparte, David Tijero, Antton Erkizia, Ana Urkiza edota Carmen Valois ibilbide beretik sakontzen joan izan dira. Bide saiatua eta esker gaiztokoa, halafede…non, nekez itxaron daitekeen arrakasta publiko handirik.

Duela gutxi irakurri nuen, adibidez, “ Pido la paz y la palabra” poesia ekimenaz, (badakit honek ere euskarazko ordaina bazuela baina gazteleraz antolatutako ekitaldiaren sasi itzulpen osagarririk besterik izan ez zenaz ez du euskarazko aipurik merezi…) leitu nuen, bada,“Literaturia” jardueran askoz jende gehiago elkartu zela beste horretan baino. Ez dakit halaxe izan ote zen baina ez dit inporta…Izan ere, gogoeta idaztea, munduari nota hartzea, berez, notizia ematea, «noscere» aditz latinotik erakarritako hitzak direnez, ezaguera dute adieran eta hor dago bere balioa, ene aburuz, zeren, klase horretako literaturak, aforismo modukoak, alegia, munduaren ezagutza zabaltzen laguntzen baitu.

Honek ez du ziurtatzen, halere, idazkia, irakurria izango denik, ezin baita ziurtatu ustezko irakurlea edota irakurleria, baina horrela idazteak ezaguera berritzea duen neurrian, gauzatzen den bakoitzean da ezaguera berri eta hortxe dago bere balioa.

“Twiter perfektua” gisa definitu izan du aforismoa Antonio Casado da Rochak bere blogean (http://1aguna.blogspot.com.es/2012/06/literaturia-2012.html) eta definizio horretan jakin izan du biltzen,bada, forma horretako kultur literario klasikoa eta garaikidea, baita tradizioa eta modernitatea ere…

Gogoeta laburrez osatutako testuena  ez da gure artean, soilik,  ematen hasi den ohitura literarioa, aspaldikoa bezain hedaturiko generoa baita letren munduan. “Asalto”elkarteak, esaterako, duela asko hasi zen sarean estilo horretako gogamen idatziak zabaltzen hizkuntza ezberdinetan (www.fundacionrobo.org/asalto) eta Stanislav Lec aforismoen maisuaren emariaz gozatu ahal izateko blog ezberdinetan dauden aukerek (www.andressorel.blogspot.com) estilo horren indar garaikidea azpimarratu besterik ez digute egiten.

Baina, esan bezala, honek ez du, berez, inongo irakurleriarik bermatzen.

Badakigu Bildukoak asko direla, azken zenbaketen arabera bederen eta Sortu legeztatu ondoren gehiago izan daitezkeela gainera , baina ez da ona izaten egile etsimenduak balizko irakurlearen bilaketa horren nabarmen agertaraztea. Bildukoez gain, Patzikuk, filologoek, euskaltzainek eta andana luze batek bere liburua irakur dezaten nahi du…nik irakurriko dut, jakina. Gustukoa dut oso Patzikuren estiloa eta gogoeta literatura, Aranalde eta Izagirre, Zabala edota Azurmendi…

Izan ere, berdin aforismoetan, esapidetan , hitz-zuhurretan, twiterretan zein blogetan, azala eta mamia bereizten eta dastatzen maite dudalako.

Fito Rdz.

 

 

/
azken post-ak
azken iruzkinak