Fito Rodriguez
Fito Rodriguez
Idazlea

Irakurtzea irakurtzeagatik eta hitz egitea hitz egiteagatik

Liburutegi ibiltaria asmoa eta aldarria izan zituen gogoan Christofer Morley-k (1890-1957) bere Parnassus on Wheels izeneko eleberria 1917an plazaratu zuenean, liburuak nekez irakur zitezkeen garaian noranahi iristeko prestatuta zegoen liburudenda  egitasmo literarioa sortu zuela. Ezin zituen aurreikusi, noski, garaikide dauzkagun amazon liburu saltzaile digitala, smartphone, tablet eta abarrak eduki arren irakurzaletasunaren auziak horren iraunkor izaten jarraituko zuenik.

Bere testuan, orduko krisi ekonomikoaren sasoian, idazle baten arreba liburuz lepo dagoen orgaz baliatzen zen etxetik irteteko eta, liburuen salmenta dela medio, bidaiarekin batera beste bizitza motak batzuk bertatik bertara ezagutzeaz gain, maitasuna eta bizi poza ere eskuratzen zituen.

Metafora da nobela, jakina. Horrela ulertuta, irakurketa norabaiteko bidaia izaten da eta, oroz gain, berrospen ekintza, zeinen arabera gizakia eta gizartea hobesteko tresna bihurtzen zaigun…Beraz, aipatu eleberri humoretsuan liburuen bidez protagonista guztiak eraldatzen dute izaeraz eta aldartez (idazleak bere misoginia gainditzen du, haren arrebak etxeko giro itogarria garaitzen du eta aurkitzen duen maitaleak, liburuak saltzeaz aparte, literatura idaztera pasatzea deliberatzen du…).

Bestalde, Bernhard Schlink (Bielefeld, 1944) zinemara eramandako “Irakurlea” (Der Vorleser) narrazioa idatzi zuelarik (1995) emakume analfabetoa pertsonaia aurkezten digu irakurketarako gaitasun ezak nozitzen duen tragedia azaldu nahian. Hau da, gure gizartean irakurketa, hala literaturan nola mundu ikuskeran, eragiketa kognitiboa denaren gainetik ezinbesteko ohitura kultural bihurtu denez, gizabanakoen nortasuna hobetzeko lanabesa ere bilakatu ohi dela ematen du.

Horixe bera ikertu nahi izan zuen bere garaian Marcel Proustek “ Sur la lecture” idatzi zuenean (1906, neronek eginiko euskal bertsioa EGAN aldizkarian argitaratua , 2011-3/4) eta horixe saiatu zen aztertzen “ A la récherche du temps perdu” idazketaren bidez (1922). Hau da, edozein irakurketak edo hitz jarioek ez dutela berdin balio.

“Denbora galduaren bila” izeneko azken honetan pertsonaiak, beti opor garaietan, irakurritakoaz mintzatzeko elkartzen dira eta, edozein aitzakiak balio du hizketarako, hitzen gose dauden hitz jale bihurturik…bai irakurketak baita hizketaldiak ere hutsalak izaten dira haien artean beti zeren helburua ez da, berez, ezer argitzea edota deliberatzea, denbora pasatzea baizik.

Bakantzak direlarik hori bera sumatu ohi dut inguruan: hitz txatxuak…berdin idatzita edo entzunak…inguruan benetako gosea eta deliberoak egon arren.

 

Fito Rodriguez

Bilatu