Literaturak, beste arte batzuek bezala, irudikapenez lan egiten du, hau da, hizkuntzak ordezkatzen dituen pragmatika prozedurez (beti zehatzak direnak). Mimesi oro, definizioz, inperfektua da; beharrez, bazterrean uzten ditu elementuak, parte hartzerik izaten ez dituzten istorio zatiak, alegia.
Horren kontzientzia hartzean, geure buruari galdetu behar diogu zer den idaztean baztertzen utziko ez duguna. Esaterako, parlamentuek herri-subiranotasuna formalizatzeko alderdi hierarkizatuak lehenestean eta, aldiz,, aginduzko mandatua duten herritarrak erabiltzen ez dituzten bezala, ordezkaritza-moduak mekanismo zehatzetatik abiatuta bakarrik pentsa daitezke, adibidez, hizkuntzaren arloan izen zehatzez eta izenordainen bidez adierazten dena. Horregatik, poetika zehatzik gabe, hau da, irudikapen-modu berezituen eta espezifikoen sistemarik gabe, ezingo dugu historia, politika eta demokrazia pentsatu.
Antifrankismoan jorratutako pertsonak eta mugimendu zehatzak historiatik baztertzea (Argala, Txiki edo hirurogeita hamarreko hamarkadako borroka autonomoak), arautu gabeko oposizio politiko oro terrorismoarekin parekatzea egungo kontakizun "demokratikoan", memoria eraikitzailea eragozten ari da, eta, aldi berean, klixe faxistak errepikatzea ahalbidetzen du, adibidez, poliziarekin izandako liskar edo pintadaren aurrean, errua "betikoei" botatzea, egoera politikoa aldatu izan ez balitz bezala, ildo horretatik doan jarrera da. Eta hori gertatzen da, hain zuzen ere, bazterketan eta herri-subiranotasunean oinarritu ez diren botere ordezkatzailearentzat, ezer ez delako aldatu, ezer aldatzea nahi ez dutelako.
Aipatu dena ikusezin bihurtzean, ezin da hitz egin politikoki askatasunaren alde nortzuek borrokatu izan zuten, eta noren aurka, zer-nolako erresistentziez eta ze prezio ordainduta (euskal presoak, kasu).
Trantsizioaren mitoaren elipsietan bizi dira egungo ustezko "herritartasun demokratiko" instituzional horren amesgaiztoak.
Hizkuntzak ezeztatu egiten du hori dena ezkutatuz baita bere hitz preziatuenen bidez zerbait erakusten duenean ere. Hori gertatzen zaio askatasuna hitzari, frankismoaren aurkako borrokaren helburua zenari, eta gaur egun Madrilen kaña batzuk hartzearekin edo Bilbon babestutako segurtasun-arazo batekin parekatzen denari. Izan ere, askatasunaren ikaskuntza ez dator garaiko esperientzietatik, ondorengo mito batetik baizik. Kontzeptu honek Trantsizioa erregimen konstituzionalaren zerbitzurako fabula gisa sostengatzeko balio du, baina ez bere oinarri izan diren garaiko borrokez ezer ulertzeko.
Hirurogeita hamarreko hamarkadan, askorentzat zeregin politikorik premiazkoena ez zen askatasuna ikastea, diktadura desikastea baizik. Gazteek frankismoan irakatsitako guztitik askatu nahi zuten, botaka eginez. Beraz, ez diogu geure buruari galdetu behar nola ikasten den askatasuna, baizik zer muga dituen kolektiboki onartuta eta beharrezkoak direnak, eta, bide batez, nola defenda genitzakeen haiek. Hori egin ahal izateko, gauza asko desikasi behar ditugu, eta, horien artean, gure aurretik datozen murrizketa batzuk, gure gain hartzeko naturaltasunez hartu ohi ditugunak eta, berez, mugatzen gaituztenak.
Demokrazia berriz ere zintzilik dagoen honetan, eta harresiak prebentzio-egoera berrien defentsan altxatzen ari diren honetan, gazteek adierazpen-askatasunaren alde eta errepresioaren aurka egiten duten oihua berriro agertzen da, eta horrek agerian uzten du zer gaitasun ote dugun imajinatu ahal izateko zer gerta zitekeen, baldin eta, oldar poetiko batean, denok haren defentsan besarkatuko bagina.
Dirudienez, adostasunaren zuhaitzak hausturen basoa estaltzen du, eta horren barruan borroka forma baztertuak desagertarazen dira. Aukera honek, diktadorea agintetik kentzeko kapazik izan gabe eta orduko nahiak ahaztu zituztenen asimilazio instituzionala adierazten du. Haiena, frankismoaren egitura moral sakonarekin eta konstituzionalismo monarkikoaren berezko erakundeen pobrezia etikoarekin izan da azken konpromisoa, azkenean.
Duela hogei urte jaiotako gazteak azken aldaketa politikoetatik eta lan-merkatutik kanpo geratu dira. Etorkizunerako gizarteko sektore funtsezkoena izan arren, bere belaunaldi-esperientzia ikusezin bihurtzen du haien aurreko adinekoen ibilbideak. Gaur egungo gazteek –akratak, komunistak, pasotak–, leku propiorik eskaintzen ez dien demokrazia horrekin pozik ez daudenek, beste bat asmatu nahi dute, benetako demokrazia bat, bizitzan eta eskubideen erabileran indarra jarriko duena. Kultura da, herritarren eremu malguena den aldetik, politikan parte hartzeko haien modu nagusia, eta, horretarako, erakunde autonomoak behar dituzte (lonjak, aldizkariak, fanzineak, gaztetxeak). Horien bidez, herritartasun ideal bat sortzen dute, metafisika politikorik gabea –nazioaz edo alderdiaz aparte–, egunerokotasunean gertatzen diren aldaketa erradikalen dentsitatean zentratua (adibidez, etxebizitzaren arazoan). Ondorioz, haien gerra-oihuak propaganda alderdikoiak harrapatzen ditu salatzeko eta haien bizimoduak poliziak jazartzen ditu.
Bitartean, etsipenezko posizioaz jabeturik, marjinazioa adierazten dute irudi eta lelo adierazgarrien bidez margotzen dituzten hormetan.
Nori berea.
