Fito Rodriguez
Fito Rodriguez
Idazlea

Irulegiko bosteko

Duela hamalau urte Arangureneko Udalaren esku-hartzeari esker eremu ez eskualdunetik eskualde mistora pasatzera eskatu eta lortu zen.

Iberiar alfabetoz izkiriaturiko antzinako euskaraz «Zorioneko» hitza antzeman dakioke aurkitu berri den testu bati. Idazkia, gainera, brontzezko esku batean agertu da Nafarroako Aranguren aranean. Ematen duenez, euskaraz idatzitako testu zaharrena izan daiteke Irulegiko aztarnategian aurkitu dutena. Bistan da, bada, egungo Espainian dokumentaturiko lehendabiziko hizkuntza idatzi eta bizia ez dela gaztelania, eskuara baizik.

Egun, informazio gizartea deitu duten honetan, ez dugu inoiz guztiz jakiterik daturen bat zeharo ezabaturik dagoenentz. Hau da, gure ohiko artxibategi bihurtu diren ordenagailuetan sartutako informazioa gainetik kendu nahi izanda ere, badago aurkituko duenik. Informatikan adituak badaki datua aurkitzen, ezabatua izan ondoren. Areago, egun esan daiteke edozein informazio aurkitzerik badagoela, duela hainbat mende hilda dagoenaz, haren bizieraz, pasadizoaz... Sekreturik zikinena ere, kaka bezala, azaleratuko da noizbait... eta hori ez dago esplikatu beharrik, berezkoa baita.

GALi buruz hizketan orduko Espainiako buru zen Felipe Gonzalezek «ezer frogatzerik ez zegoela» zioskun baina bere ministro izandakoak auzora ezer berririk ekarri ez arren, argi utzi du mundu honetan ezin dela ezer ezkutatu, ez burdin aroan ezta eskuburdinen sasoian ere.

Esku batek gure eskura jarri du garai bateko eskualdun haien zoriona legez, oraingoz eskuara guztiz ofiziala ez den eskualdean. Ez da arkeologia egin behar jakiteko eskuara Nafarroa osoan ofiziala izateko ebazpena onartu zela Nafarroako Parlamentuak 1980. urtean nahiz eta Foru Hobekuntzaren arabera, adostutakoaren kontra, gauzatu ziren oinarriak finkatzean zonifikazioa 1982an inposatu eta, haien arabera, Aranguren eremu ez eskualdunean ezarri.

Jakina denez, eremu eskualdunean eskuara koofiziala da eta aitortzen zaio gizarte erabilera irakaskuntzan; eremu mistoan, aldiz, lingua navarrorum delakoa ez da ofiziala baina nolabaiteko babesa duela diote; eremu ez eskualdunean, azkenik, ez da eskuara aintzakotzat hartzen.

Duela hamalau urte Arangureneko Udalaren esku-hartzeari esker eremu ez eskualdunetik eskualde mistora pasatzera eskatu eta lortu zen, ez ziren esku-hutsik geratu baina, noski, oraindik hantxe eskuara behar bezala babesteko eskubiderik ez dute haien lurraldean.

Inongo eskubeltzik izan gabe, duela 3.000 urteko Arangureneko eskuahaldunen eskuluzeak eskukada eta eskumuinak bidali berri dizkigu. Zorionekoak gu!

Bilatu