Fito Rodriguez
Fito Rodriguez
Idazlea

Jacinto Rivas eta Martin Artola

Bi komikiek bat egiten dute izaera inkonformistarekin, errebelaziokoarekin, kulturarekiko maitasunaren irrika indartsuarekin, alderdi formalaren lanketa sotilarekin

Durangoko azokaren esperoko azken egun hauetan bi jaiotza nahiz bizitzen lekukotasunen berri eman ahal izatea egokitu zaidala uste dut.
 
“Sasi artean Elgeta” baita “Bidea da borroka” izeneko bi komikien aurkezpenetara joan naiz eta, zinez, haietaz hitz egin beharra dagoela iruditzen zait.

Bietan bere arteaz bizi nahi du pertsonaia nagusia bana aurkituko dugu, akordeoi diatonikoaz eta bertsolaritzaz hurrenez-hurren, Elgeta eta Martin. Ez dira biografiak, fikzioa baizik baina bere hartan eta komikiak izanik, bakoitzak berean inguruko gizarteaz bezain beste norberaren ofizioa zertan datzan azaltzen dute eta, horretan, euskal kulturako balizko langileek zer-nolako sufrikarioa daukaten pasatzeko baita gure kulturaren benetako balioak eta haietatik bizi ahal izateko behar den balorea ere mahigaineratzen dizkigute. Argi esanda, biak ala biak, hala Elgeta nola Martin, gure heroiak dira eta, ildo horretatik joanda, euskal kulturaz bizitzeko hautua egin duen edozein ere ia heroitzat hartu beharko genukeelakoan nago.

Ez da hori, ordea, aipatu bi protagonisten aukera. Haiek, bada, lana nahi dute, besterik ez. Gainerako beste langileak bezala izan nahi dute, ez heroiak baina, esan bezala, haien inguruko gizartearen balioek ez diete horretarako beste biderik eskaintzen heroi apalak izatea baino.

Komikiak landutako erreflexu estetikoak arazo honengana hurbildu egiten gaitu, eta, beraz, hurbilago agertzen zaigu horrela aspaldiko eta oraingo euskal kulturaren langileen bizitzaren kontzientzia.

Bertold Bretchek, agian, ez luke onartuko estetika hori eta protagonistekiko «distantzia» hartu beharra zegoela gogoratu liguke baina, egia esanda, ni Elgeta eta Martinekin, Martin eta Elgetarekin identifikatzen naiz, areago, uste dut, edozein fikziok lortu behar duena irakurlea protagonistekin bat egitea dela eta, ondorioz, haren munduan ahalik eta gehien murgildu ahal izatea dela helburua, aipatu bi komiki hauetan gertatzen dena, alegia.

Komiki hauek atentzioa ematen duten zerbait badute. Ustekabea izango da, beharbada, begi-bistakoa den horretatik ateratzea? Litekeena, begiralearekin jolastea, begirada zabaltzea Hortzmuga deslokatuz. Bi komikiek bat egiten dute izaera inkonformistarekin, errebelaziokoarekin, kulturarekiko maitasunaren irrika indartsuarekin, alderdi formalaren lanketa sotilarekin.

Bi lanek beren magia zabaltzen dute, sortzaileen lana egiten dutelako, teknikak berrituz, formulak eta irudimenezko planoak errepikatuz. Begiradaren logika hausten dute eta begiratzeko ekintza birmoldatzen dute. Formen, sekuentzien eta materiaren gakoen metodologia probatzeko orduan agertzen dira gidoilari eta marrazkilarien arteko konplizitateak. Testurak, edukiak, horizonteak, bolumenak zabaltzen dituzte, eta ohiko hizkera aldatzen dute, ez-lekurantz, irudikatu gabeko norabiderantz ihes egiteko egoera batetik esanahi berrituetara lerratzen dira.

Durangoko azoka badator eta euskal kultur langileak hor azalduko dira. Espero dut, Elgeta eta Martinen aldamenean, berriki sortutako haien sindikatua ere, Lanartea, hortxe ikusi ahal izatea gure kultur sortzaileak ez uzteko merkatu desarautuaren arabera heroiarena edo bilauarena egin beharraren antinomian giltzapeturik.

Bilatu