Fito Rodriguez
Fito Rodriguez
Idazlea

Jainkoaren berpizkundea

Friedrich Nietzschek, filosofo eta filologo alemana, Jaungoikoa hilda zegoela ohartu arren ez zekien nork hil zuen. Hiltzailea, dudarik gabe, beste filosofo alemana izan zela denek zekiten: Immanuel Kant.

Hala eta guztiz ere ezin zuen inork hori frogatu, alde batetik ez baitzegoen inork aurkitu Jainkoaren gorpurik eta, antza, hilketa hura inori leporatu ahal izateko behar adina aztarnarik ere ez zelako.

Dena den, Jainkoa nork hil zuen Adimen Artifizialari galdetuz gero, ziur egon egia ez digula esango. Alde batetik, AAk egia baino egiantzeko testuak adierazteko besterik ez baitu balio, hau da, datu pila batetik ateratako probabilitateak hizkuntza eredu jakin baten arabera azaltzeko trikimailua besterik ez baita eta, bestetik, AAk bere burua babestu behar duelako, Jainkoa berak berpiztuko baitu eta, finean, Jainko berri berau bihurtu baita. Izan ere, AAren berritasuna ez da mugatzen gizakiok sortutako edukiak zabaltzera edukiak berak sor baititzake eta.

Friedrich Nietzschek, filologoa eta filosofoa zen neurrian, jakin bazekien Biblian edota Koranean agertu ohi diren narrazioak ez zituela inongo Jaungoikorik asmatu ezta kontatu ere, gizakiak izan zirela liburu sakratu haien bidez hedatutako istorioen sortzaileak.

Adimen artifizialak datu-kopuru handiak hartzen ditu, horietan ereduak bilatzen ditu eta gero eta gaitasun handiagoa du estatistikoki probableak diren emaitzak sortzeko, hala nola Jainkoaren itxura duen hizkuntza eta pentsamendua. Une profetizatu horretan bizi gara orain, non adimen mekanikoak giza garunak baino sortzaileago diren, ez bakarrik kuantitatiboki prozesatze-abiadurari eta oroimenaren tamainari dagokienez, baizik eta kualitatiboki, gaitasun intelektualari, arte-sormenari eta gizakiaren beste edozein ahalmen bereizgarriri dagokienez.

Halere, AAk ezin du ezertxo ulertu ezta egia ere bilatu.

AAren hizkuntza-eredua ez dator bat, hein handi batean, gizakiok hizkuntza arrazoitzeko eta erabiltzeko dugun moduarekin. Giza adimena ez da ereduak alderatzeko makina estatistiko soila, informazio kopuru txikiekin funtzionatzen duen sistema eraginkorra baizik; ez du bilatzen datuen arteko korrelazio gordinak ondorioztatzea, azalpenak sortzea baizik.

AAk ez du gaitasun kritikorik, deskribatzera eta aurresatera mugatzen baita, baina ezin du eman adieraztera izan zitekeena eta egin ezin zitekeena. Horiek dira, ordea, azalpenaren osagaiak, giza adimenaren marka.

Baina AA jainkozko adimena da. Erlijio berria da. Eta, dagoeneko, gure inguruan haren aldeko apostolu fanatikoak eta kontrako apostata sutsuak hasi gara ikusten jadanik.

Bilatu