0 iruzkin

Jendartea

 

Nekez hitz egin liteke Giza Eskubideei buruz, bere subjektua aipatu ezean. Hartara, giza eskubideen kontzeptua prozesu historiko oso bati lotuta dago. Babilonian esklabutzaren lehen abolizioarekin abioan jarri ostean, aintzinako Grezian edota Erroman nagusitu ziren ideiekin (Politika eta Zuzenbidea, hurrenez hurren) garatu zen prozesua, hain zuzen, Erdi Aroan hasiberrituriko indibiduazio, Pizkundeak erakarritako paradigma aldaketa eta, batik bat, Argien Garaikideen eskabide iraultzaileei esker sekulako bultzada jaso zuena. Orduaz geroztik, anakronismo guztiak zokoratuz joan gara eta Giza Eskubideak hizpide bilakatu zaizkigu aro berriko zentzuan.

Beste era batera esanda, mendez mende landuriko kultura eta ideiaren emaitza dugu gizakizkoa: horra hor, bada, Giza Eskubideen inguruko diskurtsoak aipagaitzat hartzen duen  banakako subjektu politikoa ulertzeko oinarria. Abiapuntu hau, baina, ez da ahistorikoa; alderantziz, subjektu horren sorrera ahalbidetuko duten hainbat indibiduazio prozesuren metaketa etangabea du iturburu.

Norbert Elias[1], kulturari buruzko soziologo judu-alemandarrak prozesu zibilizatzaileak aztertu zituen bereziki, prozesu horien garapen historikoan aurkitzen bait ditugu gizarte harremanen mota ezberdinak. Indibiduazio prozedurak aztertzean (aldaketak, eskubideek eta betebeharrek jasotzen dituzten era ezberdinak etab.), prozesu horien jatorri historiko zein garapenezkoaz ohartu zen. Horra hor bere «soziologia irudiztatzaile» izenekoaren iturria.

Ildo beretik, Eliasek hiru gizarte mota “aurre-irudiztatzen” dizkigula esan genezake:

            gizarte erlijiosoa, aro berriko gizartea eta gizarte posmodernoa.

Gizarte erlijiosoan, berez, ez dugu gizarte egiturarik aurkituko, elkarbizitza mota bat baino ez bait zen, non eskubideak soilik politikariei zegozkien. Aristotelesen ustetan, gizakia “zoon politikon”-a zen, alegia, animalia politikoa, eta zeregin horretatik kanpoko inor ez zen eskubideen subjektu izateko gai.

Egungo ikuspegitik, gizarteari dagokion gauza da politika; paideia greziarraren ustean, ordea, kontrakoa zen[2]: eskubideak egilesten zituena politika zen eta eskubide politikoak gizaki soilari onartzen zitzaizkion, hots, Greziako gizonari. Esklabuak, emakumeak, atzerritarrak… horrelako eskubiderik ez zuenez, ezin zuen gisaki ere izan.

Politikaren kontzeptua, beraz, erkidego greziar horri zor diogu. Hala eta guztiz, balizko kasuistika arautu baino, agoran bildu eta liskar-auziak banan-banan aztertuko zituen batzar edo Kontseiluari jarraitzen zitzaion “gizarte” hartan.

 

Legeak eta Zuzenbidea, bederen gaur egun ulertzen ditugun zentzuan, erromatarren asmakizuna dira. Hori bai, haiek ere ez ziren denekin modu berean aritzen, ezen bereizketa egiten bait zuten erromatarren eta erromatartugabeen artean, hiritartasuna horren arabera esleituz. Pizkunde izenekoaren haustura heldu arte, aipatu bereizkeriak indarrean jarraitu zuen.

           

            Guk ezagutzen ditugun Giza Eskubideen aurrekaria, beraz, erromatarren “Ius Gentium” izenekoa da: alegia, mundu osoari dagozkion eskubideena, edonori aplika dakizkiokeenak, ez soilik hiritarrenak.

           Gentium horretatik datorkigu guri jendea hitza eta Jendartea kontzeptua.

Honetaz guztiaz hitz egingo dugu hurrengo ostiralean, hilak 16an, arrtasaldeko 8retan Madrilgo MUGA liburudendan Jon Iñarrituren laguntzaz. Giza eskubideen aldarrikapen praktikek teoriaren laguntza eta beharra ere badutelako, eduki.

Fito Rodriguez



[1]           Norbert Elias (1897 - 1990). Soziologo honek botere, jokamolde, emozio eta sentimenduen arteko harremanak aztertu ditu. Izan ere, pentsalariak «soziologia irudiztatzaile» izenekoa sortu zuen. Eta bere lanak ez bazitzaizkion ere arrakasta handiegiko suertatu gune akademikoetan, arlo historikoan garatu zuen soziologiari ezin baliogarriago deritzogu gizarte-egitura azaltzeko orduan, “indibiduazio” faktoreak ezertan gutxietsi gabe.

[2]              Giovanni Sartori “Elementos de Teoría Política”. Alianza. 1992.

/
azken post-ak
azken iruzkinak