Fito Rodriguez
Fito Rodriguez
Idazlea

Justizia Interditaren pandemia endemikoa Maldan Behera

Gabriel Arestik erabili zuen “justizia interdita”ren esamoldea Joxe Azurmendiri bidalitako gutun batean. Esapide horrekin Arestik justiziaren falta salatu nahi izan zuen ez bakarrik Euskal Herriaz aritzerakoan, euskarari buruz mintzatzean, euskal literatura epaitzerakoan edota, oro-har, inertzia dela medio, edozein proposamen eraldatzaileaz juzgua egiterakoan.

Balizko justiziak, beraz, ez bada gauza izaten aurretik jasotako aurreiritziak gainditzeko dagoenari eusteko joera dauka, berez, eta aurreko hura zuzenbidezkoa izan ez bada ere, ustezko justiziak babestuko du betiere.

Hori da Espainiako Justiziarekin gertatzen dena. Frankismotik eratorritako irizpideek, linajeek eta epaileek lotuta eduki dutela orain arte. Horrela izanda, alderdi politikoak legez kanpo uzteko, hedabideak ixteko eta pertsona jakinen araberako akusazioak “eraikitzeko” (independentismoaren aurka, demagun) baita beste pertsona jakinen neurrirako itsutasuna lotsagabeki erakusteko (Juan Karlos errege eta lapur emeritua, kasu) aritu ohi dela.

Madrilen begi-bistako izan da, esaterako, Pablo Iglesiasen aurka erabili nahi izan duten prozesu judizialaren nondik-norakoa.

Auzitegi Nazionalean epaile izar bat baldin badago, horixe da García Castellón. Mario Conderi Banestoren kasua zelatatzean ibili zen, eta orain, hamabi urtez Parisen terrorismoaren aurkako epaile gisa aritu ondoren, une honetako kasurik luxuzkoenak eramaten ditu: Púnica, Lezo, Tándem (Villarejo), BBVA eta Dina.

Eta euskal independentismoaren kontrako borrokan trebatutako epaile honi buruz ari garelarik, berriki, Auzitegi Nazionaleko 3. atal penalak Dina kasua zuzentzera behartu zuen magistratua. Pablo Iglesias Podemoseko buruzagiari itzuli beharko dio maiatzean erretiratutako biktima-izaera. Gainera, jakinarazi dio Iglesiasi kalte egin diola García Castellonek zuzentzen duen instrukzioaren filtrazioengatik, eta existitzen ez diren delituak (ustez Iglesiasek egindakoak) ikertu dituela, eskumenik gabe, eta horrek beste akusatu nagusiari kalte egin diola.

Erraza da pentsatzea zer gertatuko litzatekeen 3. ataleko doktrina independentismoaren aurkako prozesuetan aplikatuko balitz, baina hori ez da gaia. Kasu honetako gorabehera mediatiko eta judizialek oso ondo erakusten dituzte instruktorearen eta Espainiako aparatu mediatiko ultrak Podemosi kalte egiteko duen gogoaren arteko bateratasunak. Kontua da, beraz, eskuin madrildarraren egunkarien azalak Pablo Iglesiasen susmoa zabaltzen aritu direla maiatzetik eta gezur horiek guztiak bertan behera geratu zaizkio Vox akusazio gisa onartzeko asmoa zuen epaileari.

Espainiar justizia interditaren pandemia endemikoa maldan behearen hasiera ote?

 

 

Bilatu