Fito Rodriguez
Fito Rodriguez
Idazlea

Justizia trantsizionala, ez transakzionala.

Espainian deitu zuten Trantsizioa transakzioa besterik ez zela izan aipatu dut inoiz[1]. Hau da, salmenta baino ez zen izan orduko oposizio politikoak frankistekiko hitzartutakoa. Horrela, erregimenaren kalteak zurituta, oinarrizko injustiziak irauterik izan du 1978tik orain arte. Aldiz, Argentinako edo Txileko diktaduren egoera bertan behera geratu zen 1983an. Irlandarren irtenbidea hasi zen  planteatzen 1999tik aurrera. Timorren, baita ere, 1995ean edo hortik aurrera. Beno, zenbait tokitan munduan zehar planteatu izan dute aipatu justizia trantsizionala, nik zuzenean edo zeharka ezagututako Irlandan, Argentinan, Txilen, Perun, Timorren, Hego Afrikan dagoeneko aurrera eraman dute Espainiako Trantsizioa deitutako hartan planteatzerik izan ez zen justizia trantsizionala.

Baina justizia trantsizional honek zer suposatzen du?

Ohiko justiziak bere bidea egiten baldin badu biktimen aurrean eta egindako kalteen aurrean aritzeko, trantsiziozko justizietan pentsatu beharra dago justiziak zer nolako zeregina bete behar duen. Beraz, biktimei kasu egiteagatik trantsizio politikoaren prozesu bera, aldaketarako prozesu bera, bertan behera gera ez dadin, justiziak zer egin behar duen asmatzen jakin beharra dago[2]. Orduan, justizia mota berezi bat izaten da hori, justizia trantsizionala deritzana (justizia poetikoa, agian?)r[3] eta, normalean, gauzatu egiten da Egiaren Batzordeen bidez. Hau da, Hegoafrikan kasu, hala Estatuak nola haren kontra aritutako oposizioak ere egindako kalteen berri eman behar izan dute aipatu batzordearen aurrean, horrela egiten ez duena legez kanpo utziz. Egiaren Batzordeak jasotakoa, berriz, ez da, berez, ohiko legeen arabera juzgatua izango balizko aldaketa politikoaren onerako, baina edozein modutara, ezin izango da aldaketa burutu, aurreko kontuak argitu gabe.

Hori ez zen gertatu Estatu espainiarrean Trantsizio garaian, ordea. Amnistiaren legearekin, adibidez, zer gertatu zen?

Bada, ezin izan zitzaiela aurreko frankismoaren garaiko gertaerei berrikuspena egin eta, are gutxiago, ondorio ofizialik bilatu. Eta horretan oinarritu izan da Espainiako Epaitegi Gorena Garzón epaileari esateko, hain zuzen, Amnistia Legeak ez zuela ahalbidetzen, ez zuela baimentzen ezertxo ere egin ahal izatea frankismoaren krimenen aurrean[4].

Orduan, nire galdera, hau aztertzerakoan, zera da: ondo egin al genuen amnistia eskatzen, kontuan izanik amnistia bera beraiek, frankistek, erabili behar zutela eta horrek baldintzatu egingo zuela zetorren egokitzapen politikoa?

Beren immobilismoa justifikatzeko ETA erabili izan dutenen eta, oraindik memento honetan erabiltzen ari direnen aurreko ankerkeria guztiak ordaindu gabe gera daitezen eskatu genuen orduko amnistia?

Baiki, nik uste dut garai hartan amnistia, sortu zela, hein batean, Alderdi Komunistaren berradiskidetze teorien eraginez, baina Euskal Herriak, halere, ongi erabili zuela, hau da, Euskal Herriak lortu zuen presoak kaleratzea eta hori izan zen orduan funtsezkoena baina ez da izan, ordea, lortutako emaitza bakarra…

Eta gainera, hori guztia gertatu ondoren etorri dira Historiak ere eman dizkigun beste adibide batzuk, eta hori da, hain zuzen ere, orain planteatzeko daukagun aukera berri bat. Aurretik adierazi dudana, hau da, orain ziklo aldaketa baten aurrean baldin bagaude, eta 2011n ETAk erabakitako su-eten iraunkorrari esker hala gaudelakoan nago, seguru aski justizia trantsizionala eta Egiaren Batzordeak izango dira hurrengo urratsa eman ahal izateko ardatzak.

Halere, Donostiako udal oroimen batzordea berriki antolatu delarik, oposizio osoak muga-data jarri dio memoriari: 1975. Beraz, Estatutu aurretik(1979) edota espainiar konstituzioaren aurretik ere (1978) itxi nahi dute oroitzapenen ikerketa.

Galdera da, zer transakzionatu dute EAJk, PSOEk eta PPk?

Trantsizio sasoi hartaz zer ezkutatu nahi dute orain?

Udara honetan Euskal Herrian Justizia Trantsizionalaz antolatutako bilkurek, ordea, hala oroimena aztertzeko nola egoera politikoa eraldatzeko ere bideak jorratzen eskaintzen segituko dutelakoan nago.

Fito Rdz.

 



[1] Rodriguez, F (2013) ) Justizia interditaren poetika.. Utriusque Vasconiae. Donostia.

[2] Rodriguez, F (2012) Biktimari agurka. Utriusque Vasconiae. Donostia.

[3] Ibañez. J (1988) “Cuantitativo, cualitativo”. In Terminología científica-social. Anthropos, Barcelona. 218-233 or. Non, gizarte sistema poietikoez hitz egiten duen, zurruntasunetik at, egoeraren araberako giza harreman eredu desberdinak sortze bidean.

 

[4] Nahiz eta 2008tik NBEk frankismoarenak gizateriaren aurkako krimen gisa izendatua izan, “munduan beste asko bezala” Ivan, A (2012) Berria 2012/09/20.  

Bilatu