Fito Rodriguez
Fito Rodriguez
Idazlea

Königsberg ez dago inon

Königsberg bezala, Günther Anders ez da gaur existitzen, nonbait

Königsbergen jaio ziren Emmanuel Kant edo Hanna Arendt, filosofia modernoaren arkitektoa izan zena eta haren erreformatzailea, hurrenez hurren. Biak ala biak pentsamendu alemanaren giltzarriak.

Königsberg Ekialdeko Prusiako hiriburua izan zen Erdi Arotik Bigarren Mundu Gerratea bukatu bitartean zeinean, sobietarrek hartu eta Kalininingrado izenez batailatu zuten. Gaur egun bere izena historian baino ez da existitzen, beraz, ez mapetan, ez «errealitatea» deitzen dugun horretan ez dugu gaur aurkituko.

Kantek existitzen ez zen alemanera mota bat asmatu behar izan zuen orduko errealitate horretaz pentsatu ahal izateko. Arendtek, berriz, hizkuntzaz-hizkuntza aldatuz ibili behar izan zuen bere mundu erreala ulertzeko.

Izan ere, pentsamendu oro, berez, mugako sentimenduaren balioen azterketa zorrotza eta emankorra da, eta pentsalari mugalariaren jarrerarekin eta senarekin ekoizten da. Balizko pentsalari horrek gai behar du izan jakintzaren diziplinetan ezberdintasunez aritzeko eta, halaber, konparazio bitxiak bilatzeko.

Zientziaren, artearen edo eguneroko bizitzaren historiatik ateratako adibideen bidez, pentsalariak erakutsi behar du ezagutza ez dela inoiz hutsala, eta zientzia, literatura eta intuizioa elkar estimulatzen eta hibridatzen direla haren objektuak, metodoak eta hizkerak batera erabiliz.

Duela gutxi, Arendti buruzko biografia dokumentatu bat irakurri nuelarik, bere senarra izan zen Günther Anders (1902-1992) ez zela agertzen konturatu nintzen. Jakina, Güntheren jatorrizko abizena Stern izan zen eta Anders, berriz, hark hautatutakoa eta, aipatu testuan, azaltzen ez zena.

Königsberg bezala, Günther Anders ez da gaur existitzen, nonbait.

Gaur biopolitikaz hitz egiten denean eta biokontrolaz aritzen denean, gutxitan gogoratzen da Günther Anders, teknologiaren lehen kritikarietako bat izan zela eta, seguruenik, makinarekin dugun itsutasunaz bere buruari galdetu zion lehenengoetariko bat. Andersek bonba atomikoari buruz ez ezik, telebistak ezartzen zuen gizarte-kontrol mota berriari buruz ere ohartarazi zigun, baita gorputzaren erreferentzialtasuna eta emozioen manipulazioa politikaren helburu nagusi bihurtzen ari zirela ere. Mundu errealari buruzko hausnarketari lotutako pentsamendu-prototipoa izan da, zalantzarik gabe.

Filosofoa, kazetaria, borrokalari antinuklearra eta gizarte industrialeko kritikaria izan zen, baita Cassirer, Husserl eta Heideggeren ikaslea ere…

Alemanezko «Anders» hitzak «bestea» edo «beste era batez» esan nahi du; 1930. urtearen ondoren etengabe erabili zuen ezizena da,nahiz eta bere izengoitia ere «Arendt» deituratik datorren hitz-joko bat den, Arendt bere lehenengo emaztea izan zelako.

Haren liburuetan, Arendtekin, Brechtekin eta Benjaminekin partekatzen du gizateria miseria mental batera iritsi dela, segurtasun-sentsazio faltsuarekin aldera badaiteke ere.

Gure egoera garaikidea deskribatu zuen, bada, eta, halere, Königsberg bezala, Günther Anders ez da gaur inon azaltzen.

Bilatu