Fito Rodriguez
Fito Rodriguez
Idazlea

Krimena eta zigorra

Netanyahu eta Trumpen jarduteko moduek oinarrian duten ustelkeriak eta horrek dakarren zigorgabeko kriminalitateak giza duintasunaren gaia eta horren ondorio praktikoak birpentsatzera garamatzate nahitaez. Izan ere, badira hilzorian egoteko edo hiltzeko moduak, batzuk duinak direnak eta beste batzuk miserableak direnak. Desberdintasun hori ez zaigu agertzen heriotzaz mintzatzean soilik, Herio beti tragikoa baita. Bizitza ere tragikoa izan daiteke, baina horrek ez du esan nahi miserablea izan behar duenik: bizitza batzuek, ikusten ditugunean, gizadiarenak izateaz harro sentiarazten gaituzte, eta beste batzuek, aldiz, arbuioa eta are gaitzespena eragiten digute, Netanyahu eta Trumpen bizitzek nozitzen duten moduan.

Fiodor Dostoievskik "Krimena eta zigorra" eleberria argitaratu zuen 1867an; hartan, giza duintasuna gai nagusia da, eta protagonistaren, Raskolnikov, barne-borrokaren eta «ezohiko gizonei» buruzko teoria baita, krimen bat egin ondoren aurre egin behar zion errealitate existentziala aztertu zituen. Raskolnikovek uste zuen badirela goi mailako pertsonak, lege moralak urratzeko gai direnak, eta behe mailako pertsonak, arau sozialen mende egon behar dutenak eta besteen patuaz erabakitzeko duintasun propiorik ez dutenak. Ikuspegi horrek, bere buruan, hark buruturiko hilketa justifikatzen zuen, gizartearentzat hildako pertsona hura «alferrikakoa» zela uste baitzuen.

Nobelak erakusten duenez, ordea, duintasuna ez da gutxi batzuen pribilegioa, gizaki orori datxekion zerbait baizik. Raskolnikoven krimenak ez du berau goratzen, degradatu eta isolatu egiten du, krisi existentzialera eramanez. Nobelak, besteak beste, batzuen sakrifizioa justifikatzen duten teoriek sortzen duten gizatasun eza eta duintasun galera salatzen ditu.

Izan ere, literatura giza duintasunaren lekukotza eta defentsa aktiboa izan da, eta testuinguru txarrenetan ere duintasunari eutsi eta aldarrikatu daitekeela erakutsi du.

Eleberri askotan, umiliazioa, pobrezia, diskriminazioa edo indarkeria jasan arren, duintasuna mantentzen duten pertsonaiak agertzen dira. Horrela, literaturak azpimarratzen du duintasuna berezko balioa dela, bortxatu egin daitekeela, baina ez kendu. Beren edo besteen duintasunaren alde borrokatzen diren pertsonaiak erresistentziaren eta gizarte-eraldaketaren sinbolo bihurtu ohi dira.

Hannah Arendten arabera, esaterako, pertsona duintasuna duen izakia da besteekin harremanetan eta espazio publikoan ekiten duelako. Bere existentzia eta askatasuna besteekin batera eraikitzen du, eta horrek duintasuna ematen dio.

Gizakien artean, bestalde, beti badago bortxaketa posible bat, eta irain horri erantzuteko aukera ere egon badago beti. Izan ere, intolerantziaren agindua duintasunarekin bat dator, eta filosofikoki ere zehaztu egin daiteke: intolerantziaren agindu morala egon badagoela baieztatuz...

Zeren gogora ekartzen ari garen zirkunstantzietan, norberaren erantzunik ezak paradigmatikoki erantzuten dio portaera ez-moralaren definizio kantiarrari; hau da, komenentzia ausazkoengatik maxima subjektiboa, zera, egokitze koldarra eta, horregatik, ezinbestez jarrera ez-duina bakarrik jasatea edo ahalbidetzea litzateke.

Duintasuna, beraz, nahitaez demostratzen da publikoki, eta hark ez du baimentzen beste aldera begiratzea.

Europa eta NATO Netanyahu eta Trumpen mehatxuekin kikiltzen badira, haien duintasunik eza da guztion eskubideak galtzeko bidea.

Berez, duintasuna gizakiaren berezko balioa eta begirunea da, pertsona bakoitzak bere izate hutsagatik merezi duena, inolako baldintzarik gabe. Ez da kanpotik ematen den zerbait, baizik eta pertsonak bere baitan eramaten duena, eta ez dago ez genero, ez etnia, ezta beste baldintza sozialen mende ere.

Duintasuna unibertsala da: pertsona guztiak dira duinak, nolakoak diren edo zer egoeratan dauden kontuan hartu gabe.

Netanyahu eta Trumpen krimenek erantzuna behar dute, zigorra merezi dute eta, hori gauzatu ezean, denon duintasuna, guztion eskubideak kolokan egotetik desagertzeko bidera eramango ditugulakoan nago. Honetan ere, intolerantziaren agindua duintasunarekin bat doa eta erantzun beharra dago.

Bilatu