Fito Rodriguez
Fito Rodriguez
Idazlea

Liburuaren eguna: Cervantes, Shakespeare eta Lazarraga

Lazarragako izkribuaren helburua ez litzateke literarioa izango bakarrik, pedagogikoa baizik. Ikasle baten kaiera baino ez litzateke izango, beraz

Hala Shakespearen nola Cervantesen oroigarria izateko jaio omen zen Liburuaren eguna, Katalunian S. Jordi izena daramana eta, bide batez, arrosak oparitzeko ere erabili ohi duten diada.

Miguel & William izenburua eraman nahi zuen Antonio Saurak ekoizteko asmoa zuen filmak, eta (nola ez?!) Cervantesen eta Shakespearen arteko balizko harremanak irudikatzeko plazaratu nahi zuen. Ustez idazle biak egun bertsuan hil zirela, irakurketaren aldeko ekimenak, hizkuntzen arteko ahaidetasuna eta mota horretako hamaika sustapen kulturalik ere antolatzeko erabili ohi da. Gurean, berriz, Cervantesen eta Lazarragaren arteko balizko harremana, nonbait, antzera ikusi nahi omen zuten batzuek.

Halere, Cervantes eta Shakespeare ez zirela egun berean hil argi dago (Las vidas de Miguel de Cervantes. A. Trapiello, 1993), baina ez du inork zalantzan jarriko ustezko gertakizunak balio duela Amaren Egunaren antzeko ospakizun komertzialak antolatzeko eta kultur arloan eragiteko. Ingelesek, ordea, Cervantes maite zuten Berpizkundeko idazlea zelako. Horregatik, haren idazkera askatzeko bidean, eta nahita, gaizki itzuli zuten. Horrela irakurri zuen Borgesek bere garaian, ingelesez alegia.

Ildo beretik, Cervantesen, Shakespearen eta baita Lazarragaren arteko balizko harremanez gogoeta egiteak balio du, alde batetik; eta, bestetik, Larreako jaunaren eskuizkribuaz bestelako hipotesi bat plazaratzeko. Honen arabera, Lazarragako izkribuaren helburua ez litzateke literarioa izango bakarrik, pedagogikoa baizik. Ikasle baten kaiera baino ez litzateke izango, beraz.

Baldin eta Errege Magoak gurasoak direla zabaltzen bada, eta, ondorioz, salmentaren negozioa jaisteko arriskuan ezarri (utikan Andoaningo Baltazar!) Olentzaroren garaiak beste aukera bat irekiko du ospakizun komertzialak agortu ez daitezen.

Sasoi hauetan, Cervantes eta Shakespeare ez zirela batera hil zalantzan jarriz gero, biek, beren testuak idazteko, Belleforest edota Boastinau idazleek aldez aurretik izkiriatutakoa erabili zituztela esan daiteke, edo 1605ean, Gaztelakoak Londresera joan zirenean Armada Garaitezinaren porrota zuzentzera, Shakespeare izan zela bera entretenitzeko bidalitako bat, edota Shakespearek berak hil aurretik antzeztutako azken antzezlanak Kixote duela oinarritzat… edozein loturak balio du negoziorako, egitasmoa kulturala, politikoa nahiz komertzial hutsa izan arren.

Cervantesek eta Lazarragak, ordea, elkarren berri ba al zuten? Dena den, zergatik jarri beharra dago harremanetan bakoitza bere aldetik, berez ulergarria dena ulertzeko? Eta erabateko asimetria dagoenean, zertarako? Hau da, aldera daiteke oraindik ikertzeke dagoena eta hiperazterturik daukaguna? XX. mendearen hastapenean, «laurogeita hemezortziko belaunaldiko idazleek» ideologikoki Espainiaren berreraikuntzari ekin behar izan ziotenean, Kixote eta Cervantes egokitu zituzten haien esanetara. XXI. mendearen hasieran, Europaren eraikuntza garaian, Cervantes eta Shakespeare, gorengo literaturaren paradigma parea, elkarri eskua emanez erakutsi nahi dizkigute nola edo hala.

Eta Larreako jauntxoa? Zer dauka horrek ikusterik historia honetan? Zergatik agerrarazi behar digute bera ere Cervantesen inguruan oraingo honetan? Joseba Lakarrak dio Juan Perez Lazarragakoren lehen hurbilketaren hasieran «eskuizkribuak XVI. mendean inprimatutako benetako literatura ia guztiaren pare» dela.

Era berean, aurkezpenaren bukaeran, «on da gure artean ere jokorako arauak haien sailetan eta gainerako jakintzetakoan ikusten denaren gisan errespeta daitezen».
 
Ez naiz, beraz, arlo filologikoetan sartuko kritika egitera, baina, zinez, ez dut uste Lazarragarena, zentzu hertsian bederen, literaturatzat defini genezakeenik, eta are gutxiago orduko Cervantesek edo Shakespearek egiten zutenarekin parekatzerik dagoenik… ezta beharrik ere! Lakarrak dioen moduan, nire jakintza arloa izan den hezkuntzaren eremutik, hitz egiten dut, bada: ene aburuz, Juan Perez Lazarragakoren izkribua “ariketa kaiera” dugu, eta zehatzago izanik, prezeptore batek jauntxo gazte bati bidalitako heziketa lanerako erabilitako koadernoa litzateke soilik. Ezin esan eskola izkribua denik, orduan ez baitzegoen nobleziarentzako mota horretako eskolarik, maisu morroiak baizik. Garai horren berri eman zigun Rabelaisek bere Gargantua et Pantagruel-en, eta hartan deskribatzen digu orduko hezkuntza lana zein zen: funtsean, ikasleei ariketak idatzaraztea. Xabier Kintanaren arabera (2004-03-05), Lazarragak bere izkribuari ekin zionean, oso gaztea behar zuen izan (hamasei urte-edo…) eta, beraz, ez litzateke sinesgarria hain hizkera heldua erabili izana.

Hori dela-eta, Kintanaren proposamena Larreako jauntxoaren jaiotze data aldatzea da. Horiek hala, euskaltzainak ez du uste Lazarraga 1550ean jaio zenik, aurretik baizik. Proposamenak proposamen, datak teoriaren arabera egokitzea baino, nire ustean, hipotesi berriak plazaratzea da bide egokiena.

Horregatik, egileari berari beste inolako literatur emaitzarik ezagutzen ez zaion neurrian, ezaguna dugun honen kaligrafia aztertu ondoren, bertan, idaztankeran ematen den bilakaerari so eginez (ortografiak bukaeran aurrekoarekin alderatuta ezberdina dela dirudi...), orduko prezeptoreek erabili ohi zituzten ariketak ezagutuz (sonetoak zein pasadizoak idatzaraziz) eta abar luze baten arabera, Juan Perez Lazarragakoren izkribua “ariketa kaiera” dela uste dut, lan didaktikoa; beraz, literatura zentzu hertsian Miguel de Cervantesen lanarekin edo William Shakespearerenarekin alderagaitza.

Badakit, jakin ere, Erromantizismoaren aurretik ezin dela originaltasuna aipatu literaturaz aritzerakoan. Aitzitik, XVI. mendean beste idazleek egindakoa norberak erabiltzea ondo ikusita zegoela oso.

Baina Shakespearek edo Cervantesek eginiko aipuek edo «plagioek» ez dute zer ikusirik Lazarragak egindako kopiarekin, nire ustez kopia hura ikasketa ariketa besterik ez zelako.

Edozein modutara ere, gurean S. Jordi ez eduki arren, Liburuaren egunean, goza dezagun literaturaz, fikzioaz eta ez fikzioaz, Cervantesen lanarekin edo William Shakespearen itzalean, Lazarragaren ustezko jatorriez nahiz bertsioez…

Bilatu