Fito Rodriguez
Fito Rodriguez
Idazlea

Literaeuropa

Zeren eta pentsamenduak eta literaturak hizkuntza bat aukeratzea dakar, berez. Horixe egin zuten Kafkak, Pessoak, Beckettek edo Goethek. Kunderak, Cioranek edo Kallifatidesek…

Gogamenaren adierazpena den literatura, eta poesia bereziki, hizkuntza zurruna gainditzen duen mintzaira iradokitzaile berriak sortzea da. Hauxe da haren ekarpena. Metaforaren miraria, beraz, adierazlea eta adierazia lotzen dituen hizkuntzaren bidez eratutako logos komunaren deskribapenetik ihes egitea eta, halaber, artearen lana kontzeptura hurbiltzea litzateke. Horixe dugu pentsamenduaren, literaturaren eta, zehazkiago, poesiaren funtsezko eginbeharra. Mundu osoan, baina bereziki Europan, Errenaisantza aurretik bederen, landua izan dena.

Idazle poetaren ekarpena ez da, horrenbestez, edukirik gabeko arrazoibide logikoa gainditzea soilik, ez eta bakarrik irudikapen bidezko irudimena zabaltzea ere. Gogoeta literarioa giza gaitasun guztien (sentsibilitatea, irudimena, ulermena eta arrazoia) inplikazioa benetakoa da hizkuntza egintza batean laburbildurik, eta norberaren objektibotasunaren bila aritzea da literatura egintza horren zeregina, Sokratesen aurreko gogamenaren hastapeneko testuetan aurkitzen zena, alegia. Adierazpen ekintza hori, berez, poesia idatzia bera baino ez da, non hizkuntzak bere burua aurkitzen duen, eta non giza gaitasunek indarra eta berrikuntza ematen dizkioten pentsamenduaren esparru jakin bati edo ikasteko balio duen idazkera zehatz bati.

Safo eta Alzeo, Kalimako eta Telesila, Teokrito eta Korina…izango lirateke Platonek bere Errepublikan onartu nahi ez zituen poeta/pentsalari askeak. Haien testuak, bestelako pentsamenduaren adierazleak, bazterturiko idazkuntzak izan ohi dira.

Goethek literatura unibertsalaren kontzeptua sortu zuenean (Weltliteratur), poeta alemaniar handia ikuspegi aski frantses batetik abiatu zen (Estrasburgon ikasia baitzen), nahiz eta hark eskatzen zuen literatura-iraultza Frantziako Iraultzak galdekatutakoa baino sakonago proposatu eta, horren karira, goian aipatutako kultur unibertsala versus ezarriaren kontraesana landu nahi izan zuen. Herderrengandik ikasi zuen ez zegoela, berez, eredu unibertsalik, herri bakoitzak bere hizkuntza duenez, idazleak hala norberaren nola herri esperientziaren eta bizipenak bere kulturari itzultzen dizkionaren egintza baizik.

Goethek adierazpenaren naturaltasuna bilatzen zuen, bere gogoetara egokitua, filologiaren gainetik nahiz eta, askotan, anakronismoetan erori. Hizkuntzaren eta nortasun kulturalaren arteko erlazioari buruzko diskurtsoa zaindu zuen, biak batera doazelako bizitzan. Alde batetik hizkuntzak norberaren barne bizitza adierazten du, eta Goetheren proiektua literatura izan arren, berean literatura nazionala eta literatura unibertsala ez ziren bateraezinak. Izan ere, literatura unibertsala ez da literatura-proiektu berezi eta espezifikoetatik sortzen dena baino ezer gehiago.

Zeren eta pentsamenduak eta literaturak hizkuntza bat aukeratzea dakar, berez. Horixe egin zuten Kafkak, Pessoak, Beckettek edo Goethek. Kunderak, Cioranek edo Kallifatidesek…

Esan daiteke, ordea, hainbeste hizkuntzen artean, literatura europarra edo Europako poesiaren bat ba ote dagoen?

Baietz uste dut, izan ere, hizkuntza bakoitzetik metaforaren miraria gauzatzen denean, lotura denaren hizkuntza bakoitzean eratzen delarik, logos komun europarra baitago egon, partekatutako kultura komuna, alegia, literatura garatzeko erabili den hizkuntza ezberdin bakoitzaren arabera adierazia eta, halaber, norberaren hizkuntzaren arabera ulertua.

Hemen duzue, bada, horretaz guztiaz jabetzeko aukera.

Bilatu