0 iruzkin

Lourdesera bisita

 

Urteak dira amaginarreba eta biok Lourdesera joan ginela. Laurogeita hamar urte pasata  eduki arren hark ez zuen bertatik bertara ezagutzen Pirinioen magalean horren famatua den santutegia. Bisita, zinez, emankorra izan zen. Amaginarrebak, bere ajeak eduki arren, arnasteko zailtasunak zituen eta makulu baten laguntzaz ibiltzera behartuta egonda ere, hantxe bertan aurkitu zituenen aurrean bera oso ondo zegoela deliberatu zuen eta, ondorioz, otoitza egiterakoan, zegoen bezala iraun nahi zuela erregutu zion Ama Birjinari.

Antzerako suertatu zait niri azken egun hauetan Euskadiko Gizarte Zerbitzuen defentsan jende andana kalean ikusi dudanean. Gasteizko alkatea, eta PP oro har, bere garaian beraiek babestutako legearen aurka asaldatu direnean, pobreziaren aurka aritzen diren taldeak aipatu lege eskasa defendatzera kaleratu dira.

Begi-bistakoa da, ordea, gizartea trinkotzeko eta beharrei erantzuteko egungo sistemak ez duela balio. Gaur erabiltzen ohi diren laguntzen partez ( eta beraiek  kudeatzeko egiturak, ikuskaritza barne, gizendu beharrean) askoz eraginkorrago eta merkeago izango litzatekeela, esaterako, oinarrizko gizarte errentaren unibertsalizazioa baina kale aldarrikapena, aldiz, dagoenaren defentsara lerratu izan da.

Agidanez, gure amaginarrebaren antzera, dagoenarekin konformatzen baita gure gizarte zahartua.

Gizartea eraldatzeko horren beharrezkoak diren irudimena eta iruditeria ere galdu al dira dagoeneko?

Fito Rdz.

 

/
azken post-ak
azken iruzkinak