Makinak erantzun dezala guk pentsatzen jarrai dezagun
Platon kezkatu zen idazketak jakinduria ahulduko ote zuen. Gaur, Adimen Artifizialaren aurrean, beldur bera dugu. Baina agian galdera ez da zer egiten duen makinak, baizik eta zer egiten dugun guk harekin. Duela hogeita bost mende baino gehiago, Sokrates kezkatuta zegoen teknologia berri batekin, ez zen Adimen Artifiziala. Ez zegoen internetik, jakina, ez ordenagailurik, ez algoritmo handirik, idazketa izan zen bere kezka iturria.
“Fedro” elkarrizketan, Platonek kontatzen du Theuth jainkoak idazketa aurkikuntza bikaina aurkeztu ziola Thamus erregeari. Idazketak memoria eta jakinduria hobetuko zituelakoan zegoen. Erregeak, ordea, ez zuen horrela ikusi, aitzitik, idatzitakoaren gainean gehiegi fidatzeak benetan gogoratzeko eta ikasteko gaitasuna ahuldu zezakeela ohartarazi zuen. Are gehiago, jakinduriaren itxura eman zezakeela, benetako jakintza izan gabe.
Ez al zaigu hura bera gaur ezaguna egiten?
Izan ere, egun antzeko zerbait ari gara entzuten Adimen Artifizialaren inguruan. Makinak gero eta azkarrago erantzuten du. Testuak idazten ditu, laburpenak egiten ditu, itzulpenak eskaintzen ditu, ideiak proposatzen ditu, kalkuluak egiten ditu, azalpenak ematen ditu. Eta, horren aurrean, kezka bat zabaldu da: Zer gertatuko zaio gure pentsatzeko gaitasunari, makinari gero eta gehiago uzten badiogu pentsatzeko lana?
Kezka ez da hutsala, serio hartu beharrekoa da. Hezkuntzaren munduan, esaterako, gero eta buruhauste handiagoa dago AAk ikaslearen ahalegin intelektuala ordezka dezakeelako. Unescok berak giza ikuspegian oinarritutako erabilera defendatzen du, eta azken argitalpenetan ohartarazi du pentsamendu kritikoa eta giza agentzia ezin direla teknologiaren eraginkortasunaren izenean galdu (Guidance for generative AI in education and research | Unesco).
Baina horrekin batera paradoxa bat badator.
Gogoratu, bere garaian Platon zuzen bazegoen ere, idazketak ez zuen jakinduria suntsitu. Alderantziz, idazketari esker gorde ditugu ideiak, idazketari esker iritsi zaizkigu aurreko belaunaldien pentsamenduak. Irakurtzeari esker ezagutu ditugu inoiz jakiterik izango ez genituen ideiak. Liburu baten aurrean jarrita, beste norbaiten pentsamenduarekin topo egiten dugu eta, sarritan, geurea hobetzen eta osatzen dugu.
Idazketa ez da jakinduriaren aurkakoa izan, beraz, baizik eta jakintza eraikitzeko tresna bihurtu da. Horrek zerbait iradokitzen digu Adimen Artifizialari buruz ere. Agian arazoa ez baita AA erabiltzea, arazoa litzateke AAren aurrean pentsatzeari uztea. Eta aldea ez da txikia.
Adimen Artifizialak erantzun bat ematen digunean, tentazio handia legoke. Erantzuna txukun dago, azkarra da eta, askotan, sinesgarria. Zergatik jarraitu galdetzen? Hor dago tranpa, ordea.
Ez baita gauza bera erantzun bat jasotzea eta zerbait ulertzea. Makinak esandakoa kopiatzea ez da ikastea. Makinak emandako azalpena irakurtzea ere ez da nahitaez ulertzea. Eta erantzun batek autoritate-itxura izateak ez du egia bihurtzen.
Horregatik, AA erabiltzen ikastea ez luke izan behar prompt on bat idazten ikastea bakarrik, “elkarrizketan pentsatzen ikastea” izan beharko lukeela baizik.
Galdera bat egin, erantzuna irakurri, ez konformatu, beste galdera bat egin eta segi aurrera...
“Zergatik? Nondik atera duzu? Zein da iturria? Ba al dago kontrako iritzirik? Zer froga dago hori baieztatzeko? Zer aldatu beharko litzateke hori okerra balitz? Eta, batez ere, nola jakin duzun hori?”.
Hor dago, agian, AAren erabileraren benetako alfabetakuntza.
Jazzeko musikari batek zer behar du ondo jotzeko? Teknika, jakina. Erritmoa. Harmonia. Melodia. Instrumentuaren kontrola.
Baina bada beste zerbait, agian funtsezkoagoa dena: entzuten jakitea.
Musikari batek ezin du bere bakarrizketa prestatu eta besteei jaramonik ez egin. Besteak zer jotzen duen entzun behar du. Une horretan zer gertatzen ari den ulertu behar du. Beste musikariaren esaldiari aditu eta, horren arabera, ekarpena aldatu, behar izan ezkero. Ondoren, besteak berriro entzungo du eta musika sortuko da, jazzaren bihotzean ere elkarrizketa dagoelako.
Jazza ez da “zer daukat nik esateko?” Zer esan duzun zuk, eta zer erantzun diezaiokedan neronek baizik.
Bertsolaritzan ere antzeko zerbait gertatzen da. Bertsolari zailduak ez du soilik bere kasa bertso ederrik osatzen. Aldamenekoak zer esan duen entzungo du. Hitz horri erreparatuko dio. Ideia horretatik abiatuko da eta hari erantzungo dio aldi berean bere bidea eraikitzen saiatuko den bitartean.
Bertsoa ez da bakarrik norberaren sormenaren emaitza, entzunaren gainean eraikitako erantzuna da, eta horixe bera izan liteke AA erabiltzeko modurik emankorrenetako bat.
Beraz, ez eskatu makinari pentsa dezala. Pentsarazi zeure buruari. Agian ez genuke AA erabiltzeari begiratu behar idazle bat ordezkatzeko makina gisa, ezta ikasle baten lana ordezko ere, hobe litzateke “aurkari intelektual” gisa erabiltzea.
Norberak ideia bat du eta makinari aurkezten badio, makinak erantzun egingo du. Orduan hasiko da benetako lana. Ez lehenengo erantzunean, baizik eta bigarrenean, eta hirugarrenean eta laugarrenean.
“Ez nago ados, hori ez zait zuzena iruditzen, eman kontrako argudioak, zein iturritan oinarritzen zara? Bilatu nire arrazoibidearen ahulguneak, zer ari naiz kontuan ez hartzen?”. Horrelako elkarrizketa batean, AA ez da jakinduriaren ordezko bihurtzen, pentsamenduaren ispilu bihurtzen da.
Eta ispilu batek ez du gure ordez pentsatzen. Geure burua ikusten laguntzen digu.
Baina badago, egon, beste baldintza bat, ezinbestekoa, iturriak ezagutzea, alegia. AAk emandako erantzun batek ez luke azken hitza izan behar. Lehen hitza izan liteke. Abiapuntua.
Erantzunak zer iturritatik datozen jakin behar dugu. Iturri horiek fidagarriak ote diren egiaztatu behar dugu. Beste iturri batzuekin alderatu. Jatorrizko testura jo. Kontrako ikerketak bilatu. Eta, behar denean, makina bera zuzendu.
Horrek, noski, lana eskatzen du baina jakintzak, berez, lana eskatuko du beti.
Hori da, hain zuzen ere, teknologiaren promesa handienetako batek sarritan ahazten duen paradoxa, “azkarra izateak ez du beti hobeto egiten”.
Hezkuntzak, batez ere, ezin du ahaztu irakurtzeak ahalegina eskatzen duela. Testu zail baten aurrean gelditzea, esaldi bat berriro irakurtzea eta, askotan, ez ulertzea. Beste liburu batera jotzea. Norberaren iritzia aldatzea.
Idazteak ere ahalegin handia eskatzen du, ideiak ordenatzea, zalantzan jartzea, ezabatzea eta berridaztea.
Eta agian AA erabiltzeak ere ahalegin horrekin kezkatu beharrean beste leku batera eraman beharko genuke jakintzaren bilaketan.
Horregatik hain da interesgarria Platonen istorioari gaur berriro so egitea. Idazketak, Sokratesen ahotik, arriskua zekarren kanpoko oroimen batez fidatzea norberaren barneko lana bazterrean utziz. Baina gizakiok ez genuen idazketari uko egin, eskerrak!
Idazten ikasi genuen. Irakurtzen ikasi genuen. Eta, batez ere, irakurritakoa zalantzan jartzen ikasi genuen.
Beharbada, horixe bera dugu egiteko Adimen Artifizialarekin. Ez dugu zertan haren beldur izan beharko.
Baina ez dugu itsu-itsuan sinetsi behar ere. Erabiltzen ikasi behar dugu. Eta erabiltzen ikasteak ez du esan nahi makinari ahalik eta lan gehien uztea. Kontrakoa izan daiteke, hain zuzen ere, makinak ematen digunarekin ahalik eta pentsamendu gehien sortzea. Horrela, AA ez litzateke jakintzaren amaiera izango jakintzaren beste tresna bat izan liteke.
Jazzeko musikariak badaki ezin duela ondo jo besteak entzun gabe.
Bertsolariak badaki ezin duela erantzun aurretik aditu gabe.
Irakurleak badaki ezin duela ezer ulertu testuarekin elkarrizketan jarri gabe.
Eta AA erabiltzaileak ere ikasi beharko luke ere ez duela makina ondo erabiltzen erantzun ona lortzen duenak, erantzun horrekin zer egin badakiena da makina ongi erabiltzen duena.
Galdera egin. Entzun. Zalantzan jarri. Ihardetsi. Egiaztatu. Iturrira itzuli. Eta berriro galdetu.
Agian hor dago Adimen Artifizialaren aurrean dugun benetako erronka. Ez da, bada, ea makinak gizakia baino gehiago jakingo duen ezta ea makinak gizakiaren ordez idatziko duen ere, galdera askoz sakonagoa da, makina gero eta gehiago dakien heinean, guk entzuten, galdetzen eta pentsatzen jarraituko ote dugun.
Platonen garaian idazketaz zeuden beldurrez, gero liburua etorri zen, gero prentsa, gero irratia, zinema, telebista, internet, orain, Adimen Artifiziala.
Tresnak aldatu egiten dira baina ikasi beharreko gauza bera da beti, tresnak erabiltzen ikastea tresnak gu erabil gaitzan utzi gabe.
Horregatik, agian, AAren aurrean ez genuke zer erantzunik emango digun galdetu behar, hobe galdera hau egitea:- zein izango da nire hurrengo galdera?
Hor hasten baita, oraindik ere, pentsamendua.
