Fito Rodriguez
Fito Rodriguez
Idazlea

Meloni eta neroni (hausnarketa antifaxistak Bertolt Brechten heriotza gogoan)

Gaztela aldean, euskal emakume gazte bati igerilekuan bularrak estaltzeko eskatu diote duela gutxi bere titiek bertan bildutakoak asaldatzen omen zituztelako, nahiz eta hori bertako arauetan debekatuta ez egon. Puritanismoaren eta intolerantziaren gerra hasi berri dago berriz ere.

Antzera gertatu zitzaion Thomas Mannen nobela batean protagonistaren alabari Italian, non, hondartzan larrugorritan ibiltzeagatik, zortzi urte besterik eduki ez arren, ingurukoen isekak entzun behar izan zituen. Kontakizun hori Thomas Mannen "Mario und der Zauberer" ("Mario eta magoa", 1930) nobelan agertzen da eta, garaikidea zuen Ignazio Siloneren "Fontamara" (1933) eleberriak bezala, orduko Italia protofaxistaren berri eman zigun. Izan ere, sasoi hartako Italia eta egungo Europako egoera politikoaren arteko paralelismo garrantzitsuak azaltzen dira bi testuetan, eta egokiak suertatzen zaizkigu gure oraina behar bezala aztertzeko. 

Faxismoa pil-pilean zela bi kontakizun horiek kaleratu zirenetik ia mende bat igaro ondoren, Europako eskuin populistaren proposamenek, Italian Giorgia Meloni buru dutela, gizarte beldurrari eta masa manipulazioari buruz zabaldutako galdera berdinak ekartzen dituzte gaur egun gurera. 

Bi eleberrietan intolerantziaren giroaz hitz egiten da faxismoaren haztegi gisa (Mannek harrotasun itsu bezain toxikoaz gaixotutako Italia deskribatzen du), buruzagi batek arrakasta izan dezan eszenatoki ezin hobea dena. Hori posible izan zen erresistentzia faltsuan oinarritutako nahimenaren paralisiaren bidez, zeinak, helburu politiko aktiboak proposatu beharrean, xede bakarra zerbait «nahi ez izatea» izan baitzuen. 

Mannek iradoki zuen pasibotasun intelektualak eta uste sendorik ezak mendetasuna errazten zutela eta askatasunaren galera zekartzatela. 

Aipatu eleberri bietan agertzen da langile klase umiliatu eta engainatua, iraintzen dutenean esnatu beharra duena. Azkenean, narratzaileek indarkeriazko matxinada askapen gisa defendatzen dute. Mannek planteatzen du erakundeek eta borondateak huts egiten dutenean, giza duintasunaren erreakzio bortitzak bakarrik geldiaraz dezakeela gobernuaren tirania. 

Ildo beretik, baina beste biak baino beranduxeago, argitaratu zen duela 70 urte zendutako Bertolt Brechten "Der aufhaltsame Aufstieg des Arturo Ui" ("Arturo Uiren gorakada geldiezina", 1941), non Hitlerrek boterera egindako bidea Chicagoko gangsterren film bat balitz bezala kontatzen den. Aurretik Mannek egin modura, Brechtek fartsa groteskoa erabili zuen faxismoari «solemnitate» mozorroa kentzeko eta lider autoritarioak ikuskizun anker bezain faltsuen sortzaileak direla erakusteko. 

Ignazio Siloneren "Fontamara" eleberria ere antifaxismoaren funtsezko kontakizuna daukagu, zeinean Mussoliniren erregimeneko nekazari pobre batzuek bizitutako zapalkuntza agertzen den. Mario bezala –Mannen “Mario und der Zauberer” eleberriko protagonista–, Siloneren pertsonaiak ere, agintarien aldetik etengabeko engainuak jasaten dituztenez, erabateko etsipenak matxinada tragiko baina beharrezko batera bultzatuko ditu. 

Duela ia mende bateko proposamen literario horietan guztietan beldur eta antsietate kolektiboaren ustiaketaz, zauritutako izaeraz eta krisi ekonomikoaz hitz egiten zen. 

Orain, eskuin muturreko indarren gorakada gaur egungo egiturazko krisiez elikatzen da, hala nola, inflazioa, lan-prekaritatea, desindustrializazioa, globalizazioaren eta etorkinen aurrean «lehentasun nazionala» galtzeko beldurra. Migrazioan oinarritutako balizko «kanpoko etsaia» sortzea funtsezko elementua izan da beti faxismoa eta xenofobia elikatzeko. 

Gaurko eskuinaren diskurtsoak (Italiako hegalik erradikalena edo antzeko alderdiak Espainian, Frantzian eta Alemanian) aktiboki sustatzen du «gu haien aurka» kontaketa, Euskal Herritik Laredo aldera begiratzea besterik ez dago horretaz konturatzeko. Horren aurrean, «ikuskizun» politikoa sortuko da, non eskuineko lidergo berriak nabarmentzen diren antzerkigintza mediatikoa eta digitala maisuki erabiltzeagatik. Sare sozialak arazo konplexuak sinplifikatzeko, oinarrizko emozioetara zuzenean jotzeko («sena burua baino lehen») eta eliteak herri xehearen salbatzaile gisa aurkezteko erabiltzen dituzte. 

Mannek eta Brechtek deskribatu zuten gauzarik arriskutsuena zera izan zen, jende arruntak nola onartu zuen askatasunen galera pixkanaka eta pasiboki segurtasunaren mesedetan. Gaur egun, berriro ere, ildo horretatik doa eskuin muturreko diskurtsoaren normalizazioa, mainstreaming bilakatzea helburu hartuta. Duela hogei urte Europan marjinalak edo tabuak ziren ideiak gaur eguneroko eztabaida politikoaren parte dira eta alderdi kontserbadore tradizionalek ere hartzen dituzte gaitzat, bai gaitza gero... 

Mann, Brecht eta Silonek gogorarazten digute gizarteak ez direla gauetik goizera faxismoan erortzen, eguneroko abusu txikiak onartuz egiten dute aurrera bide horretan. Herritarrak apatian, zinismoan eta izuan amiltzean, edo erabakitzeko eskubidea, diskurtso sinplisten bidez, «lasaitasunean» erortzen denean, egoera askatasunen higadurarako prest geratuko da eta faxismoaren atarian jarriko gara, gaur atzo bezala.

Bilatu