Fito Rodriguez
Fito Rodriguez
Idazlea

Ohiko politikariek iraganera itzultzea besterik ez dute nahi

Politika modernoa bukatuta dago. Hobe da lanean hastea Lurra belaunaldi honetan bertan bukatzen ikustea nahi ez badugu. Hauxe da mezua: ekologistak modernoen aurka, eta modernoek ez dute arrazoirik.

Dagoeneko arriskuaren tamaina ez da zalantzan jartzeko garaia, ezta politika egiteko sasoia ere, ohiko ikuspegi modernotik behintzat. Frantzian txaleko horixkek erakutsi moduan, eta eguneroko ikusten ditugun akatsak dituen ordena pospolitiko berrian, herritarrak bere botereari berriro heldu behar dio Lur errealari begira, haren norabidea hartu bertan sustraiak lurreratu eta aldatzeko, beste mundu bat posible baita baina, halaber, Mundu hau amaitu egiten ari baita.

Ikuspegi apokaliptiko baina erreala da, boteretsuen hipokrisiak bere ihesbide neurrigabean erakusten diguna, baita bizitzea tokatu zaigun arriskuaren ukapenean askatzen duenak ere. Ahal dela, aldendu pentsatzen duenak egiten saiatzen da, alegia, eliteek ihes egiten dute (ez dut erregea gogoratu nahi...). Gaur egungo egoeran bioteknologia, adimen artifiziala, hiper modernismoa eta prospekzio espaziala nahastuz gero, batzuentzat mundu partikular mugatu bat eraikitzea eta bideratzea ez litzateke gehiegizkoa izango. Gizakien ondoko leku bat bilatzen dute boteretsuek, pobreek askatu gabe beren burua ezkutatzeko eta haien mehatxutik babesteko.

1930eko hamarkadako faxismoak eraldatze-ideologia eta -proiektu agerikoa zituen, eta horretatik badago zerbait negatibismoaren kontsignen atzean. Orduko eta oraingo politika erreakzionarioen artean,berriz, alde handia dago: oraingo politika hauek ihesbide bat besterik ez dira eliteak hipermodernitaterako bidean edozein arrisku izatetik askatzeko. Benetako demokraziarik eza, bai eskuinean, bai ezkerrean, postpolitikoak ez du sinesten mundu errealean, eta, beraz, utzi egiten ditu bere funtzioak balizko mundu birtualean populismoaren esku.

Akats politiko handia ekologismoa eta sozialismoa bereiztea izan da, zergatik? Ekologia eta justizia soziala gauza bera direlako. Gaur egungo migrazioa eta gure gurasoek bizi izan zutena guztiz desberdinak dira.

Lehenik, oraingoa masiboa delako; bigarrenik, klima-aldaketak eragiten duelako; eta, hirugarrenik, jendea inora erortzen delako, oinpean lurrik gabe, bizitzeko lurrik gabe.

Historian aldaketa klimatiko txiki batzuk izan dira, bai, baina gaur egun jasaten dugunak ez du aurrekaririk: gizakiak Lurra basamortu bihurtu du jada.

Planetaren etorkizuna berreskuratzeko, berriz, Lurraren eredu erreala bezain konplexua ere berreskuratu beharra dago. Kontua ez da beste mundu berri bat aurkitzea, baizik eta gure azpian lurra aurkitzea. Eta horixe egiten ari dira ekologistak eta bizimodu, elikadura eta portaera berri bat praktikatzen duten milioika gazte berrezarpen horretan datza.

Izan ere, modernitatea bukatuta dago jada, eta ohiko politikariek iraganera itzultzea besterik ez dute nahi.

Bilatu