Fito Rodriguez
Fito Rodriguez
Idazlea

Portutik etxera

Agian Gladysen betaurrekoez ez da inor gogoratuko hemendik aurrera baina Gladysen oroitzapena gizartean dago, jada ezabaezina.

Duela 43 urte Gladys hil zuten eta gertaera malapartutako horren berri emateko, orduan egiten zen modura, bere aurpegia erakusten zituzten pegatinak atera genituen salaketa zabaltzeko. Betaurrekorik gabe plazaratu genuen pegatinetako aurpegia (NAren argazkia baitzen) eta Sabino Ormazabalek aurreratu ziguna suertatu da honezkero, alegia, jendeak gogoan duen Gladys horrek, pegatinakoa eta afitxetakoa, dagoeneko ez du betaurrekorik erabiltzen eta, jakina, ez du inoiz gehiago erabiliko.

Orain Gladysi buruzko filma eta memoria erregistroak kaleratu badira ere, ildo beretik, ezin izango dute gertakizun historiko horren inguruko informazio guztia eman, noski, baina historia guztietan bezala, dena ezin dela kontatu jakin beharra dago. Kontatutakoa baino gehiago badagoela, beraz.

Mikel Asurmendik berriki plazaratutako "Kalaportutik Iurretara" liburuan memoria eta historiari buruzko pasarte harrigarria agertzen da zeinean (Sarrionaindia irakurriz) «insilioaz» hitz egiten digun, hau da, «barru espazio bat non, bizirik irauteko bizitutakoa gordetzen den», Sarrionaindiaren kasuan, bada (Mikel Asurmendik eginiko irakurketaren arabera betiere), exilioa bera izaten da insilioa.

Ildo beretik, insilioa omen da Patziku Perurenarentzat mezu emankorrena memoria, literatura eta historiaren uztarketa ulertu ahal izateko. Izan ere, orainaldia historia da jadanik. Europan inori ez zaio ezer axola besteari gertatzen zaionaz. Horixe da Mendebaldearen funtsa: denok harroputzak izatea, historia ahaztea eta, bide beretik, gizabanako europar on bihurtzea.

Bizitza ikaragarri beldurgarria da, gizarteak noizean behin aldarrikatzen du bere lilura naturala gaizkiarekin eta, orduan, gizakia bera suntsitu egin behar du. Ez dago sortzailerik, gizaki izeneko hezur-haragizko izaki xaloa besterik ez dago eta, edozein arrazoirengatik, beste gizaki batzuk gertuko gizaki hura bera hiltzera behartuak sentitzen direnak. Mendeak eta mendekuak osatzen dute historia. Alde batetik esan dezakegu, demagun: inor ez da Ukrainako gerraz gogoratuko hemendik gutxira.

Edo, alderantziz, Heinrich Schliemannek frogatu zuenez, Troiako gerra benetako gertaera historikoa izan zela. Homerok hura gertatu eta bostehun urtera idatzi zuen berari buruz. Eta gaur egun ere, oraindik, horri buruz ari gara askotan. Gauza bera gertatuko da gaur egungoarekin, ez da gertatuko begiak ireki eta ixtearen mugimenduz ezer desagertuko denik, aitzitik, orainaldia eta iragan guzti horrekin jo eta jo aritu behar izango dugu aurrerantzean ere, grekoei eta troiatarrei gertatu zitzaien bezala. Gustatu ala ez.

Agian Gladysen betaurrekoez ez da inor gogoratuko hemendik aurrera baina Gladysen oroitzapena gizartean dago, jada ezabaezina. Litekeena da bere memoria finkatzeko gizarteratze bidean gauza esanguratsu asko baztertu behar izatea baina haiek denak norberaren insilioan geratuko dira eta, Troiako gerraren antzera, Homeroren batek, itsu-itsuan, kontatuko digu egunen batean etxeratzeko orduan, porturatzeko sasoian.

Bilatu