Fito Rodriguez
Fito Rodriguez
Idazlea

Rodolfo Aresen Agurra dela-eta

Pedro Sanchez, Espainiako Gobernuko presidenteak, PSEko idazkari nagusiak eta lehendakari sozialista ohia den Patxi Lópezek, Rodolfo Aresen omendu berri dute, eta horrekin batera, Euskadi «ezin izango litzatekeela ulertu berak egindakoa gogoratu gabe» azaldu dute. Egia da.

Dagoeneko hamar urte igaro dira Jon Anza desagertu zenetik. Hilotza 2010eko martxoaren 11n agertu zen Okzitaniako Tolosako gorputegian. Hamaika hilabete desagerturik egon omen zen poliziek eta ikerketa judizialek horren erraz aurkitu behar zuten lekuan. Baina, harrigarriro, ez zen hala izan.

Orduko Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo sailburu zen Rodolfo Aresek «Non dago Jon?» eslogana zuen manifestazioa deitu zutenak salatu zituen Auzitegi Nazionalaren aurrean, bertan «Polizia torturatzaile eta hiltzaile» zela zioen hitzak zabaldu zituztelako.

Espainiako Gobernuaren orduko ordezkariak Euskal Autonomia Erkidegoan, Mikel Cabiecesek (PSOE), adierazi zuen Jon desagertzea gertaera anekdotikoa besterik ez zela, ez zuela arretarik merezi, alegia. Hark, 2012an kargua utzi zuenean, irregularki kontratu zuen Kutxabankek, «egindako zerbitzuengatik», Mario Fernándezen orduko presidentearen arabera adierazi moduan.

Gaur, hamar urte geroago, eta Eusko Jaurlaritzak sustatutako Estatuaren Biktimen Legearen arabera, EAJren eta PSOEren ezinbesteko laguntzarekin, Jon Anza ez da biktimatzat hartzen bi arrazoi tarteko, lehenik eta behin, Jon ETAko militantea zelako eta, horrenbestez, poliziaren gehiegikerietatik kanpo geratzen delako haien memorietan (beraientzat gertaera haiek anekdotikoa besterik ez dira eta ez dute arretarik merezi, alegia...). Bigarrenik, ikerkuntzan irregulartasunak egon arren, mota honetako beste hainbatetan bezala, ebazpen judizialak beste edozeinen gainetik gailentzen baitira egun memoriarako indarrean dagoen akordio politikoaren arabera.

Horrela eraiki nahi digute oroimena. Batzuei omenaldiak eginez eta beste batzuei ahanzturara kondenatuz.

Ezin esan justiziazkoa denik.

Baina, halere, Jon Anzarik gabe, Rodolfo Aresik gabe bezain beste, Euskal Herria «ezin izango litzatekeela ulertu beraiek egindakoa gogoratu ezean»... hor dago koxka, hor nire kezka eta, bitan, partekatutako balizko egia.

Bilatu