0 iruzkin

Saiatu

 

Saiatuk haztatu edota probatu esan nahi du (ez frogatu). Ez da, beraz, monografia, testu didaktikoa edo tratatua.Eguneroko bizitzak edonori etengabe eskatu ohi zaion iritzi duina idatziz finkatzea dugu entseguaren funtsa. Saiakera sortzailea behar baitu izan, ez jakintzaren metaketa antzua.

Literaturaren historian Michel Montaigne (1533-1592) izendatu ohi da saiakeragintzaren aitzindaria eta, ildo horretatik, XVI. mendearen bukaeran hedatutako kultur giroan kokatu beharra dago literatura genero horren abiapuntua.

Egia da saiakeraren literatura ez zuela Montaignek bakarrik hasi. Ildo horretatik, adibidez, idatzi zuen John Lockek bere Giza adimenari buruzko entseiua(Klasikoak, A.Gabikagogeaskoa, I eta II, 1999). Egia dugu, halaber, entsegugile adina saiakera mota badagoela. Ezin dira alderatu, esaterako, erortzear zegoen Austria-hugriar inperioko Vienaren berri eman zigun Kral Krausen izkribuak eta Alejandro Magnoren garaiko Sexto Enpirikoren zirriborroak, baina, historia nahiz kultur desberdintasunen gainetik, antzerako idazkera esparruari antzematen zaio haietan guztietan, arlo berezituren bat non literatura eta gogamena elkartu egin ohi diren: Saiakera.

 

Aipatu guztiek, bakoitzaren sasoian gaurkotasuna zuen kultur gai jakin bati heldu nahi izan zioten norberaren eskarmentutik abiaturik eta liburuen erreferentzietatik harago. Ahalegin horretan, ordea, beren buruak ere, iheskor bezain aldagaiak, ezagutarazten joan ziren. Saiakerak ez baitu azalpen sistematikorik eskatzen idazkeraren bidez gogamenari bidea ematea baizik. Arazo jakin bati buruzko digresio dugu beste edozer baino gehiago, ez hurbilpen zientifiko edo filosofiko hertsirik. Saiakera da, jakin gabe, eguneroko bizitzak ekartzen dizkigun enbarazuen aitzina hartzen dugu jarrera intelektuala, baina, izkiribaturik azalduta. Ez dugu liburutegien premiarik entseguak idazteko. Horretarako gogoa besterik ez baitu behar, eta gogamena, bada.

Saioa iritzi duina dela aipatu ohi da zeren eta "duintasun" kontzeptuaren atzeak grekozko dokein (itxura) eta doxa (iritzia) batu egiten baititu. Hau da, iritzia emateko euskarria (literaturan erabilitako hizkera, alegia) itxurazkoa izan behar duen hein berean, irizpidea plazaratzeko kemena ere funtsezkoa da. Aburu polemikoek eta berezko usteak ditugu saiakera egokien oinarria eta, egia esanda, hori egunero ogia daukagu gure gizartean. Edozein gizataldean, edonon, edonork egiten duena.

Hori dena literaturan...eta Politikan?

Berdin. Edozer gauza frogatzeko probatu beharra baitago, haztatu, alegia...

Polemikari beldurrik ez, kemena erakutsi eta egoera berrietan irtenbide berriak plazaratzeko gaitasuna izan.

Horixe bera gertatzen ari da Espainiako Gobernua osatzeko sasoi honetan...eta saiakera berrien garaia etorri dela uste dut.

/
azken post-ak
azken iruzkinak