Fito Rodriguez
Fito Rodriguez
Idazlea

Sukaldaritzaz, zinemaz eta herritartasunaz

Donostian, goi mailako gastronomia-zentro baten proiektuaren eta, haren inposaketa dela medio, gertuko herritarrek azaldutako kontrako iritziaren artean agertzen ari den dibortzioari buruz gogoeta batzuk datozkit burura, eta, agian, interesgarriak izango direlakoan, hona ekartzera ausartuko naiz.

Has gaitezen erreferentzia zinematografiko batetik, Donostian eta garai honetan ia saihestezina baita.

"The cook, the thief, his wife & her lover", Peter Greenaway-ek 1989an zuzendutako filma da ("Sukaldaria, lapurra, emaztea eta bere maitalea") eta horrela labur daiteke: Albertek, luxuzko jatetxe baten jabeak, gauero tiranizatzen ditu emaztea eta langileak. Emaztea berriz, Giorgina izenekoa, sukaldariaren jakien dastamenak bultzatuta, ohiko bezero batekin maiteminduko da. Handik aurrera Alberten diktadura kolokan geratuko da eta ihesaldi, krimen baita muturreko mendeku bati ere bide emango zaio. Urte hartako Sitgeseko Zinemaldian (1989) lau sari lortu zituen, zuzendari onenarena eta aktore onenarena barne. Aipatu filma modernitatearen eta kapitalismoaren egungo fasearen arteko errotiko dibortzioari buruzko alegoria ikaragarria da.

Izan ere, modernitateak, hasieratik politika gizaki guztien eta guztientzat izateko aukera eraginkorra landu zuen. Eraikuntza historiko hori klase eta gizarte-talde desberdinetako kultura-sorkuntzen elkarlanean oinarritu behar izan zen. Horrela, herriko gizakiek eta eliteetako eragileek parte hartu zituzten ekintza konbergente eta berdinzaleen emaitzak izan zitezkeen uneak eta lekuak erregistratzeko beharrarekin topo egin genuen. Ildo beretik, konbergentzia kulturalaren nozioa definituz joan da, eta hura gertatu zen espazio fisikoak, sinbolikoak eta intelektualak identifikatzen saiatu izan gara. Leku horiek itsasoetako zenbait eremuen antzekoak dira, non korronte beroak ur hotzekin kontaktuan jartzen diren eta espezie bizien ugaritze harrigarri bat gertatzen den. Konbergentzia kulturalaren esparruak elkarrekin bizi diren lan harrigarrien kontinenteak dira. Sukaldea leku pribilegiatu horietako bat da, giza existentzia zentzu guztietan kultura transmititzeko moduko zerbait bihurtu ohi duena, intimitate- eta berezkotasun-mailarekin, gainera, bertan sortutako «nahasketak» benetan galezinak bihurtzen dituena.

Jose Emilio Burucuak edo Robert Darntonek kultura-historiaren arloan egindako ekarpenek leku horien garrantzia azpimarratzen digute (melting pot deritzanak), hala nola, Errenazimendua eta Ilustrazioa sortzeko, herri-jakintzak eta eliteen ezagutzak elkartzen zituzten sukaldea bezalakoak, hau da, pribilegiorik eta desberdintasunik gabeko gizarte baterantz aurrera egitea ahalbidetzen zuen ideal modernoa gauzatu ahal izateko tokiak.

Kapitalismoak, ordea, leku komun horiek suntsitu eta erabateko espezializazio diskriminatzailea sortzen du. Adam Smith bezalako autore batek, 1776an argitaratutako Nazioen aberastasuna izeneko liburuan, jakin zuen espezializazioak ekoizpenaren aurrerapenerako zuen garrantziaz ohartzen. Idazle honen ustez, lanaren banaketa, lan-indarrak hainbat zeregin eta roletan espezializatzea da eraginkortasuna hobetzearen alde jotzea. Gaur egun, ordea, historiak eskaini digun ikuspegi kritikoa eduki badugu gehiegizko espezializaziotik sortu diren ondorio negatiboak baloratzeko.

Lehen alde negatibo bat, irakaskuntzan eta ikerketan, unean uneko eskaera ekonomiko, tekniko eta administratiboetara egokitzeko eta merkatuko azken metodo eta errezetekin estu batzeko presioekin lotuta dago. Historiak erakutsi du gehiegizko egokitzapena ez dela bizitasun seinale on bat izan, baizik eta zahartzearen eta heriotzaren iragarpen bat, asmatzeko eta sortzeko gaitasuna galtzen delako bidean. Asmamena eta sormena galtzeak, espezializazioaren gehiegikerien zeinu negatibo gisa, zuzeneko ondorioak ditu gizabanakoarengan, hain zuzen ere. Diziplina bateko prestakuntzak mekaniko bihurtzen ditu diziplina hori ezaugarritzen duten prozeduretako asko, eta, horren ondorioz, espezialistak mekanizatu dituen trebetasunetatik haratago doazen eta diziplina hori garatzeko ezinbestekoak izan daitezkeen alderdiak hautemateko gaitasuna galtzeko arriskua dago. Arazo hau azpimarratzeko, ingeniaritzan adibidez, Arnold Paceyk (1990) «tunel ikuspegia» esamoldea erabiltzen du. Espezialistek jasotzen duten prestakuntzaren ondorioz, profesionalek eta zientzialariek aurre egin behar dieten arazoen irismena murrizten da. Esate baterako, ingeniaritzaren alorreko adituek, askotan, beren ikuspegia murrizteko joera izaten dute honako gai hauetan.

Espezializazioaren fenomenoari buruzko gogoeta filosofikoak alde batera utzirik, arazo teknikoekin, egungo teknologiaren gaitasun izugarriek beti «irtenbide egoki» batera eraman gaitzaketela pentsatzeko joera dago gizartearen iritzia baztertuz, Donostiako kasu honetan bezala.
Ikuspegi hori hainbat arazotara hedatzen da: segurtasun militarra, kutsadura, gaixotasunak sendatzea (Pandemiaren inguruan sortutako liskarrak gogoratu behar genituzke..., etab.).

Gizartean dituen ondorioei dagokienez, espezializazioak, pertsona batek zeregin gutxi batzuetarako duen gaitasuna handitzeak, beste zeregin batzuetarako gaitasuna galtzea ere badakar. Zentzu horretan, gizarte primitiboagoekin alderatuz gero, beste batzuen, espezialisten mende alegia, gauden gizarte batean bizi gara, iraganeko gizarte haietan baino askoz gehiago.

Gainera, gehiegizko espezializazioak apatia politiko orokorra sortzeko aukera dauka, herritarrak funtsezko erabaki politikoak oinarritzen dituen eta horiek hartu ondoren legitimatzen dituen ezagutzatik aldentzen baititu. Jakina, kontua ez da espezializazio zientifikoa ezabatzea, baizik eta ezagutza zientifikoa gainerako gizartearekin kulturalki lotuta egotea. Neurri handi batean zientziaren mende dagoen gizarte batean, biztanleriaren ahalik eta ehuneko handienak zientziaren ulermen orokorra izatea bultzatu behar da baita parte-hartze politikoa ere. Ordainetan, zientzia-espezialistek zientifikoki prestatuta egoteaz gain, kultura orokor zabala izan behar dutelakoan nago, gainerako gizakiekin komunikatzea lor dezaten eta haien behar eta jarrerekiko sentikorrak izan daitezen.

Historikoki tabernak eta sukaldaritzak lagundu dute mota desberdinetako jakintzak eta ezagutzak batzen, ideiak elkartrukatzen (melting pot izan ohi baitira) eta modernitateren iruditeriari bidea emanez lagundu dute. Oraingo honetan, berriz, Gros-Manteoko zentro gastronomikoaren egitasmo inposatuak elkarren kontra jarri dituen arren, herritarron iritziak eta ekarpenak baztertzea ez da ona izango.

Arestian aipatu filmean bezala, dibortzioa dator gurean ere eta Albert gastronomoaren diktadura kolokan jartzeko garaia heldu da, ene ustez.

Bilatu