Fito Rodriguez
Fito Rodriguez
Idazlea

Susmo txarregia, sarri egia

Horrela dio, behintzat, herritarron jakituriak baita euskal atsotitzak ere, eta, bide batez, Donald Trumpen aurkako ustezko atentatuak, beste behin, gaizki pentsatzera eta haren ingurukoez susmo txarra izatera garamatza.

Gainera, Donald Trumpek jasotako hirugarren atentatua da, 2024ko uztailean Pennsylvaniako mitin batean frankotiratzaile batek tiro egin eta urte bereko irailean Floridako golf zelai batean gizon armatu bat atxilotu ondoren.

Aditu batzuen arabera, Trumpek Pennsylvanian izandako atentatuari zor dio presidentzia; izan ere, haren irudia, odola zeriola, ukabila goratuta, eta uko eginez oholtza uzteari, baita ondorengo hitzak: «Hil nintekeen, baina Jainkoak salbatu ninduen nik AEB salbatu ahal izateko...». orduan behar zituen botoak jasotzeko akuilu bihurtu ziren dudarik gabe. Hala eta guztiz, oraingo honetan, jokaldi propagandistiko bera errepikatu nahi izan al du, ala, hori esatean, konspirazioen eremuan eroriko al gara?

Egia esateko, pentsamendu modernoa susmatu beharrarekin lotuta dago, zalantzarik gabe. Marxek erakutsi zigun onura kapitalistaren azpian langileari kendutako gainbalioa ezkutatua zegoela, Freudek susmatzen zuen ametsen azpian psikoanalisiaren bidez ikertua izan zitekeen inkontzientea ezkutatzen zela, eta Nietzschek, esaterako, erabiltzen zuen hizkuntzari berari buruzko susmoetan oinarrituta eraiki zuen gogamena. Susmatzeko beharra, beraz, gure pentsamoldearen funtsezko parte ere bada.

Egiantzaren ilunabarreko garaiotan bizi gara baina, zerbait susmagarria bada, izatekotan, botereak emandako berrien bertsio ofizialak ditugu. Boterea baita, berez, beti susmagarria dena.

Jakin badakigu, usu, zerbait usaintzen denean, ez dela alferrik izaten eta, bada, sua dagoenean, kea ageriko dela.

Bilatu